Piztiaren dantza galdua, galdu arte!
Aitor Zinkunegi
Memoria historikoz jositako eraikuntzen artean,
panfletoak hormetan labaintzean,
karrika zaharkitu batean barrena noan bakoitzean,
ikusten dut.
Jendea lurrera begira doanean,
lotsatzeko arrazoirik gabe,
edo marketing arrosa batean eta Mac Donald batean...
kontsumoa bera gizartea kontsumitzen.
Beherapenetan irrifartsu dabil, gerrako borrokaldiak irabaziz.
Globalizatuz, mundua garaituz.
Nazkatuta kalera noanean han dago, kontsumoa bera, lehenengo tabernan.
Eta bigarrenean, eta hirugarrenean...
Gaua aurrera joan ahala,
gero eta jende gehiago erakarriz,
gero eta jende gehiago bere erritmoan dantzan jarriz.
Egunez bezala, gauez ere,
piztiaren dantza galdua... Putakumea!
Hark ez du etsitzen,
bere erakargarritasuna handitzen doa,
bere konplizeak ugaritzen eta bere dantza
...ai piztiaren dantza!
‘Tira, behingoagatik...’ pentsatu izan dut askotan.
Une oro kontrolpeko askatasunean,
hemen da anaia handia. Hasi da dantza!
1984 testigu, memoria ahantziaren egia gezurtia,
gazte zaharkitua,
ilusio frustratua,
errealitate distortsionatua.
Memoria galdua.
Oroimenik gabeko komunitateetan gezurra nagusi,
piztia alkate!
Dantza galduan beti berdin bukatu izan dut, kontsumituta,
dantza galduaz nekatuta, beti ere...
...ostia!
Azken aldian,
zin egin nion neure buruari,
berriro ez zela gertatuko.
Ez dakit noiz,
baina badakit iritsiko dela eguna,
piztiaren dantza galdua,
galdua zergatik den frogatuko duguna.
Piztiak eraldatzeko gaitasun handia du, baina memoria duenak, bere begietara so egitea nahikoa du nor den jakiteko. Piztiak ez duelako begirik.
Ezagutzen dut eta baita gorrotatu ere!
Gorroto zaitut, bai, GORROTO!
Zu! Nortasun-lapurra!
Gazte -eta ez hain gazteen- etsai amorratua!
Poz faltsua! Hipokrita parerik gabea!
Eskularru zuridun HILTZAILEA!
Herriko neska-mutil onenen galbidea!
Egin diguzuna ez dut ahaztuko!
Ez eta barkatuko!
Ura-Sutan goitizena omen piztiarena,
baina orain gai naiz ura sutara botatzeko,
piztiari aurre egiteko. Niretzat, bere azken egunak dira!
Ohartuak gara,
irteera gabeko kale honetan zenbat eta aurrerago joan,
zailago zaigula irteerara iristea,
zenbat eta beranduago aurre egin,
hurrunago izango dela irtenbidea.
Irtenbide bakarra!
Iritsi da berriro begietara begira hitz egiteko unea!
Ez zaitugu ahaztu, George Orwell. Zeuri ahaztu zitzaizun.
101 gela errealitate gordina da,
baina zure idatzian, ez dago Irailak 27rik,...
...ez Imanolik.
Memoria ARDATZ, momentua ESKENATOKI,
dantza BATERA egitera goaz! baina EZBERDIN!
Dantzaleku gorrian, euskaraz abestuz!
Askatuko gara,
eta berriro zoriontsu izango,
lurralde gorri honetako edozein bazterretan.
Zuek zarete nire itxaropena,
nire indarra.
Ereindako hazia ez da galdu!
Tiocfaidh ár lá, ene lagunok!
|