Hotsa eta zarata
Urko Egaña
Hots xumea da kupelari txotxa kendu edo iturritxoa zabaltzean presioaren eraginez sagardoari dariona. Zirraragarria da ordea, presio beraren eraginez hartzen duen indarrak lagunduta edalontziak ateratzen duena.
Sagardoaren hots xume ete zirraragarria, zarata handi eta narras bihurtzean, sagardo-garaia sagardotegi-garai bilakatu den erakusle da. Sagardotegietan ondo bereizita daukate asteko “planning”aren rola. Astelehenetik ostegunera, dauzkaten sagardorik itxurosoenak aterako dizkigute. Ostera asteburuetan, sagardotegien aparkalekuak gaztez beterik etorritako autobus hutsak dauden horietan, itxura eta ganorarik gabeko sagardoak edaten ohituarazi gaituzte.
Nik biak ditut gogoko, baina ez bere osotasunean. Asteguneko sagardoa eta asteburuetako giroa. Egia da asteburuetan doazen gazte gehienek ez diela arreta berezirik eskeintzen sagardoaren gorputzari eta zaporeari. Ezin ahal diezagukete eskeintza berean bi osogarrriok dituen zerbitzurik eskeini?
Kontuak kontu, eta hots edo zarata artean, gozatu dezagun sagar-zukuak
murgiltzen gaituen zipristinetan, bertsotan eta kantuan, zintzurra bustiz eta sabela betez.
Txooootx!
Batzuetan argiak
bestetan ilunak,
batzuetan arinak
bestetan astunak.
Sagardoa bereizten
ikasi nahi dunak,
artista hutsa izan
behar du lagunak!!!
Txarrak soilik badira
probatu ditunak.
|