Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Herriari buruzko artikuluak »  'Kontua da' »  2003

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

2003

Imanol Elias

Sebastian donearen eguna (2003ko urtarrila, 36. zenbakia)

Indar berezia du herrian Sebastian donearen egunak eta bezperak. Agian orain be-zalako indarrik gabe, baina, Azpeitia herri denetik seguruenik, garrantzia izan du, gogoan izanik gaur egun parrokia dugun eliza —monastegia herria sortu aurretik—, bere izenekoa dela: Soreasuko Sebastian donea. Beranduago sortutako jaiak ditugu uztaileko herri jaiak, Loiolako Inazio donearen gogoan, 1609an hasitakoak bera beatifikatzean eta elizak santutzat hartutakoan indartuak. Azpeitiarrek, aurrez, Sebastian donearen eguna zuten herri jai handia, horrela aipatzen da, behin eta berriz, garaiko agiri zaharretan: herriko agintariak jai hau antolatzen ahalegintzen zirela. Ohitura zen ospakizunetan zezenak kaleratzea herritarrak jolasteko, baita Sebastian donearen ospakizunean ere: itxituraz prestatutako tokian edota sokamuturra kaleetan. Elizkizunak ere ez ziren faltako, prozesioa egingo zen, dantzariak parte hartuz eta herriko sarrerako dorretik mosketeekin tiroak botako ziren.

Baina geroago, ez zen nonbait egokia irudituko urtarrilaren 20a asteguna bazen, lana utzi eta jai giroan murgiltzea; beraz, jaia ondorengo lehen igandean antolatzen zen. Nahiz eta patroiaren egunean agintariak mezatara joan korporazioan. 1870an, ordea, apaizen eskaerari erantzunez ohitura aldatu zen. Herriko agintariak eta parrokiko apaizak herritarrei patroiaren egunean mezatara joateko deitzen ahalegindu ziren eta gainontzeko ospakizunak ere egun horretan antolatu ziren. Auskalo noiztik izandako ohitura bat moztu zen horrela, hau da, Sebastian donearen eguna asteguna zenean jaia ondorengo igandera aldatzea.

Ohitura zaharra bizirik dugu eta aberastasun bat dela esan behar. Elizkizunak berdin jarraitzen du, dantzaririk ez bada ere, zezena kaleetan... Eta gainontzekoa? Danbor zarata handiagoa orain, parranda zaleak ere bai, biztanle gehiago garenez…

Esklabu beltz baten hilketa Azpeitian (2003ko otsaila, 37. zenbakia)

Esklabua, beltza gainera, eta ez jakituri gabea, aparteko lanean aritu zen bere nagusiarentzat. Pedro Oiarzabal merkatari azpeitiarrak, ezkontzean, 1578ko maiatzaren 28an, eskuratutako ondasunen artean bi esklabu agertzen dira: bata, Isabel, ehun dukat baino gehiagoko balioa zuena, eta bestea, Diego, beste hainbeste dukaten baloratu. Ezin da jakin nondik nora bereganatu zituen merkatariak, pentsatzen da Sevillara egiten zituen bidaietako baten erosiak zirela. Dakiguna da, delako Diego esklabua, behintzat Azpeitian bizi zela 1578tik 1560ra bitartean eta bere nagusiaren administraria zela, bizitza egokia izanik seguruenik garrantzizko lana zuelako.

1580ko irailean egun batez, Joanes Ibarra jaunak eztabaida gogor bat izan zuen Diego esklabuarekin, ezpataz larri zauritu eta egun batzuetara hil egin zen; gorpua herriko parrokiak hilobiratu zuten. Esan daiteke eztabaidaren arrazoia diru kontua izan zitekeela, baina dirudienez Ibarrak ez zuen gogoko izan esklabu batekin eta berdintasunean eztabaidatzea.

Urriaren 3an auzia jarri zuen Pedro Oiarzabalek Ibarraren aurka, esklabu beltz bat hil ziola jakinaraziz, eta konfidantza osoko Diegoren berri emanez, “bere esklabua, bere etxe eta ondasunen administraria, 24 bat urtekoa”.

Hil aurrez esklabu beltzak gertatutakoa jakinarazi zuen, Ibarra jaunak eztabaidan esan zuela “judo edo mairu guztiak erre egin behar” zirela eta Diegok horretarako zer arrazoi zuen galdetzean, “bera ere erre egin behar” zela erantzun ziola, “beltz puta” deituz, eta esklabuak erantzunez “gezurretan” ari zela. Nonbait Ibarrak ezin izan zuen onartu esklabu beltz batek gezurtitzat hartzea, eta ezpataren bidez moztu zuen eztabaida. Arrazakeria?...

Kontuan izanik garai batean merkatari handiak izan zirela Azpeitian, ez ote zituzten esklabu gehiago ere izango?

Aukeratutako agintarien eginkizun berezia (2003ko martxoa, 38. zenbakia)

Era guztietako aldaketak izan ditu herriko agintarien aukeraketak Azpeitian. Lehen urteetan, irailaren 29an, Mikel donearen egunez egingo ziren, urte askoan gainera, urte bakar batetarako aukeratuz. Gero, agintaritzarako denboraldia eta eguna aldatu zen, abendura, urtarrilaren lehen egunera eta abar. Alkate bat izendatu ordez, bi ere izendatuko ziren denboraldi batean, baina nahiko iskanbila sortuz behin baino gehiagotan beraien artean.

Urteetan aldatu gabe iraungo zuena, zera zen: agintariek zin egitea langintza egoki beteko zutela; horretarako parrokian bilduta. Beste eginkizun bat ere bete behar zuten, agintaritza lortu eta egun gutxi barru gainera, ordenantzak horrela agintzen baitzuten. Herriaren lurralde osoa ezagutzea, mugarriak banan-banan ikustea, behar bezala zeuden edo ez jakiteko.

Garaiko agiriek diotenez, izendatutako agintari berriek erabakitzen zuten eguna, laguntzaileekin egun osorako irteteko, mendi, baso eta erreka ertzetan ziren seinaleak ikustera, baldin mugarriren bat bere tokitik aldatuta edo kenduta ikustean, berehala aginduz egokitu eta berriro jartzeko. Baliagarria egiten zitzaien benetan ibilaldia beraien esku zuten herriaren lurralde osoa ezagutzeko. Ezin da jakin, oinez, zaldi edo asto gainean egiten zuten bide luzea.

Urteak igaro hala, ordea —seguruenik eginkizuna erosoago egin nahian—, talde handia bilduko zen, batera eta bestera talde txikietan banatu eta bakoitzak aurrez izendatuko alderdiak ikusteko. Baina, egun osorako nahiko janari eta edari eramaten zuten, horrela gastu handiak sortuz herriari. Urtero egin beharreko langintza, bi urtean behin egitea erabaki zuten agintariek, gero, hiru edo bost urtean behin, eta azkenean ezerezean gelditzeko...

Aspaldian egin ez denez, aukeratu behar di-tugunei, zergatik ez diegu eskatzen, herriaren lurralde osoa ezagutzea, guztiekin gogora daitezen? Hori bai, gastu handiegirik egin gabe....

Azpeitiar bat Orinocon (I) (2003ko apirila, 39. zenbakia)

Beharrezkoa egingo da seguruenik, ito ezinezko zerbait sortzea barnean, azpeitiar Joxe Iturriaga sartu zen abentura handi bateko kide izateko; bestela ere, ezer gutxi faltako zitzaion nahi bezala bizitzeko.

Azpeitian jaioa zen 1699an eta bertako alkate ez ezik, Gipuzkoako diputatu nagusi eta Caracasko Gipuzkoar Konpainiako zuzendaria izan zen. Baina Espainia eta Portugalen artean lurraldeak banatzeko akordioa sinatzean, 1750eko urtarrilaren 13an, prest izan zen lau urte geroago lan hori betetzeko Orinocora egingo zen espedizioaren buru eginik, 55 urterekin alajaina. Carvajal ministro espainiarrak izendatu zuen taldearen buru eta berekin eramango zituen besteak beste, suediar botanikoak Pehr Lofling jaunaren esanetara. Lurraldeko mapak osatu behar zituen espedizioak, baina azpeitiarrari isilean eman zitzaizkion aginduen artean adierazi zitzaion zer lan zuzendu beharko zuen suediar jakintsuak: ba-tez ere, kanela oihanak aurkitu, aurrez Indietako kronistak aipatzen zituzten lurraldeetan, ongi aztertuz kalitatea.

Gaur egun, harrigarria iruditzen bazaigu ere, orduan sekulako dirutza mugitzen zen kanela merkataritzaren inguruan eta guztiz bereganaturik zuten bere merkataritza holandarrek, Ceilandik ekartzen zutena salduta.

