|
|
|
2002
Imanol Elias
Nagusitasuna ospatuz (2002ko urtarrila, 25. zenbakia)
Nagusitasuna agertzea gogozkoa dugu nonbait, eta ahalegin handiak egiten ditugu, iskanbila gogorrak sortuta. Begiratu besterik ez dugu, gaur egun, Afganistan edo Israel aldera, beste zenbait lurralderen artean. Borroka baten ondorioak, ordea, desberdinak dira bertan parte hartzen dutenentzat. Jokaera neurtzeko derrigorrezkoa egiten bada ere garaiko ikuspegitik begiratzea, esaten dugunaren ezaugarria da, dudarik gabe, azpeitiar agintariek 1535eko irailaren 27an hartutako erabakia, ospatu nahirik Espainiako erregeak Barbarroja pirataren aurkako borrokan Tunizia eta Goleta bereganatu izana. Esan beharrik ez da, azpeitiar agintarien aldetik beraien sinesmen katolikoaren aurkako bat menperatzen zela, horrela iruditzen zitzaiela, eta ospatu beharrean aurkitu zirela.
Euskal Herriko beste zenbait herrietan bezala, ospatu beharra sentitzen zen Azpeitian ere; elizkizun eta prozesioak antolatzea erabaki zuten, eta, Bartolome deunaren egunean ez ezik, Andre Mariaren egunean ere, zezenak ateratzea erabaki zuten –lau zezen–, herritarrek jolastu zezaten. Horrez gain, dantza taldeak hartu zuen parte, eta gauetan berriz. etxeetako balkoi eta lehioetan argiak piztu ziren.
Zezenetako bat Juan Saez Odriarena izan zen, eta bestea Odriozola deiturikoarena, bakoitzari dukat bat ordaindurik. Beste biak, Herarrizagakoa eta Arazkoa, erosi egin zituen herriak, beraien lana bete ondoren hil eta haragia saltzeko asmoan. Barrerak jarri ziren zezenak jolasteko tokia mugatuz, baina bi egunetan egin behar izan zuten lanaren ondoren, erabat txepeldurik gelditu ziren zezenak, hiltzorian, esaten zaigunez, eta beste biak ere erosi egin behar izan zituen herriak, gero guztiak bi dukat eta erdian saltzeko Juan Egibar jaunari.
Barbarroja ez ezik, zezenak ere, menpean azkenean...
Inauterietan, zezenak behar (2002ko martxoa, 26. zenbakia)
.1820. urtea eta Inauteriak hurbilean. Otsailaren 8an eginiko batzarrean erabaki zuen herriko Udalak, Inauterietako hiru egunetako bakoitzean zekorketa bat egitea enparantzan, bera itxirik eta ahalik eta diru gutxien gastatuz.
Baina, garaian ere, salatariak nonbait… Erabakiaren albistea berehala iritsiko zitzaion Azkoitian aurkitzen zen Gipuzkoako Korrejidoreari eta bai azkar idatzitako agindu bat bidali ere azpeitiar agintariei. Ezinezkoa zuten herriaren diru bat erabili, plaza itxi eta zekorketa bat egiteko Inauterietan, aurreko lanak zituztenez; egoera larrian zegoen Udalaren ekonomia alderdiak erantzuteko. Agintariek beraiek ordaindu beharko zuten bestela egiten zuten gastua eta bakoitzari gainera isuna ezarriko zitzaion, baldin behintzat batzarra egin eta hartutako erabakia bertan behera uzten ez bazuten.
Korrejidorearen agindua hartu eta berehala bildu ziren azpeitiar agintariak gaiari buruz hitz egiteko otsailaren 9an, baina ez idatzita zegoena betetzeko asmoz, iruditzen zitzaienez inolako ahalmenik ez zuela Korrejidoreak, Gipuzkoako herrietan dirua nola inbertitu agintzeko. Aurrez hartutako erabakia ontzat hartu eta gertatzen zenaren berri Diputazioari jakinaraztea iruditu zitzaien, Korrejidorearen gutuna bidaliz; aurrera jarraituko zuten zekorketarako prestaketak egiten.
Otsailaren 12an bildu ziren berriro azpeitiar agintariak, Diputazioaren gutuna jaso ondoren, beraien erabakia egokitzat hartzen zuena: Inauterietako hiru egunetan zekorketak egiteko, plaza itxirik nahi bazuten, herriak zuen Arautegiak agindu bezala urte bakoitzeko 2.800 erreal zituen elizkizunak eta plazan egiten ziren jaialdietarako.
Denbora galdu gabe bidaliko zioten erantzuna Korrejidoreari, baimen osoa zutela adieraziz hartutako erabakia aurrera eramateko.
Garai bateko aste santuak (2002ko martxoa, 27. zenbakia)
Aste Santua, geldialditxoa... Ohiko bizitza eten egiten da nolabait, ikastetxeak hustu eta lantegiak ere gehienbat isilean gelditzen dira. Aspalditxotik gertatzen da berdin, baina beste gauza batzuetan aldaketa handiak ezagutu dituela esan behar Aste Santuak, oporraldi motz bezala hartu eta ihes egiten dugu gehienok herritik.
Bestelako kontuak ziren dirudienez Azpeitian garai batean, elizkizunei zegokionez behintzat. Vera Cruz deituriko kofradia indarrean, 1584an baimena eskatu eta sortu zen unetik, herriko agintarien aldetik bultzada jasota. 1641ean, berarentzat bandera beltza gurutze berdea erdian zuela egiteko eskaera egin zioten Sevillara, herritar Martin Perez Goiaz jaunari, Ostegun Santuz egiten zuen prozesiorako.
Pentsatuta zuen 1693. urtean Ostiral Santu arratsaldez prozesioa egitea eta aurreko urteko azaroaren 11n adierazi zion Udalari, Kristoren irudiak prestatzen ari zela esanez, bat gurutzetik jaitsiera agertzeko eta bestea, berriz, hiletatarako, Bakardadeko Andre Mariaren beste irudi bat ere amaitzear zuela jakinaraziz. Prozesio horretan militar eran, alkabuz eta pikekin joan beharko zuten 24 edo 30 bat gizonezko aukeratzea ere eskatuko zuen, eta gainontzeko partaideek jazki beltzak eta kandela handiak eramango zituzten.
Urteak igarotzean, aldaketa nabarmenak ezagutu zituen prozesio horrek. 1816an, esaten zaigunez, ohiturari jarraituz partaide hogei soldadu, bi danbor eta bi txilibitu izango ziren.
Kofradiak berak jarraitzen zuen egokitzen Ostegun Santuko prozesioa 1729an ere. Baina gauez kaleratzen zenaren lehen urteetako berririk ez dugu berdin egiten ziren edo ez jakiteko.
Herri baten historia, zatika osatuta dago eta zati horietako bat aipatzea besterik ez dugu egin hemen, gaur egun, ulertezin egiten bazaigu ere.
Garai bateko gaueko bizitza (2002ko apirila, 28. zenbakia)
Gauean ito nahi izaten ditugu askotan egunak sortutako buruhauste eta nahigabeak. Mundu berri baten oinarriak sortzen ere, ahalegindu ohi gara behin baino gehiagotan, eta inolako presarik gabe, gainera. Berdin dio eguna argitzean guztia berdina aurkituta ere… Alaitasuna besarkatzeko prest izaten gara bultzada handirik gabe eta horregatik jaialdirik txikienean murgiltzen gara. Gure herriko kale eta tabernetan, sekulako giroa!
Gure aurrekoek ere sentitu zuten antzeko zerbait, baina oztopoak aurkituko zituzten seguruenik nahiak gauez askatzeko nolabait.
Azpeitiar agintariek, 1573. urteko abuztuan agindu zuten, San Miguel eguna bitartean, gaueko hamarretatik aurrera kalean ibiltzea debekatzea, baldin eta beharrezko eginkizun bat izan ezik. Egun horretatik maiatza bitartean, bestalde, gaueko bederatzietarako herritarrak etxeratu beharko zuten. Agindua alde batera uzten zuenak, hiru errealeko isuna eta lau egunetako kartzela zuen. Gautxoriak, kaiolara bada eta txintirik egin gabe, gainera!
Aurrez, 1562. urtean, debekaturik zuten baita, lihoa lantzen zuten emakumeek elkarturik eta etxeetako atarietan lanean aritzea ilunabarrean, gizonezkoak inguratzen zitzaizkienez txantxetan hasteko eta ondorioak nabarituko zituztenez. Gogoan zuten agindu hori ematean agintariek, herriko neskatxa batek nolatan zauritu zuen sastagai batez, hurbildu zitzaion gizaseme bat. Intentzio onak zituena seguruenik…
Zinegotzi baten mozio bat egoki hartuta erabaki zuten azpeitiar agintariek 1919an, urtean 365 pezetako zerga ezartzea tabernetan ibili ohi ziren organiloentzat, biztanleen lasaitasuna apurtzen zutelako eta herriaren deskreditu bihurtzen zirelako. Horrela desagertu nahi ziren gaueko bizitza ederra mozturik.
Gaur egun tabernetan aurki dezakegun zaratak, zoratuko lituzke seguruenik agintari haiek guztiak.
Derrigorrezkoa, emaztearekin bizitzea (2002ko maiatza, 29. zenbakia)
Beste garai bat zen noski, eta herriko agintaritzara iritsi nahi zuen azpeitiarrak baldintza batzuk bete behar zituen: kaparetasuna eta aberastasun baten jabe izatea, herri ba-rruan bizi beharra eta abar. Ohikoa zen bezala 1559ko Mikel Donearen egunez, agintarien aukeraketa egitean, nahiko iskanbila sortu zen, bildutakoen artean Sebastian Altuna zutitu eta Juan Perez Olazabal jaunaren aurka hastean, salatari benetan, esanez ezingo zuela parte hartu aukeraketan, bere emaztea ez zuelako etxean aspalditxoan, baizik eta Beizamako Munagarai bere baserrian. Gutxienez urte eta erdi edo bi urte bai bereizita bizi zirela, delako Juan eta haren emaztea.
Baina ez zen hor amaitu guztia; beste salatari bat ere ausartu zen. Horrela Pedro Goiaz jaunak adierazi zuen, Akemendi lizentziatua ere ezin zitekeela aukeratua izan, senar-emazte bizitzarik ez zuelako egiten, bera herrian bizi zen bitartean, Urrestillako Antxietan zuela emaztea. Bat eta besteak eraso zioten gogor ondoren, arrazoi bezala garbi utziz, herri barruan beraien etxeetan zituztela emazteak, baserriko lanetan laguntzera joaten zirela gurasoei eta anaia-arrebei zenbait alditan. Herritar askoren emazteek egiten zuten bezala, baserrian gehien behar izaten zen garaian.
Izugarrizko iskanbila sortu zen, era guztietako iritziak agertuz bildutakoen artean. Bertan aurkitzen ziren eskribauek eta abokatuak ahalegindu ziren bakea lortzen, azkenean erabakiz gutxienez sei hilabetean bizi beharko zutela herri barruan, beraien emazteekin eta seme-alabekin. Bi salatuek ere egoki hartu zuten erabakia, beteko zutela aginduz.
Urteak igarotzean, guztia aldatu zen. Auke-ratu ziren alkateratzarako, sekula bilera batera agertu ez zirenak. Gizon ospetsuak seguruenik, baina herritik kanpo bizi zirenak, emazte edo emaztegairik gabe... Auskalo! Haietako batzuen berri idatziko dugu beste batean.
Lehentasuna eta nagusitasuna defendatuz (2002ko ekaina, 30. zenbakia)
Herria sortzean, erregeak San Sebastian Monastegia berari eskaini bazion ere, urteetan nahikoa borroka sortu zen patroiaren eta herritarren artean.
Esaten zaigunez, 1583ko ekainaren 26an Loiolako Pedro Borja patroiak baimena eman zuen herriko agintarientzat aulki bat jartzeko parrokiko elizan, epistola aldera, eta bere eserlekua baino zerbait atzerago. Agintariak ez ziren konforme, eta berari hauxe esatea erabaki zuten: erregeak emanda, eskubidea zuela herriak toki nagusiago bat izateko, gutxienez patroiak beraren parean, inolako baimenik eskatu gabe egin zezakeena, gainera Bide batez herriak eta herritarrek altxa beharko zutela hondamenean zegoen eliza adierazi zioten. Gutxienez 30.000 dukat kostatuko zen, eta inolako laguntzarik eman gabe gelditzen zen seguruenik Borja jauna. Ez dakigu zer erantzun zuen parrokiko patroiak, baina berehala hasi zen herria lanean, ez bakarrik agintariek nahi zuten tokian aulkia jartzen, baita elizan obran ere.
