Eta kolorea
Igor Aranbarri
Denbora zimurtu egiten da
hostoak kolorez aldatzen ikusten ez ditugunean.
Existentzia zuri-beltzeko kontu bat baino ez da
bakoitzarena den ipuin honetan.
Eta erietxeak behar ditugu
bizi garela ospatzeko.
Kolpeak maisu, maldak lagun,
norabait goazela ohartzeko.
Non galdu ote genuen izatearen jabetza?
Ez dago zoriontsu zarela ez jakitea baino tristezia latzagorik,
baina gure buruaz
izena baino ez dakigun gorputz anonimoak gara,
bigarren aukeren esperoan
arnastea ahazten zaigun bitartean,
ahazten zaigu zoriona lagun iheslaria dela,
ahazten antzua dela barkamena berandu dabilenean,
ahazten ahanztura.
Zilegi ote horrela jarraitzea?
Emaiozu egun bat azkena duenari
eta aberastuko da,
bizi osoa duenak aldiz ez du astirik.
Emaiozu arratsalde bat kalean gartzelan denari
eta pozez hordituko,
besteok eginbeharrak behar ilaran ez nazkatzeko.
Esaiozu maite duzula edonori
eta eguna argituko diozu, edo astea akaso,
baina inork ez ditu hitzok oparitzen.
Sinpletasunak konplikatzen gaituen animalia xelebreak gara,
oporrak behar ditugun izaki kaikuak.
Irribarreak erosi behar,
giharrak markatuz,
arin doazkigun egunerokoak,
egun eroak errepikatzeko.
“Horrelakoxea duk bizia, zer uste duk ba!”
leporatzen didate zenbaizuk.
Ameslari aho handia ni akaso.
Ezjakintasuna behintzat inguruan dabil,
han edo hemen,
baina inguruan behintzat.
Nire egiten ditut letrok,
bizitzako segundu guztiak lez,
ene ipuinaren parte direlako.
Norberak bere istorioa koloreztatu behar duelako,
azken arnasean atzera begiratzean
txuri beltzean ikusi ez dadin.
|