Joxe Iturriagak, Cadizko portutik 1754ko otsailaren 15ean irten zuen bi itsasuntzirekin: La Veneciana eta La Santa Ana. 54 egun itsasoan igaro ondoren iritsi zen espedizioa Cumama hirira, orduan Venezuelako lurraldea. Kanela ez ezik, kakaoa eta sendagaitzarako beste landare batzuk aurkitu nahian egiten zen espedizioa zen, bide batez aipaturiko bi nazioen arteko lurralde mugaketa eginez.

Dena prest zuen azpeitiarrak, eta Lofling botanikoak irten zuen bere marrazkilariekin eta landare bilketa egingo zutenekin, eta bera, berriz, gelditzen zen taldearekin ibaian aurrera.

Azpeitiar bat Orinocon (II) (2003ko maitza, 40. zenbakia)

Joxe Iturriagaren agindua betetzen ahalegindu zen Peth Löfling suediarra: bidean aurkitutako landareak aztertzen eta, batez ere, Orinocoko inguruko ibaien ertzetakoak; baina gaixotaunak menperatu zuen bere langintza.

Cumamá hirian 1754ko abuztuaren 9an Iturriagak gutun batean adierazi zion suediarrari, zazpi egun aurretik idatzitakoaren erantzunik gabe kezka azalduz, berekin batera sendagaiak bidali baitzizkion gizonezko batekin, eta aginduz Tocui misiora bidaia egiteko ahalik eta azkarren, eta hango zuhaitzei azala eta zati bat kendu eta ondoren bidaltzeko. Bost eta hamar urte bitarteko zuhaitzekin egin behat zuten eta baita zuhaitz zaharrenekin ere.

Hiri berean 1755eko martxoaren 10ean idatzitako gutunean, berriz, bere poza azaldu zuen Iturriagak. Suediar maisua sendatu zen eta aurkitutako landareak gehiago ziren, 90en bat, eta generoak beste hogei.

Baina azpeitiarrak laguntzaile handia 1756ko otsailaren 22an galdu egi zuen, Carona ibaiaren inguruan hil zen. Ordea, Iturriagaren espdizioak ez zuen utzi landare azterketa, lurraldeko mapak egiten zituen bitartean. Laguntza ona izan zuen Eugenio Alvarado eta Joxe Solano taldekideetan. Lehena Guayana aldera bidali zuen, batez ere Altagracia berrixka inguruko kina zuhaitzak aztertzera; eta bigarrenari Orinoco goia aztertzea agindu zion, kanela oihanak aurkitzeko asmotan.

Azpeitiar baten abentura baten zatitxo bat aipatzea besterik ez dugu egin, garrantzitsua garaian, eta era batera edo bestera albisteak bil daitezkeena. Baina berak bezalako laguntzarik gabe Indietarako bidea hartu zuten herritarrak ditugu gogoan, zaila edo ezinezkoa egiten baita haien abenturaren berri jakitea. Bakar batzuk bueltatuko ziren, dena ongi irtenda, baina beste asko lurralde haietan geldituko ziren, noski noraezean, bururik altxa ezinda….

Hemen gaizki eta han okerrago.

Uzta garaiko neurria ( 2003ko ekaina, 41. zenbakia)

Ez dira gaur egun txorimalo gehiegi ikusten soroetan, belar eta arropa zaharrez osatuta zutik egoten zirenak inoiz haizeak lurreratzen ez bazituen behintzat. Nonbait orain soroa zaindu beharrik ez da, garai batean garia egiten zenean bezala. Noizik behin ikusi ohi ditugu egur luzeak lurrean sartuta, goiko muturrean trapu zahar bat edo haizeak dantzatzen duen plastikosko tira bat dutela. Txoriak tontoak direlakoan jartzen direnak seguruenik, baina kontuan izanda antzinako txorimalo artistikoei beldur gehiegirik ez ziotela, oraingo horiei pentsa dezakegu zer egingo dioten...

Hau guztia 1800ean azpeitiar agintariek hartutako erabaki batekin bat dator. Ohiko bileran bildu ziren maiatzaren 14an, eta txoriek zer-nolako kalteak sortzen zituzten aztertu zuten: garia soroetan zenean edo baserrietako ganbaratan sartzen zirenean. Hormatxoria ez zela lo nonbait mokadu goxoak deika zituenean... Hurrengo igandeko meza nagusia amaitzean herrian bando bat zabaltzea erabaki zuten agintariek gaia sakondu ondoren, aginduz sendi bakoitzak lau hormatxori edo antzeko txori kaltegarri hil beharko zituela eta hilabete barru Udaleko eskribauarena eraman behar zituela. Agindua betetzen ez zuen sendiak bi pezeta ordaindu beharko zituen.

