Postmodernoak gara
Mikel Ayerbe
Postmodernoak gara
Posteritateari bizkarra ematen ari garelako
Postergatuta
Post-mortem jaio ginelako.
Post-it belaunaldikoak gaituzue:
kopetan paper horiak itsasten ditugu
gure helburuak zein diren ez ahazteko;
bularrean, bihotzaren gainean,
mezu horiak iltzatzen ditugu
oraindik nor maite dugun gogoratzeko.
Postmodernoak gara, bai:
efimeroaren lilurak begiak irekiarazi dizkigu
eta ikusitako guztia ulertu nahian
itsutu egin gara.
Itsutu egin gara
eta ez ditugu paper horiak
buru-bihotzetatik
erortzen ikusi…
Baina Postmodernoak izango gara
eta bizitza hitz bat dela sinesten jarraituko dugu,
Post-it batean idatzi daitekeen poema bat.
|