Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  7. zenbakia »  Zakuan

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

'Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo'

Iņaki Segurola

 

Liburuko azalean laino beltzak ageri dira. Izenburutik tximista zorrotz bat, laino beltzak argituz. Ez, gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo. Eta liburua zabaldu orduko trumoi hotsa entzuten hasi naiz. Urruneko trumoiak dira, baina ezinbestean gerturatzen ari den ekaitzaren mezulari direnak. Eta liburuko hitzak euri tanta bilakatu zaizkit. Hasieran banaka. Gero denak batera, bat-batean. Hitz zaparrada itzela. Eta aterkirik ez dudala konturatzerako, burutik hasi eta ezker oineko behatz txikiraino blai eginda nago. Baina ez, gaur ere ez du hiltzeko eguralditik egingo, eta liburu hau irakurtzen duenak ez du hitz zuri faltsua aho-beteka botatzen duen ni bezalako jende-moduaren jardun hilik aurkituko. Agian bai, agian irakurleari hitzak euri bihurtuko zaizkio. Baina euri azidoa izango da. Burua eta azala erretzen dituen euri tantak baitira liburu honetako hitzak.

Saiakera deitzen duten generoan sartu dute Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo. Egun, gogoz saiatu behar delako pentsatzen dena esateko eta saio gogorra egin, esaten den hori idazteko. Baina saiatzea ez da nahikoa, hitz egiten saiatzeak ez baitu balio ezer esaten ez bada. Ez, niretzat liburu hau ez da saiakera bat, ez baita saiakeran gelditzen. Saiakera bat, saiakera bada behintzat, horretan gelditzen delako, eta intentzio ona edo txarra izateak ez du jada garrantzirik.

Kontua da orain, liburua irakurri eta gero, ekaitzaren ondorengo barealdiaren ondoren, beste begi batzuez ikusten ditudala orain zenbait gauza. Nire begiradarekin jarraitzen dut gauzei begira, baina liburu honek betaurreko batzuk eskaini dizkit. Eta gauzak beste modu batera ikusten hasi naiz, gauza batzuk argiago eta beste batzuk ilunago. Eta ez, gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, baina ni betaurreko beltzekin aterako naiz kalera, euria goitik behera (eta behetik gora) ari duen herri honetan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak