Zenbat bide
Igor Aranbarri
Bideak?
Bat baino ez, eta ehundaka pentsatzen,
orduak maldan behera bultzatzen,
hara, horra, inora heltzeko.
Marraskiloak gara uretan,
igerian ikasten...
Hausnartzen, irudikatzen, amesten,
egunak bizitzatik erbesteratzen,
egutegiak ipar-orratz bihurtzen,
hamarretan hamaiketakoak egiten,
hitzen itzalak bahitzen,
maiteari inora joan ez dadin,
iltzeak oinetan josten.
Bideak?
Bat baino ez,
etak, badaezpada, oroitzapenez bete, lantokiko arropak jantzi
eta norbait garela esango diogu geure buruari,
beldurrak kolorez aldatzeko bederen.
Helburuak jarriko ditugu iluna argitzeko
eta benetako galderak beltzez margotu
guztiak zentzua duela sinestarazteko.
Bideak??
Bat baino ez,
eta nora goazen galdetzen dute denek,
itaun filosofiko bat bailitzan,
erantzuna denok dakigun arren.
|