Zaila da jakitea azpeitiar agintariek hartutako neurriek zer-nolako erantzuna izan zuten, baina haizearen bultzadaz astintzen zen txorimaloaren ordez, beste era bateko mugimenduak eta noiznahi tiroka ari ziren hainbat txorimalo ikusteak, beldurtuko zituen seguruenik hormatxoriak ez ezik bela beltz zaharrak ere.

Defenditu beharra zegoen, ordea, herriko beharrei erantzuteko hainbat gari ez baitzen jasotzen, nahiz eta askok soroan landu eta, kanpotik ekartzeak kosto handia sortzen zuen. Hasierako txorimaloak galdu ziren, armatuak gehitu eta hormatxoriak zer esanik ez...

Ehun urte aurretik (2003ko uztaila, 42. zenbakia)

Azpeitiko zezen-plazaren lehen mendeurrena dela-eta zenbait ospakizun antolatu dira; horrela merezita. Ez da erabili zezen jaialdietarako bakarrik, euskal kirolak ere sekulako eskenatokia aurkitu du bertan. Gertaerari buruz idatzita dugu beste toki batean ere, baina ehun urte aurretik, 1803an, Azpeitian gertatutakoaren berri jaso nahi genuke.

Ez zen ohikoa lau hilabete aurretik herriko jaiei buruz agintarien artean hitz egitea, baina 1803ko martxoaren 8ko bileran Inazio Ramon Arozenak zezenketak antolatzeko bi proposamen aurkeztu zituen. Bata, uztailaren 31rako, erabili gabeko bi zezen eta, Nafarroatik ekarriko bazituen ere, inguruan aurki zitezkeen beste lau eskaini zituen. Ondorengo bi egunetarako, berriz, erabili gabeko beste sei zezen, Ejea herrian edo inguruan kontratatuta. Herri-ak ordaindu beharko zuen enparantza nagusia gauez argitzea eta itxitura egokitzeko egurra bere basoetatik eman beharko zuen. Bigarrengo proposamenean, 1.500 errealen truke antzeko jaialdia eskaini zuen, plaza argitzea bere kontu zela. Agintariek, lehenengoa aukeratu zuten martxoaren 13ko batzarrean.

Baina, itxitura egiteko erabiltzen zen material gehiena frantziarrak erre egin zuten eta 400 edo 500 haritz ebakitzeko baimena eskatu zioten agintariek Kontseilu Nagusiari, apirilaren 13an hartutako erabakiaren ondoren eta zertarako behar zituen jakinaraziz. Ebakitzen zuen zuhaitz bakoitzeko beste hiru landatzea eskatu zuen Kontseiluak, eta onartu egin zen. Donostiako Udalera zuzendu zuten gero Azpeitiko agintariek, jaietarako Bixente Ibarguren txistularia herriratzea eskatuz, eta zailtasun guztiak gainetik ospatu ziren zezenketak. Ezin da jakin, ordea, zein izan ziren toreatzaileak, berdin zezen edo zekorrrei dagokionez ere.

Gaur egungo zezen-plaza balute, enpresari lanak hartzen zituzten herritar haiek zer ez zuten antolatuko egun batzuetarako bada ere!

Orain 70 urte, euskal kutsu handiagoko jaiak (2003ko abuztua, 43. zenbakia)

Eskuartean dut 1933ko egitaraua, jaietako ekintzak bi hizkuntzetan datoz: euskaraz eta gazteleraz. Baina agertu nahi dugun mamia, ordea, ekintza horien ingurukoa da. Uztailaren 30ean uso tiroa 10:00etan; Udal Musika Bandaren kontzertua 12:00etan, plazan; Vista Alegre frontoian pilota partida 14:30ean (Txikuri-Aranburu, Atano II.a-AtanoVII.-aren aurka); zekorketa 17:00etan; Loiolan Azken Otoitzak eta Salbea 19:00etan; azkenik su artifizialak, Udal Musika Banda, txistulariak.

Uztailaren 31an, goiz eresiak, prozesioa kaleetan 09:30ean, Meza gero. 12:00etan bigarren kontzertua Udal Musika Bandak. 15:00etan, pilota partida, Ulazia eta Artazo, Peru eta Mondragonesen aurka. 19:00etan, bigarren zekorketa, eta gero bikoteka euskal dantza lehiaketa, sariak 100, 75, 50 eta 25 pezetakoak. Gauez su artifizialak, dultzinariak eta Musika Banda.

Hasiera bera abuztuaren batean, 08:30ean Loiolara prozesioa, han Meza ondoren. 15:00etan pilota partida Kirru eta Urzelai, Etxabe IV.a eta Altunaren aurka. 17:00etan Zirkoa eta gero, berriz, Aurresku Lehiaketa enparantza nagusian, aurrez aipatutako sari berak banatuz. Gauean, beste egunetan bezala, su artifizialak eta musika.

Abuztuaren 2an, 07:00etan txirrindulari karrera, Eusko Txapelketa. 10:00etan Gernikako Arbolaren pasealekuan, bertsolariak, herritarren arteko pilota partidak eta abar Frontoi Txikian. 12:00etan, aizkolariak plazan. 15:00etan Vista Alegre frontoian, Etxabe V.a eta Aranburu, Txikuri eta Etxaniz I.aren aurka. 17:00etan zezen jaialdia herritarrentzat Lasturko zezenkoekin. 18:30ean, gaztetxoen txirrindulari karrera. Gauean, suak, eta Gernikako Arbolaren pasealekuan dultzinari eta Musika Banda.

Bada alde nabarmenik gaur egungo Herri Jaietatik. Esku programaren neurrian lehendabizi, eta barnean eskainitakoan gehiago.

Astakeriak eta zigorrak (2003ko urria, 44. zenbakia)

Orain ez dugu astakeri gutxi egiten, baina lehen ere beste hainbeste. Azpeitian es-kribau urteak egin zituen Uzkudun jaunak lekukoengandik jasotako batzuk jaso ditugu, adibide bezala.

Juanes Iriarte Musan eta Martin Apeztetxea motxaileen aurkako epaiketan (1706) esaten da arropa zuria lapurtu zuela lehenak Zestoako ospitaletik. Biek, berriz, Soka motxaileari bi dukat lapurtu zizkioten Aizarnan; Musanek zaldia zaurituz, Zarautzen erositako otarrak egiteko igitai antzekoarekin. Aizarnan Juanes Gerrenzuriri eginiko lapurreta ere gainean zuten.

Musan berehala kartzelaratu zuten Azpeitian. Gero emakume batek adierazi zuen, hurrengo egunean kartzelatik atera zutela herritik kanporatzekotan, baina denbora gutxira ikusi zuela Musan herriko plazan bertako zirgiloan lepotik lotuta. Herritik kanporatu eta berriro itzuli zelako? Dena den, han jasoko zituen, seguruenik, gerturatutakoen mehatxuak eta irainak... Nola amaitu zen? Guk ere hori jakin nahi, baina ezin. Ez ote zioten belarriren bat moztuko, pentsatzen dugu; aurreko mendeetan ohikoa zen bezala. Bizi osorako seinalea ager zezan, lapur edo gaizkilea zela adieraziz.

Beste era bateko gertakaria dugu beste hau, joera ausartekoa dudarik gabe. Hitzez eginiko astakeria, isilik gorde beharrekoa seguruenik, nahiz eta antzeko zerbait gertatu lehen bezala gaur egun ere.

Antzia etxea zuen alokatuta Martin Goitia apaizak. Agustin eta Joan Arzuaga anaiek egin zituzten urteak han beren sendiekin. Baina etxea utzi beharra izan zuten eta apaizak auzia jarri zien etxean egin zituzten kalteak ikusita. Anaia batek haserre adierazi zuen, eskribauaren aurrean (1717), etxetiar bizi izan zen denboran, bere odola ez ezik, bere seme guztiena zurrupatu zuela etxearen jabeak. Esandakoak ondorioak ekarriko zituen, baina zenbaterainokoak izan ziren jakin gabe gelditu gara...

Haserreak eta desafioak (2003ko azaroa, 45. zenbakia)

Gaur egun ere ez dugu asko behar izaten haserretzeko, eta lehen ere antzeko. Azpeitiko historian zehar aurki daitezken zenbait kontakizun aipatu nahi genituzke gaurkoan, oso labur bada ere.