Urtebete geroago, beste kontu batek piztu zuen agintarien haserreak. 1584ko ekainaren 10ean, Zurbano kapera eta sakristia artean aulki bat jarri zen bizkarraldeko eta guzti (oraindik denbora asko ez dela koru atzeko gelan jasota zena), eta hori bai jasanezin egin zitzaiela. Euren aulkia baino aurrerago zegoen, nagusitasuna eskainiz bezala bertan esertzen zenari, haien ustez behintzat. Azkar agindu zuten aulki hura kentzeko.
Azkenik, 1558ko San Sebastian egunean kaleratutako prozesioan gertatutakoari buruz, neurriak hartzea erabaki zuten agintariek, nagusitasuna agertu zitzaiolako Loiolako jaun eta parrokiko patroiari. Hasieran, Madrilera gestioak egitera norbait bidaltzea onartu zuten, baina batek esan zuenean horri buruzko txostena bidali zuela, ahalik eta azkarren erantzun bat lortzea erabaki zuten.
Kanpaiak herritarrei deika (2002ko uztaila, 31. zenbakia)
Iraurgiko lurraldeko eliza eta ermitetako kanpaiak egingo zituzten elizkizunetarako deialdiak, batzuetan alaitasuna sortuz biztanleen artean eta askotan, berriz, bihotzak ukituz albiste tristeak zabaltzean. Herria sortzean, parrokiko kanpaiak bihurtuko ziren, herritarren bizitzaren adierazgarri, beraien eginkizuna zabalduz, elizkizunak ez ezik beste zenbait une garrantzitsuren berri jakinaraziz eta beraien artean Herri Batzar Nagusiak ospatzeko deialdiak edo sute handi batek beldurturik guztien laguntza eskatzeko, gerrarako prestaketak egiteko ere beraien negarra zabalduz. Herriak 1552an osatu zituen Ordenantzatan agertzen da garbi nolako garrantzia zuen kanpaiaren deialdiak, 200 maraiko isuna ezartzen zitzaion 18tik 60 urte arteko gizaseme bakoitzari deiari erantzun gabe gelditzean.
Urteak igarotzean, herriak dorrea altxatu zuen sarrera nagusiaren inguruan eta kanpai bat jarriko zuen bertan, sarritan egin behar izaten zituen deialdiak egiteko; parrokikoak bakarrik elizkizunak eta deialdi bereziak egiteko utzirik.
Gaur egun elizkizun berezietan iristen zaigu kanpaien zarata paregabea. Saninazioetan, parrokiko kanpaiak batetik, Loiolakoak bestetik, haiei jarraituz zenbait komentutakoak...
Azpeitiarrok betidanik izan garela uste dut edozer gauzari punta ateratzeko gai, eta kanpaiak direla eta ez direla, haiekin ere zerbait lortu behar. Lagun bati entzun diot azkenaldian, parrokiko kanpai handiak hasten direla orain “larrutan, larrutan, larrutan...” deitzen etengabeko letanian, Loiolako txikiagoek galdetuz interesaturik “non?, non?, non?...”, azkenik komentatuko txiki, alai eta poxpolinak erantzunez gozoki “hemen, hemen, hemen...”. Alderdi mikatza erakusten duen txistea da, baina imajinazioa behar da asmatzeko, zarata alaia hitz horiekin lotzeko. Gure imajinazioak ez du hainbesteko maila, eta entzuna jasotzea besterik ez dugu egin.
Jabetza, gutxiren eskuetan (2002ko abuztua, 32. zenbakia)
XVIII. mende amaiera eta XIX. hasiera da, Azpeitian, jabetzaren kontzentrazioa ongien agertzen den garaia, nahiz eta herria sortzearekin batera izan lehen urratsak. XVI. mendearen hasieran, herriko lurraldean 130 bat baserri ziren, eta gainontzeko lurraldea herritar guztiena zen. Baina, lurralde asko saldu beharrean aurkitu zen herria, gastuei aurre egiteko. Eta baserriak gehitzen joan ziren. 1541ean 200 baserri baino gehiago zeuden; 1649an, 320; eta 1830ean, 464. Harrigarria bada ere, gutxitzen joan zen jabe kopurua.
Era askotako zergatiak ziren hori gertatzeko: batetik, lurrak herriko Ahaide Nagusiek edo herritar bereziek erosi zituztela. Adibide bat Loiola etxean dugu: herria sortzean, bost baserri besterik ez zituen Loiola etxeak, eta 1834an berriz, 48 baserri, Granadako Dukearen eskutik maiztergoa bere eskuetara pasatzean. Ondasunak zituzten sendien arteko ezkontzak —era horretan maiztergoak sortuz— moztuko zuen euren ondasunak saltzeko bidea.
XVI. mendean, euren abizeneko baserriak saldu zituzten, aberastu nahian, eta aurkitu berria zen Ameriketara joateko. Garaiko eskribauen idatzietan behin baino gehiagotan aurkitzen dira abenturazale horien izen-abizenak, Indietan direla esanaz.
1834an, Lehen Gerrate Karlistan, kontribuzioa kobratzeko zerrendan esaten da 466 baserri zirela herrian, denen jabetza 126 pertsonak izanik. Baserri horietako 24 jabek bakarrik lantzen zituzten baserriko lurrak, gainontzekoak errentan izanik —%5,15 besterik ez jabetzako lurrak lantzen zituztenak—. 1829an, 5.089 biztanle zituen herriak; bost urte geroago, askoz gehiago ez zituen.
Ez da harritzekoa egoera horretan nolabaiteko egonezin sozialak edo matxinadak sortzea, 1739an eta 1766an bezala.
Abuztuko oporretako ustekabea (2002ko urria, 33. zenbakia)
Abuztuan egin dituen euri gabeko goiz gutxi horietako batean, Donostiako Kontxa pasealekuan nintzen. Eguerdiko hamabiak gertu, emakume gazte bat gelditu eta galdetu zidan: “Buenas señor. ¿Necesita acompañante?”. Ustekabean harrapatu ninduen, baina segundo bat nahikoa izan nuen neskatxak itxura egokia zuela jakiteko, aurrez osatuta eta nahiko dotore jantzita zen. Aurpegia ordea, erabat zuria eta begirada nolabait galduta…
Aurrean banuen ere, beste nonbait izango bazen bezala. Ezetz erantzun nion, eta bai azkar damutu ere, baina alferrik. Zergatik ez galdetu nolako zerbitzuak eskaintzen zizkidan, eta zer jaso asmo zuen ordaintzat? Nire erantzuna jaso eta alde egin zuenean begiratu nion berriro berari. Atzealdea, neurrikoa dudarik gabe… Nire begirada kentzean sortu zitzaizkidan galderak. Zergatik niri horrelako galdera? Ez zuen behar txikia, dirua seguruenik. Ederra naiz bada edozeinen aurrean erakusketa egiteko! Aurpegian urteen seinale bizia, txanpona auzoan, begi gabeko zizarea zulorik aurkitu ezinean denboraldian, hezurren tokian burdinak zenbait tokitan… Olioa emanda ere herrenik egin gabe ezin ibili. Bakarrik izan banintz Kontxa gainean, baina ni baino gizonezko itxurazkorik ba-zen. Ez dut uste denbora luzea igaroko zenik, neskak beste bati galdera berdina egin bitartean. Baina, aurrean izan nuen uneko begirada galdua ahaztu ezinik naiz…
Gogoratu nuen, 1774ko Andando deituriko Maria Inaxi Ubizi eta Mariana Iruin azpeitiarren arteko auzia, ezkongabeak biak; lehenak bi haur zituen, eta bigarrenak bat. Azken honek “Inaxi Andando, alcahueta, puta, cantonera, abrazada eta buhosa” deitu omen zion bi edo hiru bider. Ondoren aitortuz, zerbait orraztu asmoz seguruenik, berak esandakoak “Andando naparra, alcahueta eta buhosa izan zirela eta ez gainontzekoak”. Zer mailatan jarri dezakegu ustekabean hurbildu zitzaidan emakumea?
Guztientzat, agindu berdina (2002ko azaroa, 34. zenbakia)
Herri guztiak dardarka jartzen zituen izurritea gertu zen 1598an. Goardiak egiten ziren herri sarreretan gauez eta egunez: Plaza Txikiko sarrera nagusian, barrenportal edo egun Perez Arregi deituriko enparantzan, Enparan zubitik izen bereko kalerakoan eta parrokiko dorrearen azpiko pasabidean —honetan gainera ate bat jartzen zen—, gaitza zen herrietatik hurbiltzen zirenak zaindu eta sarrera debekatzeko.
