Dei dio doi-doi
Eneko Azpitarte
Eta azkenean, azkena. Ia konturatu gabe, baina atzera begiratu eta zenbat lan, zenbat neke, zenbat sufrimendu, zenbat gorabehera eta aldi berean, zenbat gozamen, zenbat edertasun, zenbat maitasun.
Merezi izan al duen galdetzen diot neure buruari.
Azkenak amaierari dei egiten dio, amaierak hasierari, hasiera berri bati, bizitzaren etapa berri bati, egun berri bati, eta hasierak ez dio inori dei egiten, eta egiten badio, doi-doi, ozta-ozta izango da.
Hasierak dena dakar bere atzetik eta zuk badakizu. Hasteagatik hasi behar da batzuetan, zer egin ez dakigunean, baina ez beti, izan ere, hasteak azkena dakar eta azkenari beldur diogu, beldur edo errespetu, azkenaren ostean hasiera datorrelako.
Eta orduan azkena amaitzen al da, edo azkena beste zerbaiten hasiera ote da, bi etapa edo egunen zubi al dira azkena eta hasiera?
Hasiera ilusioa da, azkena hasiera berri bat izan liteke eta azkenak ez du amaierarik sentimenduak badaude.
Sentimenduak ez baitu hasierarik, ez azkenik, ezta amaierarik ere. Ez da hiltzen, baina bizirik dago. Ez da jaio, garatu , ugaldu eta hiltzen, baina bizi da.
Eta horregatik sentimenduak dei dio doi-doi, bizirik diharduelako, dei dio doi-doi ilusiorik txikiena arnastu dezakeelako, azkenak amaira ekarri ez dezan.
|