Zeri begira zaude?
Olatz Prat
Haurrak baino kamara gehiago ikusi nituen Londresen pasa den apirilean eginiko bidaian. Hiri hori reallity bat da, muturreraino eramandako reallity-a. 500.000 kamera, eraikin guztien ertzetan, trafiko seinaleetan, komun publikoetan, metroan… Bi pisuko autobus gorri horietako bakoitzean zazpi kamara, ZAZPI!!!, daudela esanda hartuko diozue itxura han ikus daitekeenari. Ikerketa batzuek diotenaren arabera, pertsona bakoitza 300 aldiz grabatua izan daiteke egun bakar batean. Atera kontuak.
Segurtasuna askatasunaren gainetik jartzeko saiakera horretan, ez dizute seguruago sentiarazten. Eragiten dizun sentsazioa guztiz kontrakoa da. Segurtasun eza sentitzen duzu. Beldurra, agian. Ez dezagun ezer esan intimitate faltari buruz.
Gaia serioa da. Seriotasun horretan ordea, aurki daiteke oraindik ausardiarik, umore puntturik, ekintza zentzudunik. Kamerak enfokatzen duen pareta hori hormigoizko pareta izugarri bat da. Ez du leihorik, ez aterik, ezta eskailerarik ere. Paretak ez du inongo zulorik. "Zeri begira zaude?" galdetzen dio pertsona horrek sistemari. Ez dut uste ezer gehiago esateak merezi duenik.
|