|
|
|
2001
Imanol Elias
Behi eroak plateran... (2001eko urtarrila, 14. zenbakia)
Gutxien ustean, zapla! gaitz berria alajaina, denak dardaran jartzeko. Berria edo zaharra, batzuk diotenez XVIII. mendean ere ezaguna zen. Behiak, gaitzak, jaten dutenak, gehienok eroak... Eta janaria prestatzen dutenak, diruz eroak, lanean madarikatzen den nekazaria asko konturatu gabe...
Banuen osaba bat, urteetan nondik nora ibili zen sekula jakin ez dudana. Anaiarteko gerratearekin bat ezkutatu zen nonbait, badirudi zenbait baserritan lana egin eta borda batean igaro zituela urteak basoan, bakardadean. Bere azken urteetan ezagutu nuen, ez zen nolanahikoa izango gaztetan. Altuera handikoa, beso luzeak...
Basoan urteak egin eta erabat bizitza aldatzean, sendikoekin herritik gertu, baserrian, dena berria zen beretzat. Beste mundu batean gelditurik zen, ezagutu zuen hartan... Egunero, egunkaria, irakurtzen ahalegintzen zen. Baita iragarkiak ere... Irratia, telebista... Ukuilua bete abere, behi eta txahal...
Iruditzen zitzaionean, laguntzen zuen nekazari lanetan eta ukuiluan ibili zen batean ikusiko zuen behien pentsuaren poltsa bat, izendatzen zen zerekin eginik zen, bertan agertzen zen "fosforo" idatzita. Berehala atera zituen ondorioak: -Jateko ederra ematen diozue behiei... Poxpoloa alajaina! Gutxien ustean, su hartuko ditek!
Ez da oraindik horrelakorik gertatu, baina pentsatzen ari naiz, behiak erotzen dituen substantziak ez ote zaizkigun iritsiko oilo eta oilaskoetan, untxi edo ahatetan... Edo kutsatutako itsaso edo ibaiko arrainetan? Barazki eta gainontzeko jakietan berriz, zer?
Elurra, aberastasun berezia (2001eko otsaila, 15. zenbakia)
Azketako iturritik Xoxote gailurrera arteko izoztegia, ha-rrigarria iruditu zitzaidan lehengoz ikusi nuenean, eta oraindik langintza izugarria delakoan naiz, gogoan izanik elurra jasotzeko egina dela. Nolatan hainbeste lan hartu, elurra jasotzeko? Ordea, garai batean, elurra izateak, herriaren aberastasuna agertzen zuen, edari freskagarria izanik urtean zehar. Gaiari buruzko lehen albisteak 1661ekoak dira, baina garbi agertzen dute aurretikako arazoa zela elurra bildu eta gordetzea; herritar agintariek tratua egingo zuten izoztegia zuen Inazio Odriozola jaunarekin. Bederatzi urtean ahalegindu beharko zuen elurra inguratu eta gordetzen, herriak agindutako salneurrian salduz maiatzetik azaroa bitartean.
Batez ere 1666an, larrialdian zen Odriozola jauna, elurrik gabe gelditu eta agintariek adierazi zioten, horrelako bat gertatzean, beste nonbaitetik ekartzen ahalegindu beharko zuela. 1676an, hornitzaile bera saiatuko zen berriz Aizkorritik elurra ekartzen; herria elurrik gabe zen bakoitzeko, isuna jartzea erabaki zuten agintariek.
Lehen izoztegiak itzaleko sakonuneak besterik ez ziren, elurra azkar ur bihurtzen zeneko tokiak. Inazio ezezik, bere anai Juan ere ahalegindu zen izoztegi batzuk prestatu eta hornikuntzan ondorengo urteetan, eta besteren bat ere bai. Baina 1684an erabaki zuen herriak, Izarraizko izoztegia egitea. Bost urte luze igaroko ziren, amaitu arte. Zulo handia egin eta dena prest zela. 1687an konturatu ziren, urari irteera emateko erretena atera gabe utzi zutela...
Agintarien arteko haserrea (2001eko martxoa, 16. zenbakia)
Guztia sortu zen 1654ko abuztuaren 18an, herriko agintarien erabaki baten ondoren. Herriko San Agustin komentuko priorea aukeratu zuten Andra Mariaren jaiotze eguneko elizkizunerako sermoia egiteko.
Berri ematera bidali zuten agintariek udaltzaina parrokiko erretorearen etxera, eta berak ez zuen ikusi nahi izan, adieraziz, bazkaltzen ari zela, baina gezurra esan ziola konturatuz etxeratu zen. Gertatu zenaren aurrean, agintariek erabaki zuten beraietako bi joatea erretorearen etxera udaltzainarekin, besteak zain geldituz udaletxean. Berdin jokatu zuen berriro erretoreak, aintzakotzat hartu gabe... Beraien artean hitzegin eta berriro bihurtu ziren bi agintariak, oraingoan aginduarekin, etxeko atea jo gabe barnera sartu eta erretorea zen gelara joan eta erabakia adieraziz.
Agindua bete eta bihurtuko ziren udaletxera, adieraziz nola aurkitu zuten erretorea, herritar batzuekin karta jokoan. Agintarietako batek eskatu zion pare bat aldiz altxatu eta albistea entzuteko, alferrik, erantzunez ez zuela inolako beharkizunik horretarako.
Garbi adierazi zuten erretorearen etxera joanek erretorea eskuetan kartak nahasten aritu zela, gelan egin zuten denboraldian. Haserrea agertuz, herriaren aldetik bazterturik ikustean, beste bat izendatu zuen sermoi egiteko. Gainera agustindarren, elizgizonen artean eztabaidak sortu zituen, komentukoa...
Esan beharrik ez da, zer nolako haserrea sortuko zuen berriz agintarien artean, Frantzisko Zelaiaran erretorearen jokaerak.
Herriari ez zitzaiola entzun nahi izan (2001eko apirila, 17. zenbakia)
Ilunean, argia sortu zen eta Urola trena hasiko zen lanean 1926an. Baina, argia itzaliko zen urtean geroago, 1988an eta trena alferrikakoa zen. Erabakia hartzean Eusko Jaurlaritzaren aldetik, ez ziren kontuan hartuko, trenak bere bidean ukitzen zituen herrietako ordezkarien iritziak. Urretxun, EA (7), HB (2) eta EE (1), Urola trenak lanean jarrai zezala eskatuko zuten, EAJko bakarra abstenituz eta PSOE (2) ezezkoa agertuz. Zestoan, HB (4), EA (3) taldeko bat falta izatean, trenaren aldeko iritzian ziren, EAJko hiru abstenituz. Zumaian, alkatea kanpoan bazen ere, EA (3), eta HB (3), aldeko ziren, EAJko beste hirurak abstenituz. Azkoitian, HB (3), EA (3) eta EE (1) aldeko ziren bitartean, EAJko zortzi abstenituko ziren.
Iritzi horiek gogoan izanik, honako emaitza lortzen zen: Trenaren aldekoak EA (22), HB (14) , EE (3), guztira 39 botu. Abstentzioak EAJ (23) eta trenaren desagertzea ontzat hartzen zutenek PSOE (4). Xehetasun beharrik gabeko datuak dira, baina agintari nagusien erabakia beteko zen, lanean zenaren trenaren ordez autobusak jarririk eta museo bat Azpeitian.
Baina, 2001ean, berriro ere ilunean, argi izpi bat sortzen da, merkantzia trena jartzeko ideia, Zumaiatik Azpeitira, bertan kokaturik den Aceralia lantegira txatarra garraiatzeko.
Herriaren ahotsa ez zen aintzakotzat hartuko bere garaian, baina dirudienez, lanegiko labeen zarata izugarria bai orain... Eta lehen ezetz ziotenak, orain baiezkoa, eta baiezkoek ezezkoa... Ilunean, argitasun handiagoaren beharrean gara dirudienez...
Sagardoa eta sagardotegiak, modan ditugula (2001eko maiatza, 18. zenbakia)
Sagardoa, sagardotegiak... Benetan estimatuak dira azkenaldian. Antzinatik euskaldunok ezagutzen dugun edaria, gogozkoa nonbait oraindik ere eta ez da erraz egiten aurkitzea inor, oraindik sagardotegi bakarren batetik biratxoa egin gabekorik.
Azpeitian, sagardoari buruzko lehen albisteak, 1530ean aurkitu ditugu; ondorengo urteetan behin eta berriz aipatzen da, batez ere, egiten zutenek salgai jartzeko unean, herriko agintarien aldetik dastaketa egiten zelako prezioa izendatzeko. Horrela egiteak adierazten du nolabait, nolako garrantzia zuen sagardoak garai haietan, sagar gutxi izatean, agintariek baimentzen zuten ura nahastea, urte guztian edaria izan zedin herritarrentzat.
Saltzaile, 11 herritar agertzen dira 1559an, 29 saltzaile 1587an eta lau urte geroago berriz 40k osatuko zuten zerrenda. Zozketa egiten zuten agintariek, txandan jarri zitzaten salgai upelak, lehentasun berezia emanaz herrian jasotako sagarrarekin eginiko sagardoari. Berdin jokatuz 1604ean ere, sagardo gehien saltzeko zuena Juan Perez Altuna zen sei upelekin eta Miguel Saez Goiaz bostekin, denen artean 45 upel osatzen zituzten.
Herriko sagastietan jasotako fruituarekin eginiko sagardoari lehentasuna emateak adierazten du garbi, herritarrentzat derrigorrezkoa zen edaria egiteko gaia bertan izan nahi zela, sagastiak osatzera bultzatuz lur-jabeak. Gaur egun, beraien ezaugarritzat, bakar batzuk besterik ez zaizkigu gelditzen zoritxarrez... Baina, sagardoa eta sagardotegiak, modan ditugula garbi da.
Ibaiak zaintzen zituztela agintariek? (2001eko ekaina 19. zenbakia)
Hala dirudi, azpeitiar agintariek 1522. urtetik Ordenantza berezia zuten ibaiak zaintzeko, batez ere, ibaiko ura eta arrantza aberastasuna izanik. Adibidetzat, Joseph Goenagak 1664an eginiko salaketa dugu, esanez egun eta gau, neurri gabeko arrantzak egiten zirela herriko ibai eta erreketan, eta agintariei eskatuz isunak jartzeko, batez ere debekatutako tresnak erabiltzen zituztenei.
Neurri zorrotzagoak hartzen hasiko ziren agintariak, eta ondorengo urteko ekainaren erdiko batzarrean agertu zuten, herriko kartzelan preso zituztela bakar batzuk, baina ez da adierazten zenbat denboraz zeuden bertan. Beraietako bat, Frantzisko Landa, batzarra ospatzen zen aretora eraman zuten, eta arrantzari buruzko agindua irakurriko zioten. Gero, bakoitzari lau errealeko isuna jarri eta askatu zituzten. Esan, gainera, uholderik ez bazen behintzat, debekatuta zen arrantza egitea Santu guztien egunetik inauteri asteartera bitartean.
Bestalde, Olaztondoko presatik Madalena auzora artean, hildako abereak ibaira botatzea edo ertzean uztea 200 maraiko isunarekin zigortzen zen, abereen larruak ibaiko uretan garbitzea bezala.
Baina txanponaren bestaldeko aurpegia agertzen digun albistea agertzen da urte berean, 1665eko abuztuan, herriko fielak batzarrean jakinaraziko du , jaietan hil zen zezenak 290 liberako haragi pisua osatu zuela eta hauetatik 119 saldu zirela 84 errealean, eta gainontzeko haragi guztia ibaira bota zela ustelduta. Zaintzen zituztela ibaiak? Norentzat ziren aginduak?
Tripaldiak egiten zirela lehen ere (2001eko uztaila, 20. zenbakia)
Uztaila, herriko jaiak... ohiko bideari jarraituz gehienak. Gonbidatuak etxean eta etxeko emakumea etengabe lanean, zerbait egokia atera nahian. Txurrut bat baino gehiago eginik askotan, etxekoak eta gonbidatuak. Ongi etorri, musu, hitz egoki eta alaiak... Gero, mahairatutako guztia ezkutatzen da miraria balitz.
Antzekoa gertatzen zen, garai batean Gipuzkoako Korrejidorea iristen zenean Azpeitira ohiko txanda betetzera. Udalak prestatzen eta ordaintzen zuen afaria. Probintziako agintari nagusiaren inguruan biltzen ziren, bere laguntzaile eta herriko agintariak.
Afari horien ezaugarri, 1663. urtekoa dugu: hiru libra marmelada, jalea kaxa bat, bi libra anisa, bizkotxoak, lau libra orejoiak, 18 libra ahari, Bergaratik ekarritako untxe eta usakumeak, herriko beste bi untxe eta zortzi usakume, hamabi oilasko eta lau oilo, hamabi pitxar ardo, behien bi mingain, zezina eta urdaia, 18 libra pisatu zituzten bi lupia, hamar libra behi haragia, hamabi libra amuarrain, bi libra azukrea, elurra, eta abar.
Ezinezkoa zaigu jakitea zenbat bildu ziren afaritara, baina hutsik ezin gelditu janari zerrenda luzea ikusi ondoren. Jaterakoan, gogoko dugu barrena ongi betetzea, baina dirudienez ez da azken urteetako ohitura. Gastuak ontzat hartu beharko zituzten herriko agintariek, ahaleginduko ziren mahairatzen zena jaten. Martin Joseph Badaran korregidorea ere, zalantzarik gabe, bapo berdinduta geldituko zen. Bikarbonato beharrik ez ote zuen izango inork?
Ordularia izango zuela herriak (2001eko abuztua, 21. zenbakia)
Behin eta berriz borroka gogorrak jaso behar izan ditu historian zehar Donibane-Lohizune herriak eta ez nolanahikoa 1558. urtean ere, bi mila gipuzkoar partaide zirela gainera Albunquerqueko dukea, unean Nafarroako erretordearen esanetara bertara iristean, herri osoari su emanez. Esaten denez, herrian ziren etxeetatik, bakar bat gelditu zen erasoaren ondoriorik gabekoa, Ezkerrenea deiturikoa, gainontzeko guztiek galdu zituzten bertako biztanleek.
Baina horrelako borrokak sortzen direnean, galtzen dutenak ez ezik nolabaiteko irabaziak lortzen dituztenak izaten dira noski, itzalean ibili ohi direnak gehienean, zauritzeko arrisku gehiegirik gabe gainera seguruenik.
Kontua da, Juan Borja jaunak, Loiolako nagusia zenak unean, ordulari bat ekarri zuela Azpeitira, lotura berezia zuena gainera Donibane-Lohizunen izandako sutearekin, 1562an eta hogei dukat ordaintzeko unean berari herriaren aldetik, esaten zaigunez, dirutza horretan eskaini ziola Borja jaunak herriari Donibane-Lohizunen gertatutako sutearen garaian bertatik ekarritako ordularia. Baina, hori bai, herriaren aldetik ematen zitzaion dirua, elizaren beharrei erantzuteko erabiliko zuela aurrez tokia eta erlojuari maisu batek eginik beharren zituen pieza batzuk.
Mugaz bestaldetik ekarritako ordulariak, azpeitiarren denbora neurtzen jarraituko zuen horrela urteetan. Bera lortzeko nolako bideak jorratu ziren jakitea egiten zaigu benetan zail, ezinezkoa. Borja jaunak eman zituen urratsak, ordulariaren jabe egiteko...
Olazko ermitan agintariak biltzen zirela (2001eko urria, 22. zenbakia)
Ezinezkoa zen Gipuzkoako Batzar Nagusiak noiznahi egitea erabakiak hartzeko, herri, auzo edo elkarte guztiak bilduta. Antzinatik biltzen ziren gutxienez urtean behin, 1457an adierazi bezala; baina Batzar Nagusi bat eta bestearen artean berehala erantzun beharreko arazoak sortzen ziren, eta erabakitzeko baimen osoa zuen Gipuzkoak, Batzar berezietan. Batzar bereziak, lehen batean behintzat, Bidaniako Usarragan eta Azkoitiko Basarten egiten zituzten. Esan beharrik ez da zailtasunak izango zituztela herrietako ordezkariek Usarragara iristeko, batez ere neguan edo eguraldia gogor agertzen zenean. Oinez ere, ezinezkoa askotan!...
Geroago ordea, 1470ean, erregeak baimendu zuen, Gipuzkoaren eskaera erantzunez, Basarteko Batzar bereziak, Azkoitiko Santa Kruz komentuan edo Azpeitiko Olazko ermitan egitea. Eta berehala hasiko ziren 1700. urtea bitartean jarraituz; urte horretako urriaren 31n bildu ziren azken aldiz Olatzen.
Aurki daiteke oraindik Olazko ermitan garai hartako adierazgarririk: aulki luzeak ermitaren hormen kontra. Baina ez dira lehen batean agintariak esertzen zirenak. 1633ko martxoan esaten zaigunez: Felipe Etxeberriari ordainketa bat egin zion herriak, Olazko ermitan ospatutako Batzar berezirako aulkiak eraman zituelako.
.1681ean 886 erreal ordaindu zituen herriak bertarako aulkiak egiteko, aurrez Elgoibarren eginiko Batzar Nagusian ontzat emana zutena, behar bezalako erosotasuna eman nahian Batzar berezietara hurbiltzen ziren agintariei.
Oinpean izan ditugu urteetan zehar (2001eko azaroa, 23. zenbakia)
Berritze lanen aurretik ahalegindu dira Azpeitiko Parrokiko Soledadeko kapera miatzen Aranzadi Zientzi Elkarteko kideak. Langintza jarraitu nahirik egin ditugu egonaldi luzeak, batez ere XVIII. mendearen amaieran lurreratutako gorpuak agertzean. Behin eta berriz kaperara iritsi garenok Naximentua ikustera, ez genuen berehala pentsatuko oinpean herritarrak zirenik, guztiak hezur.
Unetxo bat egin nuen haiei begira lehen aldiz ikustean, pentsatuz nortzuk izan zitezkeen. Garbi zen, Azpeitia historian zehar lanean agertu bezala: frantziarrak herriratzean heriotza aurkitu zutenak ziren, hilketa asko izan ziren garaikoak eta usain gutxiago zabaltzeko, karea botatzen zitzaienekoak. Auskalo zeintzuk ziren eta nolako bizitza izan zuten, baina unean berdinak ziruditen. Aberatsak edo behartsuak ziren, ezin igarri. Alu edo jator joka zuten ere ez... Guztiak hezur! Zulo batean zeudenek (lau bat gutxienez), tropa bateko kideak ziruditen eta pentsatzen hasi naiz ez ote zuten nire zaratarik entzungo, haien artean honelako zerbait esanez: "Hara hemen troparako beste kide bat".
Baina aurreagotik lurperatutakoen hezurrak ere agertu ziren gero, kanpaia funditzeko labea guztiz ikusi nahi izatean. Aranzadikoek ziotenez, herria sortu zen garaikoak izan zitezkeen; hau da, XIV. mendekoak.
Guztiak izan ditugu oinpean urteetan Eguberri inguruan kapera horretan izan garenok Jaiotza ikusten. Haiek, bien bitartean, ilunaren menpe isilean... Zer nolako huskeria garen gogoratzeko balio izan dit Soledadeko tropa ikusteak.
Gauzainen lehen zerbitzua Azpeitian (2001eko abendua, 24. zenbakia)
Gaur egun bezalako jendetzarik ez zen ibiliko gauez seguruenik herrian 1865ean, baina orain bezala orduan ere, nonbait, lapurretarako prest izaten ziren bat baino gehiago, eta hauek mozteko asmoz nahi izan zuten azpeitiar agintariek gauzain zerbitzua sortzea. Ia urte bat igaro zen, lehen aldiz gaiari buruz hitz egin eta ideia egi bihurtu zen bitartean, ahaleginduz tarte horretan, Tolosa, Irun, Hernani eta Bergaran osaturik zituzten gauzainen arautegiak ezagutu eta hausnartzen. 1866ko otsailaren 19an, agintariek eginiko batzarrean erabaki zen hiru gauzain izendatzea, batek besteen buru egiten zuela, zortzi erreal ordainduz eguneko eta erreal bat gutxiago beste biei. Laugarren bat ere izendatzea egokia iruditu zitzaien, aurrekoen hutsuneak betetzeko, erreal bat ordainduz eguneko.
Herria zaintzea bakarrik ez zen izango haien lana, kaleko argiak zaindu beharko zituzten (petrolioa erretzen zutenak), agindutako orduetan piztuz eta itzaliz; aurretik lan hori egiten zuenari ordaintzen zitzaiona, hauen soldatak osatzeko hartu zen. Arautegia Gasteizkoa eta Donostiakoa ezagutu ondoren prestatu zen, eta urte bereko martxoaren 6an ontzat hartu zuen probintziako Gobernadoreak; ondoren, Pablo Martinez jaunaren inprimategian 40 ale egin ziren.
Hamahiru herritarrek eskatu zuten lanpostua: aurrez herriko argiak zaintzen zituen Jose Bernardo Olaizola, Serafin Etxeberria eta Sebastian Aiestaran izendatu zituzten; hutsuneak betetzeko berriz, Kalixto Etxeberria. 1866ko apirilaren lehen igandean kaleratu ziren lehenengo aldiz azpeitiar gauzainak.
|