Xumeak garelako
Iosu Salegi
Txikiak, meheak, txuriak, leunak zaindu itzazu laztanduz
basati landugabe, trakets diren nire eskuetako harkaitzak
aska dezaten bere pisua.
Babestuta lagun eginik lasai josta daitezela euren erara.
Pasiatuz, bainatuz bi lurren arteko eremuan
itxaroan eta mugimenduan.
Itxi eta ireki etengabeko sormenean orain ukabila, orain zabala,
behatz bat bestearen ondotik, azal lakarraren gainetik
eta fereka hoien ostean zirrara punttu bat...
poro bakoitza lurrun isurien sorleku sumendi
urduritasun txikienen kabi.
Atzazal bazterretako ubelduek eta etenek
ez dute jada negarrik egiten
ez dute saminik
indarra ematen dien ozpinaren denbora pasa da
eta nekatuta daude dagoeneko
euren ametsa orain une honetan
haragi arteko ohean sartu eta sendatzea.
Erritmoaren doinua aldatu iritzira, lotu gabe
pentsatu, ulertu beharrik gabe
Xumeak garelako
gure sustraietara itzultzen garenean
elkar ezagutzeko
|