Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 3,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Herriari buruzko artikuluak »  'Kontua da' »  2004

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

2004

Imanol Elias

Elizkaletik erdikalerako pasabide estalia (2004ko urtarrila, 47. zenbakia)

Era guztietako iritziak sortu dira herritarren artean Eliz kaletik Erdi kalerako pasabidea dela eta: oraingo etxea bota eta beste bat altxatzean pasabidea galdu edo ez. Ez da oraingo kontua horri buruz iritziak sortzea. Baina noiztik da toki horretan pasabidea?

Jose Urbistondo zen etxearen jabea 1908. urtean eta obrak egin nahi izan zituenean, he-rriko agintariek pasabidea ez ixteko eskatu zioten, betidanik errespetatu zutelako etxe horretakoek, garbi adieraziz haren antzinatasuna. Obrak egitean, ordea, bere jabeak ixtea nahi zuen, aurretik herrian betirako beste pasabide batzuk itxi ziren bezala, Santiago kaletik Eliz kalearekin bat egiten zuena Isisti etxearen az-pitik eta Erdi kaleak bat egiten zuena Akutai-nen etxe azpitik.

Herriko agintariak jarri ziren Urbistondorekin harremanetan 1908an, eta honek errenta eskatu zuen pasabideak zabalik jarraitu behar bazuen: urtean 75 pezeta edo behingoz 2.500 pezeta. Agintariek ez zuten onartu urriaren 28ko udalbatzarrean. Benetan gaizki hartu zu-en erabakia etxejabeak; idatzi bat aurkeztu zion Udalari, jakinaraziz ez zitzaiola sekula eskatu inolako ordainketa gabe pasabidea zabalik edukitzea eta errenta proposamen hori egin zuela berekin harremanetan jarritako agintariek bultzatuta. Erabakia hartzean idatzitako aktari, hori bera eranstea eskatu zuen.

Beste era bateko arrazoiak ere agertu zituen Urbistondok gero, adieraziz herriak inolako es-kubiderik ez zuela pasabidearekin, berekin harremana izan zuten agintariekin eztabaidak izan zituela, zabalean zer neurritakoa izan behar zuen erabakitzeko... Adierazi zuen azkenean pasabideak zabalik jarraituko zuela, baina bere borondatez eta ez herriak eskubideak zituelako beregain.

Ondorengo berririk ez dugu aurkitu, baina egia zera da: urteetan zabalik izan dela pasabidea. Gero, gerokoak...

Juan antxieta lehiaketaren 25. edizioa (2004ko otsaila, 48. zenbakia)

Gipuzkoa Donostia Kutxak, 1979ko otsailean Antxieta etxea kultur ekintzetarako ire-ki zuen eta arduradun bezala argazki lehiaketa bat antolatzea otu zitzaidan. Baina ohiko lehiaketen desberdina: erreportaje girokoa eta protagonista nagusia Azpeitiaren historian agertzen zen zezena zela, gaur egun aparteko egunetan kaleratzen den sokamuturra. Ez dago esan beharrik nolako zailtasunak dituen gaiak argazkilarientzat: mugimenduan da ze-zena, jendearen ihesa gutxien uste denean, eguraldia... Argazkilaria makina prestatzeko erosotasunik gabe, toki egokienak aukeratu nahian une onenak jasotzeko. Zailtasunak aurkitu behar eta bai horrela egin ere.

Lehen lehiaketa 1980. urteko San Sebastian egunean egin zen, baina gero Inauterietan; argazkilariek hiru egunez aukera gehiago izanik. 25. edizioa ospatuko da aurten eta esan, Kutxak antolatutako ekintza honek egin duen bide luzean, sekulako zerikusia duela Azpei-tiko Argazki Elkarteak, horko kideak izan direlako urteetan partaide nagusi. Haien ausardia izan da oinarria, urtea joan eta etorri. Kanpoko argazkilariak ere izan dira eta, gainera, noizbait sariak ere lortu dituzte; baina Elkartekoek erakutsi dute mailarik handiena, dudarik gabe.

Lehiaketara aurkeztutako argazkiekin osatutako erakusketak izan dira beti Antxietan ikusle gehien izan dutenak. Baina lehiaketaren urte horietan lortu den gauzarik garrantzitsuena, sokamuturrari buruzko sekulako altxorra da, urtero egin diren erakusketetan aurkeztu diren argazkiez gain, beste asko eta asko gelditu direlako argazkilarien esku edo ezkutuan, herriaren historia zati bat jasoz. Orain garrantzi handiegia ez duena seguruenik, baina urteak igaro ahala garrantzia izango dutenak.

Kutxaren nahia datorren urtean sarituak izan diren lan guztiekin erakusketa berezia egitea da. Eta dei berri bat egina da, otsailaren 22, 23 eta 24rako.

Elkarren arteko harremanak (2004ko martxoa, 49. zenbakia)

Zoritxarrez albiste ugari eta garratzak iristen zaizkigu gizon eta emakumeen arteko harremanei buruz, gehienean azken horiek izanik kaltetuenak. Hori ez da, ordea, azkenaldian sortutako gaitza, eta herriko historian aurki ditzakegu zenbait datu gaiari buruz. Horrela, 1658an Maria Nikolas de Etxeberriak bere senarrari zauri eta txatu txarragatik jarritako auzia aurki dezakegu.

Maria Bentura de Zigaranek bere senar Inazio de Zelaiaranen aurka jarriko zuen auzia, zauriak eta tratu txarraz gain, elkarren arteko ondasun guztiak xahutzeagatik. Udalak jarriko zion auzia Antonio Etxegarairi 1700. urtean, mehatxuak egiten baitzizkion bere emazteari zein beste herritar batzuei zeloak zituela gaitzat. Berdin jokatuko zuen Udalak Juan de Ugarterekin ere, bere emazteari tratu txarrak ematen ahalegintzeaz gain herrian eskandalu bihurtu baitzen.

Auzi bat jarriko zitzaion 1725ean Inazio de Bereziartuari, San Inazio gauean makila batez jo baitzuen Maria Ana de Larraar.

.1820an Jose Antonio Apazetegiri herriak jarriko zion auzia, emazteari tratu txarrak emateagatik, baina zerbait esateko asmoz hurbildu zitzaion alguazila ere jo zuela kontuan izanik.

Ez zen nolanahikoa Martin Odriozola Gautxori, ofizioz jostuna. Hiru auzi zituen bere bizkar 1684an. Haietako bat, herriko alguazilari tratu txarrak emateagatik. Beste biak, berriz, bi emakume zauritzeagatik.

.1676an gai ezberdin bat zen auzitan, Inazio de Odriozola eta Graziana de Goikoetxeak, Katalina de Ibarraren aitaginarreba eta izebak, pozointzen ahalegindu zirela zabaldu baitzen herrian.

Ezaugarri bakar batzuk besterik ez dira aipatzen hemen, Gautxori bat besterik ez dugu aurkitu historian, baina gaur egun gure kaleetan gautxori bat baino gehiago dago.

Traka-traka eta ospa (2004ko apirila, 50. zenbakia)

Etengabean iristen dira emakumeen bortxaketei buruzko albisteak, baina ez da inola ere gaurko bekatua; herriko historian aurki daitezke ezaugarriak.

Salbador Zuola, Joan de San Roman eta Gregorio de Igartza aurkitzen ditugu 1586an, beraien informazioa ematen Felipe Martinez de Uranga jaunaren alaba Maria bortxatua izan ondoren. Inazio Arzalluz beste auzi bat jartzen 1678an, Joan Bautista de Erkiziaren aurka, bere alaba Serafinaren bortxaketa salatuz. Munategi baserrian neskametzan egondako Katalina de Alberdi 1694an, beste auzi bat jartzen bertako nagusi Frantzisko Etxeberriaren aurka, bortxatu zuenez. Eta urte hartan bertan, Etxearreta baserriko Bautista Errazti, bere alaba Ana bortxatu zuela esanez Asteasuko Martin de Ilarreta harginak.

Zerrenda luzea osa daiteke herriko historia zerbait aztertuz. Hemen beste batzuk. Beraien artean Juanes de Etxeberriak jarritako auzia 1715ean, Jose Egigurenen aurka, bere alaba Ageda bortxatua izatean. Luis Etxeberriak 1718an, Inazio de Bikuņaren aurka bere alaba Madalena bortxatzean. Manuela de Zabalak jarritakoa frantziar Juan de Sansott deiturikoaren aurka 1731ean.

.1740an Klara Sagarzazu agertzen da, Antonio Larraņaga, Tomas de Arzuaga eta Inazio Altunaren aurka auzia jartzen, baina gai ezberdina erabiliz horretarako: gizonezkoak bere gelan sartu omen ziren, baimenik gabe, bere dontzeilatasuna irainduz. Eta azkenerako utzi dugu Josefa Joakina

Aranak 1807an jarritako auzia Inazio Agirreren aurka, delako traka-traka egiten zutela esanez, ezkontzeko hitza emana zutenez. Baina garaia iristean, ospa!

Herriaren ondarea (2004ko maiatza, 51. zenbakia)

Ondare handiak zituen Azpeitiko herriak bera sortu zenean, 1310. urtean. Batez ere, herritarrek erabiliko zituzten lurraldeak, agintariek administraturik ordea.

Baina lehen unetik sortu zitzaizkion gastuei aurre egiteko arazoak herriari. Batez ere, ibaiari bere bidea egokituz inguruan etxebizitzak eraikitzeko, harresiarekin guztia zeharkatzeko... eta beste hainbat gauzatarako izango zituzten arazoak. Beraz, zerbait saldu beharrean zegoen herria.

Ondorengo urteetan sekulako gerrateak sortuko ziren, eta derrigorrezkoa egingo zitzaion Gipuzkoaren mugak defenditzeko gudariak prestatzea, armak eta janariak erostea... eta ondareak saldu beharrean egon zen. Lurraldeak erosten ahalegintzen ziren herriko jauntxo eta sendirik indartsuenak, beraietan baserriak eraikiz, ondoren errentan jarri eta horrela lan handiegirik gabe aberastasuna pilatzen joateko.

.1850. urteko irailaren 16an, azpeitiar agintariek zerrenda bat sinatu zuten. Zerrenda hark garbi agertzen du zer-nolako ondarea gelditu zitzaion Azpeitiko herriari urteak igarotzean, bakoitzaren balioa eta sortzen zuen urteko errentaren berri ematen baitu.

Herriaren ondare guztiak 162.430 errealeko balorea osatzen zuten eta urtean 1.290 erreal osatzen zuten errenta lortzen zuen.

Zerrendaren amaieran agertzen zaigu honako ohar hau: herriaren gainontzeko lurralde txikiak eta gutxiak, 1821 eta 1822. urteetan eta 1823aren zati batean lapurtuak izan ziren, Udalak berak izendatu zituen ordezkarien aldetik lurraldeak saldu eta eskriturak egitean. Azken ostikada bada, herritarrak berak...

Itxaropenean (2004ko ekaina, 52. zenbakia)

Jose de Artetxe azpeitiar idazlea ardatz bihurtu zen Nazioarteko Liburu Egunean. Ardatz, trena duten eta ez duten herri eta biztanleen artean. Euskotrenek, Artetxek 1950ean argitaratutako Mi viaje diario lanaren edizio berria banatu baitzuen bezeroen artean. Ekintza txalogarria, bidaia eta kultura elkartzeko. Ez zuen seguruenik azpeitiar idazleak inoiz pentsatuko Urolaldean ibili eta bere herrira iristen zen trena galduko zenik, baina bere lanaren edizio berri bat kaleratu aurrez, behin baino gehiagotan bidaiatu zuen tren zaratatsu hark geldirik zeramatzan urteak.

Gaur egun bere herrian den Trenaren Museoa ikusteko aukera izanik, auskalo zer pentsa zezakeen. Hainbeste lokomotore eta bagoi geldirik... Lurrundun lokomotorea Azpeititik Lasaora bitartean dabiltza, Loiola aldera ezinezkoa egiten zaiolako joatea, baldin behintzat lantegi baten barnetik igaro ezik... Zeharo oker ez ba naiz, ez al zituzten lehen bidaiak egin trenak, museoa sortu ondoren, Loiola alderdi horretara? Edo, amets bat izan da nirea? Gauzak horrela, datozen bezala hartu behar. Trenaren ordez autobus luzeak ditugu Urolaldean; hau da, mi viaje diario hori nahi izanik egitea. Bitartean, andaluziar batek esan dezaken bezala *ir pa nā!* . Eskaintzen zaigun bidaia, trena umeek ikusteko.

Urola trenaren liburua aurkeztean 2002an Azpeitiko udaletxean, agindu zigun norbaitek —politikaria bera— trena izango zela oraindik Urolaldean, Zumaitik Azpeitira bitartean behintzat, txatarra garraiatzeko lehenik eta geroago, akaso, bidaiarientzat. Bi urte igaro dira, lehen urratsik egin den aztarnarik ez dugu eta askotan bezala politikarien hitz dotoreak haizeak eraman dituela pentsatzen hasiak gara. Itxaropena ez omen da galdu behar inoiz, ordea

Bada aldaketa parrokian (2004ko uztaila, 53. zenbakia)

Azpeitiko parrokian XVIII. mendean, datu hauek jaso ziren 1774. urtean Apezpikutzak eginiko txosten batean. 2.800 biztanlek egin zuten aitortza eta jaunartzea, eta 452 haurrak ziren. Hamalau urte geroago datuak erabat aldatu ziren, lehen datua 4.706ra iritsiz; 1.500 Urrestillako parrokikoak izanik.

Soreasuko parrokian, 121 haur bataiatu ziren 1764tik 1774ra bitartean, eta 25 ezkontza urteko.

Parrokiko batzarra erretoreak eta beste zazpi apaizek, bi kaperauk, sakristauak eta organistak osatzen zuten, eta beste zazpi kaperauren laguntza zuten jai handietan. Lau behintzat, Nikolas Saez de Elolak sortutako kaperau lanean ziren eta derrigorrezkoa zuten herrian bizitzea; beste hirurek ez.

Erretoretzarako lehentasuna zuten Canones teologian edo legeetan lizentziatuek edo doktoreek, eta bera parrokiko patroiak izendatzen zuen. Zazpi apaiz eta bi kaperau. Erretoreak bere ordezkaria eta sakristaua, eta azkenik batzarrak izendatuz organista.

Parrokian eta Urrestillakoan eskura zitezkeen fruituen erdiak, patroiak jasotzen zituela, beste erdiak geldituz batzarrarentzat.

Juan Fermin Gilisasti komisiodunak adierazi zuen hiru monasteriotan 20 konfesore zirela eta parrokiaren beharrei erantzuteko nahikoak zirela. Guztira 18 lagun herritarren zerbitzura!

Urteak igaro dira eta bai gauzak aldatu ere, nahiz eta biztanleriak gora egin. Mundua bera aldatu da nonbait, eta berarekin batera guztion pentsaera eta bizitza. Garai batean, sendiarentzat harrotasuna zen seme bat apaiz izatea; orain harrigarria da, ulertu ezinezkoa. Gu baino adituagoak ahaleginduko dira gertatzen denaren berri aztertzen, errua non dagoen aurkitzen, egin den bide luzea hausnartzen.

Martxa ezerezean (2004ko abuztua, 54. zenbakia)

Giro nahasia zen herrian 1933. urtean, herriko jaiak ospatzeko unea iritsi zenean. Aurreko urtearen amaieran 7.946 biztanle ziren Azpeitian, eta asko langabezian. Soldataz gain, janari beharrean zeudenez langileen sendi asko eta asko, Euskal Estatutua osatu nahi zen, euskarari beharrezko bultzada eman, Errepublika garaia zen...

Gauzak horrela, San Inazio bigarrenean Loiolan ospatu behar zen elizkizunerako, Sabino Arana eta Goiri jaunak sortutako Iņaki Deunaren martxa abestea erabaki zen elizkizuna amaitzean, baina azkenean oztopo batzuk zirela eta, ezerezean gelditu zen asmo hori. Eusko Jaurlaritzako herrialde lehendakaria zen Inosentxio Larraņagak kexa idatzi bat bidali zion Udalari eta beraren berri jakingo zuten agintariek abuztuaren 8ko udalbatzarrean.

Idatzian Larraņaga jaunak garbi agertzen zuen debekua apaizek eman zutela. Horrela, Euskal Herriari zioten gorrotoa agertu zuten eta euskara erabat zapaldu uten. Hala, honoko erabakiak hartzera derrigortu nahi zuen berak zuzentzen zuen herrialdeko batzordea:

  • 1. Euskarari ez ezik, abertzaleen sentimenduei eginiko neurri gabeko zapalketa salatzea.
    - 2. Agintariei eskatzea protestarekin bat egitea.
    - 3. Korporazioari erregutzea bertako kide bat izendatzea Apezpikutzarako protesta komisioan izan zedin.

Garbi zuten nonbait, agintariek nolatan jokatu behar zuten, eta udalbatzar berean hartuko zen erabakia aho batez, Eusko Jaurlaritzak eginiko eskaerari erantzuna emanez: bat egitea protesta horretan eta Udalak alkatea izendatzea komisioko kide izateko, Apezpikutzara protesta idatzia emateko.

Gure baserriak (2004ko urria, 55. zenbakia)

Amaitzen ez den lana du nekazariak eguneroko bizitzan, nahiz eta azkenaldian zerbait erraztu. Ahalegin guztiak egin ondoren, eguraldiak lagundu behar lanaren ordaina jasotzeko. Horrela bizi da beti nekazaria, eta gauzak aldatzea zail dela garbi ikusten da, baldin behintzat eguraldia geure nahietara ez dugun bitartean; zaila benetan. Ez da asmoa guztia konpontzeko sistema magikoa ematea, baina bai historian izan den baserrien berri zerbait adieraztea.

Kontuan izanik bere jatorria agertuz, abizentzat hartu ohi zutela herrietako biztanleek beraien baserriaren deitura, agiri zaharretan agertzen diren datuak Azpeitiko herria sortu aurrekoak dira. 1300. urtean, 120 baserri ziren gutxi gorabehera.

Deitura berriak agertzen dira 1394. urtean, Aita Santuak parrokiko erretoretzarako Pelegrin Gomez izendatu eta herritarrek ez onartzean, zenbait biztanle eskomikatzean, 138 pertsona agertu ziren zerrendan. Suaren aurka eginiko baserrien elkartea sortzean, berriz, 1541n, 185 baserriren izenak agertzen dira. Elkartea bera berritzean, berriz, 1694. urtean , 256 baserrik osatzen zuten zerrenda.

Gehitzen joan ziren baserriak Azpeitian azken urte horietan; batez ere, herria bere lurrak saldu beharrean aurkitu zenean zorrei aurre egiteko. Orduan jauntxoak ahalegindu ziren, beraien mesederako, baserri berriak eraiki eta errentan jartzen, askotan nekazariak urtean lor zezakeenaren erdia kobratuz.

Baina janaria izateko era bat zen nonbait; zail egiten zen baserria ez ezik sendia aurrera ateratzeko unea. Urteak geroago, 1830. urtean, 344 baserri-etxe ziren herrian, beraietan 464 sukalde zirela. Nahiko garbi agertzen zen baserri batzuetan sendi bakar bat baino gehiago bizi zirela gaur egun bezala.

Esker mila! (2004ko azaroa, 56. zenbakia)

Ahoz aho dabilen albistea da: Antxieta etxea itxi egingo dela. Horrela dirudi, eta azaroaren amaierarako, gainera. 1979ko otsailaren 10ean zabaldu zuen Kutxak, kultur ekintzetarako. 26 urte inguru egin ditu zabalik, eta denboraldi horretan bitarteko lanean aritu garenez, eskerrak eman beharrean aurkitzen gara. Eta ez lanpostua bertan izan dugulako, baizik eta, herritar bat gehiago bezala, Kutxak Antxieta etxearen bidez eskaini dizkiolako Azpeitiari eta Urolari kultur-ekintza ugari eta bereziak. Gaur egun Azpeitian nabarmentzen den arterako zaletasunak, zerbait zor dio Antxieta etxean eginiko lanari.

Ongi dakigu ekintza bat antolatzeak bere kostua duela, ezkutuan gelditzen dena seguruenik, eta Antxieta etxean Kutxaren aldetik aurrera eraman direnak ere ez direla izan hutsaren truke. Eskertzekoa da hark herriari ez ezik bailarari eskaini diona ia hogeita sei urtean. Kontuan izan behar da beste herri bat aukera zezakeela eskaintza berdina egiteko, baina kontua da Azpeitia aukeratu zuela. Mila esker!

Bitarteko lan horretan aurkitu dugu laguntzaile franko, herritarrak, animatu gaituztenak zenbait gauza aurrera eramaten ,eta haiek ere eskertzen ditugu bihotzez. Guztion artean egin dugulako posible hainbeste urtean Antxieta etxeari bizirik heltzea. Orain erabat aldatuko da Antxieta etxearen zerbitzua, guk dakigula behintzat. Kultur ekintzak alde batera utzi eta beste era batetako gizarte ekintza eskainiko da bertan. Bide berri bati ekingo dio.

Zerbait galtzea nahigabetsua da, eta, kultura tartean bada, gehiago. Hitzaldi aretoa isil eta ilun geldituko da, erakusketa aretoa zuri, beste toki baten beharrean herria... Irtenbide bat aurkituko dutelakoan, Kutxa eta lagundu diguten guztiei, esker mila!

Hartu edo lapurtu (2004ko abendua, 57. zenbakia)

Gaur egun, pertsonak bezala dute ganaduek euren nortasun agiria; guk patrikan, haiek belarritik zintzilik. Zenbait tokitan gure fitxa osatzen duten bezala, ganaduen berri ere jasotzen da. Nekazariak ganaduak zaintzen ditu, baina lapurreta bat baino gehiago ezagutu dira herriaren historian.

Inazio Goenagak salatu zituen Antonio Amenabar, Joan Iruin eta Ana Mari Arrizabalaga, ahari bat lapurtu ziotelako. Inazio Ulaziak berdin egin zuen Manuel Galarragak ardi bat lapurtzean. Dirudienez, ganadu gehiago zituzten bereganaturik Inazio Egibar eta Antonio Ibarbiak 1711n, beraien jabeak adierazi zutelako ahari bat eta arkumeak ostu zizkiotela. Atxumarria baserritik zazpi txerri lapurtu zizkion Antonio Kortak Jose Kerejetari. Lau urte geroago, berriz, arkumeak lapurtu zituzten Elormendiko bordatik. Matias Iparragirrek adierazi zuen 1773an tratu txarrak eman zizkiotela Fermin Larraņaga eta Madalena Ibarzabalek, ondoren ganaduak lapurtuz; inguruko baserrietan ere gauza bera egin zutela zioen.

Loiolan atxilotu zuten Manuel Apellaniz eibartarra, Zenarruzan lapurtutako ardiekin osatutako artaldea zuelako. 1830ean salaketa bat egin zuten Luis Altuna, Jose Odriozola eta Antonio Astiazaranek, Manuel Ugarte Atauntxe zenaren aurka, Erraztibaso inguruan behiak lapurtu zituelako. Urrutiratu gabe, Aratz-errekan, leporatu zitzaion Frantziskanen baratzatik ahari bat lapurtu zutenez, baina gehiago ere izanik tartean, ahari bera jateko egin zuten bazkarian parte hartu zutenez aipaturiko biek ez ezik, Gabriel Berrasoeta eta Pedro Arzalluzek. Hauek ziklo guztia bete zuten: lapurtu eta jan, gainera!

Eguberriak gertuan ditugula kontuan izanik, zorion eta bakea irakurle guztiei.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak