Medikuak esan dit
Rikardo Idiakez
Medikuak esan dit zutaz ahaztu behar dudala. Zu gabe egin behar dudala aurrera. Nire burua engainatzen ari naizela; ez zarela benetakoa. Ez zaitudala inoiz lortuko eta beste gauza asko... esan dit medikuak.
Baina niri oraindik zuri begira jarri eta biluztea gustatzen zait. Arropak nola kentzen dituzun dut laket; galtzontzilorik erabiltzen ez duzun egunetan, batez ere. Begietara begiratzen didazu, zuzen, eta izerdi-tanta bat aterarazi: zure alkandora emeki-emeki lurrera botatzen duen izerdi-tanta.
Eta irribarre egiten didazu begiekin, zuzenean nireetara. Guztia nire esku balego moduan. Eta badirudi botoiak askatzen direla; edo agian nik askatzen dizkizudala...
Eta konturatzerako izerdi bihurtzen dira prakak ere, eta irristatu egiten dira lurrerantz nire eskuaren erritmoan.
Eta orduan ukitu nahi zaitut, eta sentitu, eta margotu, eta zikindu, eta...!
Baina ezinezko zait: lausoak eraman zaitu jada, betiko.
Medikuak esan dit etxean ez dudala ispilurik behar.
|