Amaitzeko eskatu didate
Rikardo Idiakez
Amaitzeko eskatu didate. Barrenak hiltzeko. Badela ordua zerbait berria egiteko, ganora txukunagoaz.
Nire esku balego bezala. Jada gehiago idazteko beharrik izango ez banu bezala. Nik nahi dudan eran idazten dudala pentsatuko dute oraindik, gainera. Kabroiak. Atzazal odoldu hauek ikusiko balituzte, negarrik egin ezin hau, funtsik gabeko motibo falta hau... sentituko balute ez lidakete halakorik eskatuko.
Edo, agian bai. Agian hala behar luke. Nahi denean hasi. Nahi denean bukatu. Idazten diot; edo bizitzen? Minutuko lerro bat izkiriatu, urteko maitasun bat herabetu. Ti-ta.
Baina nik ezin dut, my friends. Lerro bakoitzeko bizia doakit; minutu bakoitza maitasun galdu bat da niretzat.
Eskerrak penak ile-zuri bihurtu zaizkidan, eta ez diren paper gainean antzematen. Soilik lapitzaz zapaltzen ditudanean. Ez ditut ikusten. Baina hor daude. Eta lapitzak ezin du nire erara izkiriatu. Euren menean darabilte ikatza. Eskerrak.
Alferrik ari zarete. Honek ez du amaierarik.
|