|
|
|
2000
Imanol Elias
.690 urte bete ditu Azpeitiko herriak bizirik (2000ko martxoa, 5. zenbakia)
Igaro den otsailaren 20an bete ditu Azpeitiak 690 urte. Bada zerbait... Guk ezagutzen dugun herria gure aurrekoek eskaini digute, eta ondorengoa berriz guk utziko diegu jarraitzen digutenei. Eskuratu duguna nahi bezalakoa ez bada, gure esku da hobetzea...
Herria sortu aurrez, garbi da Iraurgiko biztanleak bertako lurraldean sakabanaturik ziren baserrietan bizi zirela, askotan gainera auzoak osatuz, elkarren arteko laguntza izanik horrela, eta batzutan gainera eliza edo ermitaren bat inguruan zutela. Iraurgiko lurraldea zaindu eta justizia banatzeko, alkate bat zen izendaturik erregearen aldetik, eta beraren menpetik ihes egitea nahi izan zuten biztanle batzuk, herri bat sortuta. Garaian eraikitzen ziren beste herriak bezala, lehenik aukeratu zuten tokia Garmendi ingurua zen, Otzaka eta Iribarrena lurraldeetan, erregeari eskaintzen zitzaizkionak baimena eman zezan. Garbi dago Garmendi gainetik herriak izan zitzakeen gainontzeko lurralde gehienak ikusi eta zaintzeko erosotasuna zutela, baina Soreasuko eliza urrutian gelditzen zitzaiela konturaturik, urte baten barruan egingo zuten beste proposamen bat, hau da, herria elizaren inguruan eraikitzea, Iturriza deituriko lurraldea eskainiz horretarako.
Lan handiagoan sartzen ziren horrela lehenengo azpeitiarrak, borroka gogorra izan zuten-eta Urola eta Ibaieder ibaiekin, beraientzat ubideak egokitu beharko zituztenez. Ordaintzat, ordea, Soreasuko eliza bereganatu zuten. Aurrez emandako baimenari 1311ko ekainekoak jarraitu zion.
Iraurgiko alkate nagusiaren haserrea Azpeitia sortzean (2000ko apirila, 6. zenbakia)
.1310ean Iraurgiko biztanle batzuk elkarturik herri bat sortu nahi izatea ahalegindu ziren unean, bertako alkatea aritu zen, Pedro Ruiz Auzmendi jauna, beraien nahia zapuzten, jabeturik nonbait bere nagusitasuna galtzeko zorian zela. Gogoan eduki behar da, Iraurgi osoaren lurraldeko alkatetza hori, berak ez ezik, bere aitak eta aitonak izan zutela urteetan zehar, eta ez da harritzekoa oztopoak jartzen saiatzea biztanleen ideia moztu nahirik. Izan ere, herria sortzean, bertako biztanleen artean aukeratuko zituzten agintariak, eta nagusitasunak ez ezik, lurraldearen zati handi batek ihes egingo zion eskuetatik. Muturralde ederra agertuko zuen, seguraski, sendiak izandako nagusitasuna galtzen ikusirik...
Sortu zen Azpeitiko herria eta Auzmendi jaunak ez zuen etsiko. Horrela agertzen zaigu 39 urte beranduago ere borrokan; ordurako, gainera, galdurik zuen bere alkatetza Iraurgi osoan, Azkoitiko herria sortu baitzen 1324n.
Erregeak 1349ko uztailaren 27an eman zuen burupenean agertzen zaizkigu garaiko azpeitiar borrokalari batzuen abizenak eta beraien artean honoko hauek: Arriaga, Arsuaga, Mandiolaza, Garai, Egurza eta Oiarzabal, beraien jatorria garbi adierazten dutenak.
Oraingo politikariak kritikatzen ditugu beraien postuan urteak eta urteak egiten dituztelako, inoiz postu hori uzteko gogorik agertzen ez dutelako; baina dirudienez, ez da azken urteetan sortutako gaitza, eta adibidetzat har dezakegu Iraurgiko Alkate Nagusiaren jokaera hura.
Lehen eta orain, Urolaldean trenarekin amets (2000ko maiatza, 7. zenbakia)
Lehen kilometroak egiten hasi zenetik egin zuten amets azpeitiarrek trenarekin; gero, egi bihurtuko zen ametsa, eta azkenean, berriro amets bihurtuko zen nahia.
Norteko trenbidea nahi izan zen gerturatu Urolaldera 1856an, eta Bergaran egin zen bilera bat azpeitiar agintariak bertan zirela, baina urruti igaroko zen proiektua. Herritarren nahia gogoan, herriko alkateak adieraziko zuen 1882an nortarainoko erosotasuna sor zitekeen; Gasteiztik irten eta Urolaldean zehar igaro zitekeen trenbidearen proiektua. Hau ere, ezerezean gelditu zen.
Beste bat sortu zen 1883an, Zumarraga eta Zumaia lotuko zituena, urteak aurrera pasatzen ziren eta oztopo handiak sortuko ziren, eta 1896an tranbe elektriko baten proiektua egin zen. Azpeitiko agintariek honoko baldintzak jarri zituzten, besteak beste, herrian igaro behar zuenari zegokionez: Erdikalearen ezker aldetik beharko zuen trenbideak, tranbea eta etxeen artean 75 zentrimetroko tartea. Tranbearen abiada, pertsonaren pausokoa beharko zuen izan, eta gainera behin eta berriz kanpaia joko zuen, hurbiltasuna adierazteko.
Egi bihurtzeko zorian izan zen hura ere ez zen sekula egi bihurtuko. Ordea, bai Urola trena martxan jartzea 1926an, urteetan egoki beteko zituena Urolaldeko biztanleen beharrak, sekulako bultzada emanez industriari. Amets motz bat besterik ez zen izan ordea eta ametsetan jarraitzen dugu....
Igarri ezinezko lapur isila (2000ko ekaina, 8. zenbakia)
Urteetan zehar hartzen zuten beraien gain herritarrak Udalarekin tratua egin ondoren, olioaren hornikuntza lana, ahalegintzen zirela ondoren erosketak egin eta aurrez agindutako prezioetan saltzen.
Lan horretan egingo zuen denboraldi luzea Fernando Maiora jaunak ere 1782an, eta beste bat langintzaren jabe egitean adieraziko zuen 110 arroa uzten zituela saldu gabe, tina batean gainera 42 arroa zirela azkenaldian erosiak. Adierazitakoa baieztatu nahirik begiratuko zuten agintariek, aurkitzen zituztela 12 libera bakarrik 42 arroa egon behar zuten tina handian. Tina bera zerbait pitzaturik zela pentsatu zen lehen batean eta ihes egin izango zuela olioak bertatik. Baina frogatu egin behar zen eta saiatuko ziren tinaren ondoa aitzurtu eta begiratzen ongi. Lehor zen guztia eta olioak ihes eginiko aztarnarik gabe...
Lapurretaren bat? Tinak gorderik ziren tokia ere, giltzak itxirik egoten zen. Hornitzailearen aldetik arreta gehiegirik jarri ez bera zaintzeko? Lehen baten behintzat, bera hartuko zuten erruduntzat, erabakitzen zutela agintariek, berak ordaindu beharko zuen falta zen olioa. Istiluak sortuko ziren bi alderdien artean, legegizonak parte harturik...
Hiru urte geroago ere jarraitzen zuen iskanbilak, bakoitzak bere iritziak defendatzen zituela, baina 1785ean konturatuko ziren agintariek, tinak egoten ziren lokalaren kontra zen baratzako atetik norbait sartzen zela sarritan eta isilean, lapurtzen zuela olio baliotsua. Nor izan ziteen jakin gabe geldituko zen lapurra bera.
Zorrak zor... (2000ko uztaila, 9. zenbakia)
Herri jaiak gertu zirela-eta kontuak atera behar ziren udalean, herritarren nahiak nolabait betetzeko. Horrela, 1651eko maiatzaren 21eko udalbatzan adierazi zuen alkateak, aurrez erabakita bezala ahalmena zuela Udalak 200 erreal gastatzeko Inazio donearen jaietan, eta hala egin beharko zela, zerbaitxo bat gehiago erantsirik erraldoiak herriratzeko; aurretik izandako agintariak ahalegindu baziren ere beste diru bat lortzen herritarrek zenbait ekintza gehiago aurrera eramateko.
Adierazi zuen baita ere, bere iritziz, herriaren aldetik ezinezkoa zela zezenketa bat egokitzea, probintziako herri nagusietan egiten zen bezala; eta herritarrak beraien gain hartu behar zutela horrelako zerbait antolatzea.
Nahiko iskanbila sortu zuen alkatearen iritziak bildutakoen artean. Era guztietakoak zeuden lehenago edo geroago hurbiltzen joan zirenen artean.
Azken batean, gaia jorratzea eskatu zuten agintariek eta batzarrera hurbildu zirenek, gero, euren botuez. Batetik, fidela zenak eskatu zuen udalak 300 erreal ematea urtean, diru horrekin herrira zezenketarako sei zezen ekartzeko; eta beste bi eskatzea harakinari, kaleetan zehar erabiltzeko jaietan. Berarekin bat egin zuten beste 35 lagunek.
Bestetik, Pedro Beltran Oiarzabal jaunak proposatu zuen aldaketarik ez egitea; hau da, 200 erreal bakarrik gastatzea jaietan, batez ere ikusirik zorrak zituela herriak. Baina bere iritzia hamabostek bakarrik hartu zuten ontzat.
Zorrak zor, herriko jaietan zezenak behar derrigorrez...
Turismoari begira (2000ko abuztua, 10. zenbakia)
Kontua da, azken denboraldian ahalegin guztiak egiten ari dela herriko udala, Azkoitikoarekin batera, uda garaian Loiolara hurbiltzen diren turistak bi herrietara hurbiltzeko. Kontua da, gutxi gorabehera 300.000 bisitari izaten dituela urtean Loiolak, eta haietatik oso gutxik hartzen dutela Azpeitirako bidea. Baina kontua da, zerbait lortzea nahi bada behintzat, aurrez jakinarazi behar zaiela zer aurki dezaketen herrian.
Horretarako dira zabaldurik zenbait liburuxka, argazkiz beterik gehienak, turisten artean herria zerbait ezagutzeko gogoa sortzeko lagungarri. Beraietan ditugu, Loiolako Santutegia ezezik, inguruko zenbait etxe, alde zaharra, parrokiko bataialekua, Egibar baserria, Olatz, Madalenako ermita eta erietxea, trenaren museoa, komentuak, Antxieta, Enparan...
Kontua da, ordea, eskaintzen zaizkien liburuxkak irakurri eta herriratzeko gogoa sortzen zaionak, noiz izan dezakeen aukera toki horiek ikusteko, gehienean itxirik izaten baitira.
Kontua da, bestalde, bakarren bat ikusi daitekeela, zati batean, kanpotik begiraturik; horietako bat da garbitokia. Begiratzeak bakarrik, ordea, atzerakada eman dezake, zikina dagoelako. Ongi dakigu arrainak prestatzeko erabiltzen dela, langintza bikaina zalantzarik gabe; baina txukunago egon dadin, gauzak egoki antolatzea beharrezkoa da. Lan horretan direnek tresnak jasotzeko leku bat izatea ez legoke gaizki...
Beste kontua da, herriratutako turistek, ondoren, beraien diruetatik zerbait herriko merkatarien eskuetan utzi nahi izatea...
Herria defendituz (2000ko urria, 11. zenbakia)
Herriak urteetan ahaleginak egin ondoren osatuko zen Enparantza Nagusia, lurraren jabetza gehienbat agustindar eta domingotarrena zen. Baina Loiolatarrak bazituzten etxeak eta herriak erosi ondoren lurreratzea erabaki zuten agintariek.
Berehala sortu ziren istiluak eta Matias Inazio Zuazolak, loiolatarren eskubideak defendatu nahian, auzi kriminala jarri zuen Valladolideko Chancilleria Errealean, udalean fiela zen Domingo Gerrenzuri eta Joseph Goenaga errejidorearen aurka. Biak atxilotzeko, bi aguazil bidali zituen Chancilleriak 1653an.
Herritar agintariek, udalkideen jokaera egoki hartuz erabaki zuten defendatzeko gastuei aurre egitea, mendietako egurra ahalik eta azkarren salduz, aguazilei ordaintzeko. Izan ere Migel Amassa jesuita, Alcaņices eta Oropesako Markesaren poderea zuen Loiolako administradoreak legez sinatu zituen salerosketa paperak.
Uztailak 6an, Valladolidera bidean jartzeko prest ziren Gerrenzuri eta Goenaga, Agustin del Castillo alguazilak atxilotu zituen. Bezperan erabaki zuten agintariek, Juan Anzia jaunari zilarrezko ehun dukat eskatzea, legegizonak aukeratu eta atxilotuak defendatzeko. Prest ziren baita alkatea zen Inazio Agirre eta Antonio Altuna fiela lanean hasteko, adieraziz komenigarria izan zitekeela beraien postuetarako bitartean beste norbaitzuk izendatzea, herritik irten beharra zutelako, Tomas Eizaga alkatetzan jarririk eta Frantzisko Uzkudun fiel bezala.
Herriaren prestigioa zen nonbait nolabait zalantzan eta neurriak hartu behar...
Azpeitiar agintarien estualdiak 1812. urtean (2000ko azaroa, 12. zenbakia)
Udal akta liburuari begiradak adierazten du zerbait gogorra gertatzen zela 1812an, maiatzetik uztaila artean 15 udalbatza nagusi egin ziren.
Probintziak aginduta, frantziar soldaduen beharrak erantzun behar zituen herriak. Lehen hilabetean, herriak aurreratutako 3.000 errazio ogia eta ardoa, baina gehiago prestatu beharrean aurkitu zen; hilaren 16an, beste 4.000 soldadu herriratu zen Mina mariskalaren esanetara, San Agustin eta Santo Domingo komentuak utzi eta Loiolako Ikastetxe Errealetik lotarako lastoa ekarriz. Haragia ere herriak inguratu behar zuen, agintariei baserritarrak ezer gabe utzirik, ezinezkoa egin zitzaien ordaintzea.
Derrigorrezkoa egin zitzaion herriari, jeneroen ordainketa eskuratzea, baina probintziaren ezezkoa jasotzean, larrialdian aurkitu zen. Gipuzkoako Borondatezko taldearentzat ere, 1.400 errazio prestatzeko agindu zen ekainak 7rako, ezinezkoa zela erantzutean, agintariak atxilotu ziren udaletxeko areto nagusian. Azkenik, zorrak ordaindu eta eskaerak erantzun ezinik, baioneta artean, Deskarga aldera eraman zituzten agintariak gaueko hamaiketan. Gau euritsua zen, bat baino gehiago izan zen, etxetik irtetzeko gai ez zela, ibili ezinean, zauriak eta kolpeak zituztela...
Abuztuan, 1.800 errazio aurreratu ziren, ogia eta haragia, Oņatzeko baserritarrak 32 erralde eman zituzten, Odriakoak 18, Loiolakoak 17, Eizagirrekoak 28, Izarraitzpekoak eta Elosiagakoak 32.
Herriko jai nagusiekin gogoratzea, nahiko zaila...
Zuhaiztiak, herriaren aberastasun berezia (2000ko abendua, 13. zenbakia)
Behin baino gehiagotan entzun dugu, Azpeititik Zestora lurrean oinak jarri gabe joan zitekeela garai batean zuhaitzetatik zintzilikatuz, baina gaur egun zail egiten da pentsatzea ere.
Aitzinan eraikitako baserri edo etxeren bat ikustean harritu ohi gara askotan, dituzten habe sendoak eta ohol zabalak begien aurrean agertzen zaizkigunean. Urteetan bizirik izandako zuhaitzen zatiak dira seguraski. Gaur egun, antzekorik aurkitzea, zail egingo litzaiguke herriko lurraldeetan behintzat. Kontuan izan behar da ordea, zer-nolako arreta jartzen zuten garaiko agintariek zuhaitzak landatu eta zaintzeko, gogoan izanik aberastasun ezinhobea zela egurra izatea, etxeak, burdinoletarako ikatza, altzariak egiteko edota sukaldeak berotzeko.
Herrietako agintariek ez ezik, probintziakoek eman ohi zituzten agindu zorrotzak zuhaiztiak zaintzeko eta gutxien ustean bisitaldiak egiten zituzten herrien basoetara. Horrela 1668an Azpeitira probintziako intendente gorenekoa etorri zen, ikusi zuena ontzat hartu bazuen ere, herriko udalak jakinarazi zion, urte bereko ekainaren 2an, azken hamar urtean zenbat zuhaitz landatu ziren herriko lurraldeetan: 20.000 oinkada haritz gutxienez, beste 34.000 oinkadako lurraldean sartzeko hainbat landare zituela adieraziz. Bada zerbait...
Urte bereko irailaren 29an eginiko batzarrean, ontzat hartuko zuen beste behin Udalak bere lurraldeetan, urte bakoitzean mila haritz landatzeko erabakia, agindua betetzen ez bazen, isuna ezarriko zitzaiela agintaritzan egon zirenei.
|