Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  9. zenbakia »  Literatuztaren heriotza Maiakovskiarra

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Literatuztaren heriotza Maiakovskiarra

Xabi Borda

 

Papera erretzen ari da... eta ni banoa... Begiak dir-dir, ke manta baten azpian ezkutatu eta ni banoa... Itzalik egiten ez duen eguzki baten azpira. Izenik gabe, izanik gabe... erretiratuko naiz. Etxe aurrean, ni baino lehen zutik zirauen enbor sendoko haritza bezalatsu, entzunean isilduko naiz, haizeak ostikada bat eman arte, ordura arte.

Haritza zutik zirauela esan dut, atzo, bizilagun horditu batek, autoarekin jo eta bota zuen arte. Urteetan indartutako enborra lurrean zen hilotz, Bat-batean ez dago ezer, malko bat ilunpean. Egonezina, egotea baino gelditzen ez den mundu handiegi batean.

Nork esan behar zidan ene haritz maitea horrela joango zitzaidanik, egunero etxe aurrean zain izaten nuen zuhaitz mardul hura. Egunero esan dut, egunero... Lagun gutxi izaten dira egunero zure zain, eta agian inor ez, zain egoteak bizia ito egiten baitu sarri. Jakin badakigu, ezer ez da betirako, baina, beldurraren zapiak begiak lausotzen dituen arren, ni ere banoala ohartu naiz...

Izerdi tanta hotz batek paper artean ezkutatzen nituen mamu guztiak gainera jaurti eta usteltzen ari naizela ohartarazi dit.

Etxeko leihotik ene lagunak utzitako hutsuneari so geratu naiz. Ez, ez da amets txar bat... Baina manta azpian ezkutatu naiz berriro... Ez baitut hutsunea beteko duen hitzik aurkitu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak