Lur zakuak
Ion Pozo
Dena bukatzean egarri izatearen beldur naiz bakarrik.
Eztarria lurretan itota,
ez naiz gehiago asetuko.
Alkohol jai handienen osteko amesgaiztoetan,
eguzkia azpian aho lehor ginenean,
pozik ginen hala ere,
jakinik urik izango zela ohetik esnatzean,
basamortua uztean,
zuhaizpeko itzaletan zegoen iturri hotzera bueltatzean,
....ta hori zen bizitzak zuen onena.
Baina amaierak den guztia du amaitzen,
aurrerago izan zen guztia lur azpian ezkutatzen,
lehen eztarri ase zirenak lurrez beteriko zaku bihurtzen,
....ta egarri gara.
|