Gora begira
Kepa Urbieta
Egunero bezala, Luzifer eta Jainkoa kafetxo bat hartzeko geratu dira eguerdian. Gaurkoan, Luzifer joan da Jainkoaren etxera. Azken horrek etxe atarian duen igerilekuan jolasean ibili ondoren diamantezko mahai baten bueltan jarri dira biak. Tertulian hasi dira.
Luzifer: Ez al dun ikusi?
Jainkoa: Ez. Zer?
L: Zertarako ematen didan ezezkoa ez badakin zertaz ari naizen?
J: Jesus, Maria eta Jose, gizona! Ba, atera egin zait.
L: Horrela zoan mundua gero. Aurrena bota eta gero galdetu, denek egiten diten gainera. Ezin dinat ulertu.
J: Akaso, mundua ez da sortu zuk ulertzeko.
L: Edo akaso gaizki egindako obra bat dun.
J: Aizu! Ez esan niri horrelakorik gero, entzun! Nik ez dut ezertxo ere gaizki egiten. Kostatakoa izan zen, onartzen dut, baina zein ederra den. Inuzente horiek dira etengabe nire lana zatika pikut... Ejem, barkatu eztarria ez dabilkit bere onenean. Esaten ari nintzena, lurtar horiek dira nire lana itxuraldatzen ari direnak.
L: Horrek erakusten din ba ez dela obra perfektua. Nola liteken Jainkoak bere esku sakratuekin eginiko artelan bat gizaki inuzente batzuk suntsitzeko modukoa izatea. Ea, esan iezadan.
J: Zer moduz dago San Pedro?
L: Tipikoa! Beti berdina egiten dik -pentsatzen du bere baitan-. Ondo zagon. Badakin betiko martxan, eliza bat eraiki hemen, beste bat han, urrea biltzeko asmotan ari dun orain ere.
J: Nitaz gogoratzen da orduan. Hura bai gizon...
L: Ez neska –mozten dio-. Orain nire izenean egiten dizkin.
J: Zer? Nola? Baina ezin dira zure izenean elizak sortu. Zer egin diozu? Bihozgabe bat zara, putak...
L: Lasai emakumea! –mozten dio berriro ere- edo eztarria berriro urratuko zaizu. Ondo asko dakizu nik ezertxo ere egin gabe bidali zutela zuen San Pedro gurera.
J: Ez dut sinesten. Eta nahi duzuna esango duzu, baina ziur nago zuk zerikusia izan zenuela erabaki horretan.
L: Ez duzula sinesten? Eta hik esaten dun hori? Ez dun ba zaila: fede kontua Jainkoa, fede kontua! Baina, alferrik ari dun. Behin eta berriz esan zionat, baina temati jarraitzen din. Horrela zerurako bidea bilatuko duelakoan zagon. Gainera, etxean hartu dinat zerbitzari lanetarako. Tarteka astun samarra dun, koipea eman eta eman aritzen dun une oro, baina balio din.
J: Lotsagabea!
L: Zerbait esan duzula iruditu zaidan. Errepikatuko al didan, mesedez?
J: Nork? Nik? Nik zerbait esan? Ez, ez, ez. Zuk esan bezala iruditu egin zaizu.
Isilune txiki baten ondoren...
L: Gainontzekoek zoratuta amaitu dinate.
J: Ze gainontzeko?
L: Beste San guztiek.
J: Ene Maria santisima!! Nire zerbitzari leialak erabat galduta! Ez zuten horrela bukatzerik merezi –otoitzean hasten da-.
Handik ordu eta erdira...
J: Esnatu! Luzifer esnatzeko!! Baina.. esnatzeko behingoz, joder!!
L: Zer da? Emakumea, gozoago esnatuko al ditun beste...
Beldurtzeko moduko begirada ilunarekin aurrez aurre jarri zaio Jainkoa.
L: Bukatu al dun?
J: Zer bukatu? –erantzuten dio haserre-.
L: Otoitza.
J: Bai, bukatu dut.
L: Eta konpondu al dun zerbait?
Amorruari ezin eutsita katiluari indarrez eusten dio Jainkoak.
L: Gaur egun petrala daukan, e? –esaten dio Luziferrek aulkitik altxa eta pare bat pauso atzera eginez batera- Gaur zenbat?
J: Hara! Zure galderei galderekin erantzun behar izateaz aspertzen hasia nago. Galdetu behar badidazu egin ondo, osorik, ulertzeko moduan. Zenbat zer?
L: Orain oroitu naun zergatik banandu gintunan.
J: Ez hasi niri titiak ukitzen!
L: Ez ditinat faltan sumatzen, baina tira, gaizki ere ez legoken. Aspaldian ez ditin inortxok ere ukitu, ezta?
Ingurura begiratzen du Jainkoak ea norbait dagoen jakiteko, eta ez dagoela ikusita...
J: Putakume, kabroi, zikin eta nazkagarri bat zara. Zure gisakoak ere saldu egingo zenituen ahalko bazenu.
L: Horrek zerbait gogorarazi zidan.
Jainkoak, bere hitzek Luziferrengan zipitzik eragiten ez dutela ikusita, etsita galdetzen dio...
J: Gogoratu zer?
L: Aurreko galdera. Neska, gaur burua hankartean duzula ematen din; ez dun ezertxo ere lehenengoan harrapatzen.
J: Bota galdera, bota.
L: Ea ba, hemen zoan. Gaur zenbat hildako jaso ditun zeruan?
J: Ehun milioi inguru. Eta hik?
L: Milioi bat edo bi. Eta hireek ondo hartu al diten?
J: Ez, alajaina. Haserre daude nirekin.
L: Ez esan, bai? Zergatik ote da? Ea, zer egin ote dun hik...
J: Hoa popatik!
L: Kontuz, atzean tipo bat zagon eta entzun egingo din.
J: Atzean? Ez ba! Non? Non?
L: Lasai, broma bat zunan eta –irribarre maltzur bat egiten du-. Eta harritu egingo haiz orain haserre daudelako?
J: Zergatik diozu hori?
L: Ni ere euren lekuan sutan egongo nindunan. Bizitza madarikatu guztian goseak hiltzen, gaixotasun guztien bazka direla, sendagilerik gabe, aberastasun guztiak lapurtuta…. Eta okerrena, Jainko zuriaren gaztigua pairatzen ari zirela ustetan bizi izan ditun egoera horretan, eta hildakoan zer, eta hara non jakiten diten Jainkoa euretarikoa dela, beltza alegia!
|