Zakuan
Txalo bat liburutegiari
Ez dakit zer den literatura. Baina uste dut badakidala literatura bizitzea zer den. Eta literatura bizitzea bezain kontaezina da literatura elkarbizitzea. Izan ere, literatura bizitzeko modu asko daude baina ohikoena liburuen bidez da. Eta uste dut badakidala liburuak bizitzea zer den. Eta liburuak bizitzea bezain kontaezina da liburuak elkarbizitzea.
Liburuak irakurtzea ekintza oso indibiduala omen da baina ekintza indibidual hori konpartitu edo elkarbizi daiteke. Egunotan lagun bat nik utzi nion liburu bat irakurtzen ari da. Egunero hartzen ditugu hamar minutu liburuaz hitz egiteko, nik galderak egiten dizkiot eta berak erantzun egiten dizkit. Edota berak egiten dizkit galderak eta nik ez dizkiot erantzuten. Eta liburuko istorioetaz aritzen gara guri gertaturikoak bailiran, edo guri gertatzea nahi genukeen istorioak bailiran. Agian zoratuegi gaude baina kontua da liburu horrek utzi diola indibidual izateari, geure egin dugunean.
Literatuzta-k ere eskaintzen du literatura bizitzeko eta elkarbizitzeko aukera. Bertan idazten dugunon artean bai behintzat, eta pentsatu nahi genuke irakurleen artean ere izango dela Literatuzta bizitzen edo elkarbizitzen duenik ere. Hori sinistu nahi dut nik, gezurra bada ere.
Literatura, liburuak… eta liburutegiak? Liburutegiak bizi edo elkarbizi daitezke? Badirudi, eta momentuz behintzat, Azpeitiko Udal Liburutegiak hartu dituen neurriekin errazagoa izango dela hemengo liburutegia gutxiago gorrotatzea. Eta liburutegia beste modu batera bizitzen hastea: larunbat goizetan irekitzeak aukera emango dielako astean zehar liburutegira joan ezin dutenei; cd edo dvd-ak eta bestelakoak ekartzen hasteak literatura bizitzeko modu berriak ekarriko dituelako. Bada zerbait…
Txalo bat, beraz, Azpeitiko Udal Liburutegiari. Baina momentuz, txalo epel bat bakarrik, badelako txalo zaparradarekin lo hartzen duenik, guztia eginda balego bezala.
|