Urria da eta
Mikel Ayerbe
Urria da eta inurri bat dabil logelan. Esnatu berria naiz.
Ez dut zigarrorik piztu, nire buruari gezurrak esanez.
Ohean nago eta lurrean mugikorra indarberritzen ari da.
Ibili ezin duen mugikorrak arratoi bat dirudi, buztana bezain luzea duen kable horrekin.
Arratoia.
Eta inurria.
Nire bestiarioa.
Egiak izkutatzen galtzen dut denbora.
Nire lagunaren haur jaioberria ikusi dut ametsean.
Eta irribarre bat egin dudala uste dut.
Irribarre erreal bat.
Lo bizian.
Gezur gehiago behartzen jarraitu nahi dut
sinetsi nahi dudalako
ez nintzela logela honetan
arnasa hartzen zuen bihotz bakarra.
|