Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  7. zenbakia »  Han nonbait, Kalifornia

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Han nonbait, Kalifornia

Mikel Aierbe

 

Jimek deitu zidanean banekien ez zela ohiko lan bat izango. Berezia baita Jim eta bereziak dira bere lanak ere. Nik, proposamena entzun ostean, baiezkoa eman nion. Prest nengoen, zer nahi zela, parte hartzeko. Baiezkoaren ondoren ordea, ez zidan azalpenik eman. Besterik gabe, telefonoa eskegi zuen. Klik.

Denbora dezente igaro da Jimek berriro deitu arte. Gaur goizean izan da hori. Arratsaldean bertan grabatu behar omen dugu gure sekuentzia eta agertzeko zehaztutako lekura. Ez dit azalpen gehiagorik eman. Klik.

Eta han iritsi naiz, urduri antzean, film laburra grabatu behar den tokira. Atetik sartu eta berehala ohartu naiz. Ni sartzerako kamerak piztuta daude eta grabatzen hasiak dira.

"Kaixo Tom!" esanez agurtu nau txima-luze batek. Adeitsuegi gauza onerako. Non edo non ikusia dut tipo hau baina inoiz ez aurrez aurre. Orain nire laguna izan nahi duela dirudi. Baina ezin dut burutik kendu hau film labur bat dela. Nire agurraren ostean, berari Jimmy, Jim edo Iggy deitzeko eskatu dit.

Eta une horretatik aurrera ez dut gupidarik izan. Etengabe adarra jotzen hasi natzaio. Lehendabizi bere izena aldatuz, ondoren nire lanbideari buruz gezurrak esanez (nola izango naiz bada, sendagile!). Baina onena, Iggy, nahi gabe zigarro bat erretzera behartu dudanean izan da.

Kafearen ondoan tabako pakete bat zegoen. Ez omen zen inorena. Nik aspaldi utzi nion egunero erretzeari, baina noizean behin erretzen dut zigarro bat edo beste. Txima-luzeak duela 25 urte utzi omen zion. Nik bat hartu dut, eta tabakoa betirako uztearen gauzarik onena, noizean behin zigarro bat erre ahal izatea dela azaldu diot Iggyri. 25 urteren buruan txima-luzeak ere zigarro bat piztu du. Bai, nire lagun egitearren edozer egingo luke honek.

Jarraian bateria jole bat ezagutzen duela esan dit. Oso ona omen da. Bekozko jarri natzaio eta ia orain arteko nire bateria jolea txarra iruditzen zaion galdetu diot. Berari ere aurpegia aldatu zaio. Ixilik egon gara une batez. Une motza izan arren, ezezagunen arteko ixiltasun une luze eta deseroroso horietako bat izan da.

Eta joan egin behar duela esan dit. Besterik gabe. Elkar agurtu dugu, berriro egongo garela ziurtatuz. Baina txima-luzeak ere badaki ez garela pixka batean ikusiko. Ezta beharrik ere. Esperantza gabeko gero arte bat baino ez da izan..

Eta ni hemen gelditu naiz. Ingurura disimuluz begiratu eta gero, beste zigarro bat hartu dut. Ezkutuan piztu dut zigarroa.

Ezkutuan, kamerak piztuta jarraitzen dutenaren jakitun.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak