Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  9. zenbakia »  Zurekin

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Zurekin

Iosu Salegi

 

Doinu honetan bidaian goaz, biok aurrez aurre eserita, leihotik kanpora begira. Gurpilen burdin soinuek markatzen dute erritmoa, kanpokoa eta gure barrukoa, burukoa. Bidaia deitzen diogu geltoki batetara iritsi aurreko denbora honi. Bion bidaia dela diogu, geltoki beretik abiatu garelako eta geltoki berean jaitsiko garelako.

Soinua, mugimendua, imajinak, eta biok isilik barruan, kanpoko horri begira.
Ikusten al duzu soroak nola mugitzen diren? Haizeak orrazten ditu, orraziak ilea bezala.
Marrak mugitzen dira, ireki egiten dira, itxi, igo eta jaitsi haizearen dantzan. Mugimendua da nik ikusten dudana, leihoa ezin dezaket ireki, ezin dut sentitu beraz gauza hori… momentu aktiboaren partaide pasibo.
Lur zabal agerian ezkutaturik.
Pentagrama baten modukoak dira trenaren gaineko alanbreak eta guk biok atzean eta aurrean ikusten dugunak orain pentsarazten digu. Zertan pentsatzen dugun? Batek daki. Holakoetan iruditzen zait ez dudala pentsatzen, paisaiak guztiz bereganatzen nauela, eta ez nagoela nagoen tokian baizik eta kanpoko horretan baino. Gero ordea ohartzen naiz pentsatzen nagoela, ziztu bizian biraka dabilen gurpil bat bezala. Gurpil horri puntu batera iristean ez zaizkio ikusten zuloak eta detaileak eta badirudi zirkulu perfektu bat dela, geldirik dagoen disko bat.
Oroitzapenen trenean goaz, pentsamendu lasaien bagoian. Nor da aurrera doana? Gure bagoi hau ote? Edo mundua da atzean gelditzen dena, behin eta berriz, une oro, etenik gabe.
Agian guzti hau erritmo kontuan izango da. Zu zure martxan eta ni nirean, zu eta ni, gu eta abiadan doan lur hori, etenik gabe edo martxarik gabe, amaieraz amaiera, pausoz pauso, geltokiz geltoki bakoitzak bere soinua sortuz ibilian, isilean edo hitzean.

Bi gizon jaitsi dira eta emakume xaharra igo da haurrarekin.

Ez dizut begiratu nahi zeren agian, orduan, barre egingo duzu eta zerbait galdetuko didazu; “zer moduz?” edo “zer ari zara pentsatzen?”. Hori galdetuko bazenidake ez nizuke ezer zentzuzkorik esango, ezingo nizuke adierazi gauza txiki mordoxka hau. Gurpilaren martxa mantsotu eta biraren norantza erakutsi beharko nizuke; horretarako nahikoa litzateke hitz baldar bat, isiltasun luzearen ondoren lehen hitza izan ohi den modukoa: suabe, ez entzuteko horietakoa edo altuegi desentonatua, sustatzekoa.
Nahiago dut ez begiratu eta zure presentzia sentitu, ze, kontrako aldean egon arren gure begiradak paisaia berdinera zuzenduak daude. Ez noa bakarrik beste askotan moduan, eta zure konpainian isilik egoteak ez dit molestatzen, ez orain eta ez beste askotan. Ez beste batzuekin gertatzen zaidan moduan, segituan urduritzen dira. Holakoetan neu ere urduritzen naiz, konfiantza galtzen dut eta ezin izaten dut ezer zentzudunik esan.
Igogailuko momentuak datozkit gogora, isilik, botoietako zenbakiei begira.

Bidaia hau nirea bezain zurea da eta nigan egon arren badakit zugan ere banagoela, zeharo lasaitzen naiz, bai baitakit atsegin duzula nire konpainia.
Begira lur landu horretako arte bakartiei… jada pasatu da hura, gure begiradak ezin harrapatu...
Asegaitz noa kolore berrien bila, animalien atzetik, mendien gainetik, lainoen ondotik, basoetan barna harrizko hormen kontra, amaierarik gabeko erritmoan, geltoki horretara iritsi bitarteko denboran. Bukaera baten ondoan bestea.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak