Amaiera?
Itxaso Andres
Ez da inoiz amaierarik izaten
pentsamenduan irauten duen bitartean,
agian oroitzapenean zati bat zabalik geratzen delako,
agian zauria, agian dolua,
agian poza,
agian sekretua, agian oroitzapena soilik
pentsamenduen gatibu.
Ahaztuan galtzen den guztiari soilik
deitzen zaio "amaiera".
Ahazten ez den bitartean
ez da amaierarik...
Eguzkia ateratzen denetik
iluntzeko ordu txikiak arte,
bidaiaren oztopoak, jauziak,
malkoetan oroitzen direnak,
irriez gozatzen direnak,
oroitzapenetan
tristuraz galtzen diren bihotzak,
inguratzen gaituen guztiaren esklabo.
Datozkigun oroitzapenez
barruan gordetzen ditugun zuloak betetzen,
hormigoia irentsiko genuke denbora geldiarazteko.
Urrutitik so
pausoetan gerturatuz
ahazten ez direnak, ahaztezin bizi guztirako.
Bizitzaren filmaren pertsonai nagusiak bihurtuz
geure bizitzaren gatibu bihurtzeraino.
Bide ezberdinetan banatzen diren adreiluak
zenbatzen.
Mugetatik so
urratsetan, hainbat egoeratan,
nahi adina erabakiren jabe.
Geu garelako agian,
geure buruaren jabe.
Jabetasunez isil diren bideetan parte hartzen
eta hotsak mugarik izan ez dezan
pentsamenduaz baliatuz,
erabaki ororen gidoi, agian amaieraraino.
Amaiera.
Zer da "amaiera"?
Non da "amaiera"?
Hainbat hitzetan marrazten diren koloreetan,
bihotzean ezkutatutakoak,
ezpainetan miazkatutakoak.
Bizitzak betetzen gaitu, geure bizitzak inoiz amaierarik ez duelako.
Agian ahazten ez dena amaitzen uzten ez delako,
agian amaierak amaierarik ez duelako,
agian amaiera existitzen ez delako.
Zer eta non da/dago amaiera?
Esango dizut
espaloi bakarra dagoela
mundu honetan.
Eta konturatuko zara
auzo batek bakarrik banatzen gaituela
mundu honetan.
Horri deitzen zaio amaiera;
heriotzari.
|