.1720an Amu baserriko lurretan gerizak lapurtu zituen nonbait Inazio Urkizu errementariak eta honela zioen etxekoandreari epaitegira eramango zuela esatean: “Lo gutxi egiten dugu errementariok eta lau edo bost elkartuko gara”, bere emaztea bakarrik zen orduan. Ez zegoen emakumea atzera egiteko eta honela erantzun zion. “Gure senarrarekin ere beste hainbeste elkartuko dira”. Errementariak, ordea, azken hitzak: “Lekuko gutxi izan ohi da gauean”.

Urte berean sortu zen eztabaida Joan Lopez Etxaniz eta Miguel Unanueren artean, beraien kaparetasunari buruz, lehenak esanez herrian zuela egina eta bigarrenak, berriz, Nafarroan. Lekuko izan zen Frantzisko Zuolak zioenez, haserrea indartzen joan zen, borrokan hasteraino, lehenak bigarrenari emakume puta eta lapur baten senarra zela esatean.

Miguel Garmendia indartsu agertu zen Fermin Beriztainen aurrean guztiak menperatzeko prest zela esanez. Bigarrenak indar kontuan ez ziola Izarraitz mendiko inori barkatuko erantzun zion eta, jakina, ondoren borroka, eta lehena zaurituta.

.1722an Joan Artetxek esaten zuen, nola hankekin lurra astintzen eta makilekin lurra jotzen zuten desafiatuz bezala Joxe Larrate, Bartolome Arzuaga eta beste bi lagunek, Larrate konturatu zenerako izugarrizko jipoia eman zioten.

Haserre guztiak ez ziren berdin amaitzen. Adibidetzat dugu, 1646an Domingo Gerrenzurri eta Joan Lopez Aginagaren artekoa. Hirugarren lagun batek amaitu zuen eztabaida eta elkarrekin afaltzeko geldituko ziren. Ez dakiguna da afari hori zertan gelditu zen.

Azpeitiarren irabaziak 1814. urtean (2003 abendua, 46. zenbakia)

Gaur egun alde ederreko irabaziak izaten dituzte, baina 1814an ere ez txikiak esku artean izandako agiriek diotenez, udalak Gipuzkoako agintariei bidaltzen zizkien datuak. Hamabost denda ageri dira: salmenta handikoak, eta irabazi handiena emakume batek du: Rosa Abarrategik, 4.000 erreal urtean. Gutxiena ere beste emakume batek: Frantziska Mertxereak, 160 erreal. Martin Larrunbek 3.000 errealeko irabazia zuen. Burdina eta landutakoa saltzen zutenetan, Inazio Uzinek zuen irabazi handiena, 4.500 erreal; gutxien Joxe Agustin Olanok, 1.100 erreal. Txokolatea egin eta saltzen zuten zazpik; Inazio Ramon Arozena zen irabazi handienarekin, 2.000 erreal; gutxien Joxe Mari Artetxek 500 erreal. Antzeko irabazia lortzen zuten argizagia eta gozoki saltzaileek. Sei ostalari edo tabernarien artean, Joxe Mari Artetxe eta Tomas Urretabizkaia ziren nagusi, 1.000 erreal irabaziz. Zapatariak ere ez ziren atzean; asko baziren ere, hamabi: erdiek 300 bat erreal irabazten zituzten. Santos Lallana zen nagusi 4.000 errealekin.

Langileen artean alde handia zen: 1.200 erreal gehien irabazten zuen arotzak, harginak eta igeltseroak; 2.000 erreal olagizonak; 3.000 erreal pare bat errotarik. Nafarroako ardoa saltzen zuten 17 lagunek: Joxe Arregi Etxatxo nagusi zen 1.500 errealeko irabaziarekin; Joxe Errazu eta Antonio Azkune, ondoren, mila errealekin. Baina tartean ziren 160 eta 200 errealeko irabaziak bakarrik zituztenak.

Baina irabazia, herriko idazkaria zen Joxe Domingo Bikuñarena, eta lan gogorrik egin gabe: 4.400 erreal urtean. Ondoren Felipe Neri Etxaleku eskribaua 4.000 errealekin.

Baserritarrei, nagusiei errenta ordaindu eta ondorengo urterako ereintza egiteko aleen balioa kendu ondoren, 159.600 bat erreal gelditzen zitzaizkien irabazi bezala. Baserriak ugari zirela jakinda, irabazi horiek beraien artean banatu ondoren, ezer gutxi...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak