Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  9. zenbakia »  Sarrerakoa

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Sarrerakoa

This is the end

 

This is the end. edo hau bukaera da.

Kamaleoiei arratsalde euritsuak iristen zaizkien bezala iritsi zaigu amaiera. This is the end, my only friend, the end zioen Jim Morrison hilezkorrak. Captain . zenbat abesti ote daude amaierari buruz... Eta gitarra desfinatu baten azken noten gisara, oraingoan guk ere amaiera dakarkigu. Azkenengo puntu finala, eta ondorengo isiltasuna. Idaztea musika ere badelako, idaztea ere ez delako ezer isiltasunik gabe.

Eta idazteak, kirolak bezala, nekatu egiten du. Eta garaiz egiten den erretiroa garaipen bat omen da. Beste garaipen bat, eta nola ez, beste porrot bat. Gureak ez duelako izan txirrindulariak errepidean gora botatzen duen izerdiaren kirolarekin zerikusirik. Gurea bizikleta gainean aldapan behera frenorik gabe doan zoroaren kirola izan baita. Horrela egin du Literatuztak aurrera. Noraezean, orain alde batera eta gero bestera, errepiderik ez zegoen lekuan bidea egiteak ematen duen beldurrarekin. Aldapa luzea izan da eta idaztea izan da bidea irekitzeko gure matxetea. Lekukoa esku askotatik igaro da, bakoitzak bere modura bidea irekiz. Eta idazteko arma berdinarekin gure buruaz beste egitea erabaki dugu: idatziz isildutiko gara.

Ale hau azkena izateko jaio delako. Hilda jaio dela ere esan daiteke. Bederatzigarren alea dugu honakoa, eta bederatzi hilabeteren ostean amaren zuloan gelditzea erabaki duen haurrak bezala, ez dugu gehiago argirik ikusi nahi. Gauza asko ezagutu, ikusi eta ikasi ditugulako ez dugu gehiago batera idazten jarraitu nahi. Amaitu da denon artean egin dugun bidea eta amaierara iritsita, hemendik aurrera bakoitzak bere bideari ekin beharko baitio. Bakoitzak bere matxetea, lekukoa eta arkatza hartu beharreko unea iritsi baitzaigu jada eta horren berri ematera gatorkizue. Eta zein modu hoberik isiltasunari lekua idatziz egitea baino. Azken ale honetan amaieraren gaia da batzen gaituena, ezinbestean. Bukaera da edo this is the end hitzak direlako oraingo musikaren atzean ezkutatzen diren leloak. Eta leloak gu, inoiz zerbait aldatzeko gai ginela sinestu genuelako. Baina era berean ziur gaude, gure barnean zerbait aldatu dela bederatzi ale hauetan zehar. Eta horretaz jabetzeak, besterik ezean, aurrera egiteko gogo gehiago ematen digu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak