Mila doinu aidien
Itsaso Andres
.564 – hertzainak.
Bakardadean isuritako malkoek busti dituzte
ohe hutsetan aurkitu ez dituguna...
MAITE DUT - urtz / SUA - lin ton taun.
"Sutan daukat neure bihotza, erretzen nauen maitasunez".
Estalitako gorputzak, arimak,
isilarazitako ezpainak, hitzak,
gizarte baten bortizkeriak bortxatutako desioak...
nork zioen maitatzea delitua ez zenik?
TATUATU ZENIDAN ZERUA - lorelei / MIRANDO AL CIELO - fito & fitipaldis /
ENE EZPAINETAN - bide ertzean / ABRÁZAME - dr deseo.
Ur gardenen olatu uhinak laztandutako itsasertzean,
besoak zabalduz zerurantz begira,
hodei zurien kulunka, besarkatzen.
Besarka nazazu, bizitzaren orekaz muga non dagoen jakin gabe,
tatuatu zenidan irribarrea ene ezpainetan, ene barruko zeruan...
EZ NAIZ OROITZEN - mikel urdangarin.
Bebarru zaharkitu eta hotzetan
ilargi beteak eman eta eguzki printzek
lapurtutako muxu eta laztanak...
ez naiz oroitzen noiz izan zen azken eguna.
ORDU BETE - piztiak.
Milaka ordu betez keak irentsi
eta pixkanaka bururatzen diren hitzak aireratuz
ordu luzeetan,
idatzi eziniko elkarrizketa amaigabeak
une txikienetan paper zurietan marraztuak, idatziak.
Nire barneko hotzak
bilduma xume batean pilatu eta inoiz nahiak eskatuak irakurtzeko,
etorkizuneko epeltasunean ordu betez irudimena lantzeko...
IMAJINATZEN ZAITUT - mikel markez.
Etorkizunean imajinatzen zaitut
irla bakarti batetik bueltan
kazetari batek ereindako haziak esku artean dituzula.
SENTIMENDUAK LURRERATZEN - txuma murugarren.
Haurtzarorako salto batekin etorkizunetik ihesi nenbilen
bisitatu zintudan erietxeko gela zuri batean zinela,
gaur egungo gaitz ikaragarri batek jota.
Hamabost bat urtez ikusi gabe egon ondoren, gure bizitzak zertan ziren jakin gabe berriro elkar ikusi eta ezagutu genuen. Bihotza zulatu zitzaidan txikitako lagunik minena, oinazean eroria topatu nuenean. Etorkizunak luzatutako sentimenduak eskuetan harturik lurreratzen oroitu genituen haurtzaroak emandako guztiak.
ZURE ALBOTIK URRUN BANAGO - su ta gar / ABRAZADO A LA TRISTEZA - extrechinato
GOTAS DE DOLOR Y UN CHARCO DE OLVIDO - dr deseo / AMETS GALDUAK - lin ton taun / EZER EZ OMEN DA BETIKO - ken 7.
Eroritako hostoak udazken honetan,
amets galduak trenbide ertzean,
itzalitako irribarrea eta agurraren malkoak
ahaztutako putzuan.
Heriotzaren atarian
nola hiltzen den antzematen dut,
emeki-emeki zure argia itzaltzen ikusten dut.
Gotas de dolor desde mi cielo y un abrazo de tristeza hacia el adiós...
zure agurrak hustutako barruak
eta denborak etengo dizkigun oroitzapenetan
galduko zaigu bihotza, zure albotik urrun izango zaitugunetan...
ezer ez omen da betiko...
MILA KOLORE - ama say.
Hitzek marrazten dituzte mila koloretan
bihotz minduetan irudikatzen diren
nahi adina desio,
inoiz libre izateko...
ENE BIZITZA – piztiak.
"Ene bizitza lau hizkitara laburtzen da, edo esan nahi dutenera".
Ene bizitzan markatutako ildoetan bost hizki aurkitu ditut.
Askatasuna ezagutu dut.
Aske izatea debekaturik dagoen ildo eta bihotzetan...
BAGARE – etsaiak - gontzal mendibil / ABERRIA - dantzut / OI, AMA EUSKAL HERRIA – b.lertxundi - anje duhalde / BADATOR EGUNA - bide ertzean.
Hunkitzen naute zure mendiek magaletik begiratzen ditudanetan,
zure itsasoaren zipriztinak harkaitzetatik begiratzen ditudanetan,
zure errekak, zuhaitzak,
bihotza, bizitza, hitza.
Zure hizkuntza, zure ikurra, zure borroka.
Zure hitza, lur honen hitza, nire hitza ere badelako.
POSTDATA - eh sukarra.
Nire itsasoan ez dago ez gatzik ezta olaturik ere.
Nire itsasoan ordea, bada ilargiaren argirik
urrezko sekretua altxor baten antzera
bihotz handi bat bezala urperatu
eta bertan bizi dena...
bakardadearen osotasunean, aurrean orri zuri bat dudala marrazten ditut hitzak, marrazten dut sekretu bat. Nigana gerturatzen bazara, akaso kontatuko dizut nire barneko hotza, sekretua...
|