Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 13,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  8. zenbakia »  Sarrerakoa

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Sarrerakoa

Tarte bat

 

Hitz jarioak hartu du lekua berriro gurean. Gurean diogu, geure egin dugulako lur eder baten zoko txiki hau, noizean behin datorren haize bolada arraro bat bezalatsu inguruak leun igaroz, hautsak lar harrotu gabe, isilean zuon postaleku eta tabernetan agertzen dena. Izan ere, orriak ilaran jarri eta ate joka gatozkizue berriro, hizki salda egin berri bat beste behin zuenganatu dezazuen asmoz. Izango da ulertuko ez gaituenik, arraro begiratuko gaituenik, psikoanalizatu nahi gaituenik. Baina ez du axola... Letrek, ibaiko urak bezalatsu, beraien bidea nabigatuz jarraituko dute. Auskalo nora arte, noiz arte.

Hau da idatzion sorgintasuna, beraien hilezkortasuna da literatuztaren bizia. Badakigulako dena hutsean hasi eta hutsean amaitzen dela, denboraren erratzak dena daramala, ezer betirako ez dela. Aiton jakin- tsu hark esan zuen bezala inor ez dela ahaztuta geratzen mundu honetan, txanda-pasa eginez.

Eta... Hasieran ezdeusak bagara eta ezerezean gelditzen, 0tik 0rako bidea da gera-tzen zaiguna, bi hutsak elkartzen diren leku hori da benetan garena. Uztarri hori maite dugunok osatzen dugu Literatuzta. Uzta hartzen joan ala bi borobilen artean lorategi bat ager daitekeela uste dugunok ereiten dugu Literatuzta. Eta hemen botatzen ditugu geure haziak, zuok ureztatuko dituzuelakoan.

Idealistak gara akaso, erromantikoak behar bada... baina, nahiago pauso bat emanez hanka sartu, geldi egotearen ondorioz elbarri gelditzea baino. Guk ez dugu mundurik aldatu gura, uztarritik kanpo dagoen borobila da hori. Begiradak eraldatu nahi ditugu guk, begiratzeko moduak. Oxigeno burbuila bat izan nahi dugu abiaduraren gizarte itogarri honetan, eta erlojuak kartzeleratu. Leku bat izan nahi dugu, une bat, sentimendu bat, oroitzapen bat norbere buruarentzat astirik ez dagoen eguneroko honetan.

.8. zenbaki hau ere, etzan, postura hartu eta infinitora doa, espazio eta denbora kontuan hartu gabe, orri honek aurrean duen begiradaren bila. Beraz, hartu segundo bat, ireki begiak eta begiratu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak