Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  7. zenbakia »  Hilabeteak minututan

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Hilabeteak minututan

Kristina Aizpuru

 

Taupadak nabaritzen. Zeharka alde guztiei erreparatuz baina begiak leku batera zuzendurik. Arnasa estutzen. Irribarrea jaio ala ez zalantzan. Hitz solteak lekuz kanpoko esaldi dardartiak. Ate ondoan, nahi gabeko agur bat antzezten. Esku erdi itxian ageriko ziren hatzez laztanak masailean ezpainetara hurbilduz. Arnas beroz inguraturik elkartu azkenean. Lepo biluziraino irristatu dira. Sorbalda beltzaranak kitzikatu. Tentsiozko olatu bat eragin. Koherentzia gabeko hitzak. Ukondoraino. Gorantza berriro. Eskunabak gozo heldu dio bi begiradek bat osatu arte. Taupadak. Ezpain gosetiak elkarren bila. Ukitu soilik, ukitu. Irribarrea. Ezpain hezeak dantzan jartzeko desioa. Taupadak. Desioa. Arnasa. Desioa. Bat bateko plazerra.

Negua ere igaro da geroztik eta abesti bat nahikoa da ni haraino eramateko. Hainbeste denbora eta abesti batez bertan.

Betikoa da, erritualaren perfekzio idealizatua da zentzua galarazten duena. Honen ondorio zuzena da litekeen azkenaren osteko frustrazioa. Erritualaren edota idealizazioaren azkena; funtsean azkena, funtsean frustrazioa.
Kandelako sua putzada baten aurrean itsu.
Arrastaka gero ahaztu beharreko oroitzapenak.

Ezin hala ere begirik bildu egun haietan; zoramenaz ohartzen jarraitzeko nahia nagusi. Zenbat eta barnerago, orduan eta urrunago geroa. Momentuaren emozioa. Fantasia neurtu ezineko adikzioaren aliatu. Mehatxu pertsonala. Fikziozko errealitatearen aldeko apostua.

Apostua beti arrisku. Arriskuak dakartza beldurrak. Ausartek irabazi ala galdu. Koldarrek indiferentzia; segurtasuna diote batzuek. Denok geure egia.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak