Literatuztaren heriotza Maiakovskiarra
Xabi Borda
Papera erretzen ari da...
eta ni banoa...
Begiak dir-dir,
ke manta baten azpian ezkutatu
eta ni banoa...
Itzalik egiten ez duen eguzki baten azpira.
Izenik gabe, izanik gabe...
erretiratuko naiz.
Etxe aurrean, ni baino lehen zutik zirauen enbor sendoko haritza bezalatsu,
entzunean isilduko naiz,
haizeak ostikada bat eman arte,
ordura arte.
Haritza zutik zirauela esan dut,
atzo, bizilagun horditu batek,
autoarekin jo eta bota zuen arte.
Urteetan indartutako enborra lurrean zen hilotz,
Bat-batean ez dago ezer, malko bat ilunpean.
Egonezina, egotea baino gelditzen ez den mundu handiegi batean.
Nork esan behar zidan ene haritz maitea horrela joango zitzaidanik,
egunero etxe aurrean zain izaten nuen zuhaitz mardul hura.
Egunero esan dut, egunero...
Lagun gutxi izaten dira egunero zure zain,
eta agian inor ez,
zain egoteak bizia ito egiten baitu sarri.
Jakin badakigu,
ezer ez da betirako,
baina,
beldurraren zapiak begiak lausotzen dituen arren,
ni ere banoala ohartu naiz...
Izerdi tanta hotz batek
paper artean ezkutatzen nituen mamu guztiak
gainera jaurti eta
usteltzen ari naizela ohartarazi dit.
Etxeko leihotik ene lagunak utzitako hutsuneari so geratu naiz.
Ez, ez da amets txar bat...
Baina manta azpian ezkutatu naiz berriro...
Ez baitut hutsunea beteko duen hitzik aurkitu.
|