Ikusita herriaren inguruko errebaletan bizi zirenak arriskuan izan zitezkeela beste zenbait tokitan ere itxiturak jarri ziren, eta horien artean aipatzen da Harzubiko zubikoa. Baserritarrei ere agindu zitzaien inor ez hartzeko eta hauen arroparik ez erosteko. Baina Loiola auzoko Egimendiko San Pedro ermitan kutsatuta zen emakume bat egon zen edota beste pertsona bakarren batzuk inguruko zenbait ermitetan izan ziren albisteak iritsi ziren.
Herritar denak mobilizatzen ziren honelako kasuetan. Agintariek egiten zituzten lehen goardiak eta gero, herritarrekin zerrenda betetzen zen txandak osatzeko. Gai garrantzitsua zen dudarik gabe, izugarrizko kaltea sor zezakeen herrian gaitzak, eta gezurrak ere gogor zigortzen ziren orduan. Esate baterako, Domingo Aizpitarte bergararra atxilotu zen urte horretan Azkoitian, bere herrian esan baitzuen Azkoitian eta Azpeitian gaitz kutsakorra erabat zabalduta zegoela; gezurra izanik.
Apirilean Donostiatik Gipuzkoako Korrejidorea iritsi zen Azpeitira ohiko txanda betetzera, eta unean alkatea zen Altuna Arostegik bere arropa eta jazki guztiak uztarazi zizkion bidean kutsatutako herritik baitzetorren. Korrejidoreak alkatea atxilotu nahi izan zuen, baina herriak alkatea defenditu zuen eta Gipuzkoako mandatariak Tolosara alde egin zuen txanda bete gabe, herriak protesta gogorrak egin zituen gero. Garbi dago, emandako agindua guztientzako bera zela...
Beharko agindua bete! (2002ko abendua, 35. zenbakia)
Fernando VII.a hil aurretik agertu ziren Euskal Herrian lehen talde armatu karlistak, eta hil zenean mugimenduak indar berezia hartu zuen. Lehenengo altxatutakoen artean bi azpeitiar zeuden: Bernardo Iturriaga eta Joxe Inazio Iturbe.
1833ko urriaren 10ean, 09:00etan, herrian Iturriaga komandantearen esanetara aurreneko talde karlista agertu zen lehen neurriak hartuz: herriko alkateari bi mila erreal eskatu eta Diputazio berri bat izendatzea aginduz; ordukoak ihes egin zuen Tolosara. Diputatu nagusi Esteban Hurtado de Mendoza jauna izendatu zuen, laguntzaile Joxe Santos Arratabe, lurraldeko diputatu Juan Bautista Altube eta teniente Baltasar Oiarzabal jarriz. Hurrengo egunean, berriz, izendatutako Diputazioak bilera egitea agindu zuen.
Baina, Tolosara ihes eginiko Diputazioak, urriaren 17rako batzarrerako deialdia egin zuen, Isabel II.aren alde agertu eta probintzian Carlos V.aren alde gerta zitekeen altxamendua hartzeko.
Urriaren 12an, Azpeitian, Iturbe jaunak gipuzkoarrei dei egin zien, esanez Tolosan zegoen Diputazioak arriskuan jartzen zuela probintziaren askatasuna eta debekatu egin zien herrietako ordezkariei bertaratzea. Azpeitiko Udalaren egoera nahiko larria zen, bi aldetara jokatu beharrean baitzen, agintari liberalen alde egin beharrean eta karlisten aginduak bete beharrean. Bestalde, urriaren 13an Iturbek azpeitiar gazteek armak hartzea eskatu zuen. Ondoren beste agindu batzuk ere zabalduko ziren...
Dena dela, herriaren ordezkariak ziren Miguel Mari Alzibar eta Joxe Etxeberria jarri ziren Tolosarako bidean Diputazioak deitutako batzarrera joateko. Baina talde armatu karlista batek geldiarazi eta ezaugarriak kenarazi zizkieten, bakoitzari lau tiro emango zizkiela esanez etxera itzultzen ez baziren ahalik eta azkarren. Beharko itzuli, eta azkar, gainera!
|