|
|
|
Nahia ezagutu nuen gaua
Igor Aranbarri
Oraindik gogoan dut gau hura, buruarekin pentsatzea utzi eta gorputzarekin sentitzen ikasi nuen gau hura. Inozentziatik desiora dagoen zubi hori bat-batean zeharkatu nuen ni baino 2 urte helduago zen neskatila hari eskutik helduta. Nahia zuen izena, deitura egokia inondik inora ere. Ordutik horrelako gau bat errepikatzeko nahia darabilt barruan, odola bezala atsedenik gabe bueltaka.
Elkartu ginen momentutik... A ze egonezina! Ez nekien nondik hasi ere. Gau osoa batera pasa genuen taberna batetik bestera, biok bakarrik. Bagenekien elkarrekin egon nahi genuela, elkar desiratzen genuela. Ezpain gozo horiek noiz gerturatuko esperoan egotea izan zen gau horretan nire izana. Tximeletak nituen galtzarpean, urduritasun bitxi bat, ez aurrera eta ez atzera geldirik mantendu eta barrutik jaten ninduena. Katu bat nintzen itsasoan, lekuz kanpo baina bustitzeko amorruz.
Azala imantatuta izango banu bezala bere hurbiltze denak sumatzen nituen. Eserita, barraren ertz hartan, egon ginenean bezala. Belaunek elkar ferekatzen zuten, ezkutuko solas baten moduan. Begirada hark gaixotzen ninduen, ez nuke aurkituko desira adierazteko hitz indartsuagorik, bere begi ilunetan galtzen nintzen, besarkada hezeak irudikatuz. Ozen zegoen musika tabernan eta nekez entzuten genituen geure hitzak ere. Apurka-apurka, gero eta gertuago, belarrira hitz egiten ari ginen konturatzerako. Bioi batera zerbait esatea otu zitzaigun arte. Parez pare gelditu ziren gure aurpegiak bat-batean. Segundo biziki indartsu bezain luze batzuk egon ginen horrela. Orduan dastatu nituen lehen aldiz gelatinazkoak ziruditen ezpain haiek. Jende ugari zegoen tabernan, baina guri jada ez zitzaigun ezer axola, mingainen laztan bustia baino. Nire belauna bere hankartean zegoen ordurako zaldi basati baten pare saltoka, izterrak itxiz preso hartu zuen arte. Hasperen baten ostean, barre txiki batekin “goazen kanpora” esatearekin batera, eskutik heldu eta atzean utzi genuen beti gogoan izango dudan taberna hura.
Zerbait jarri zen martxan ordurako. Jada ez zen elkarrizketa arinetarako tarterik. Animali goseti bat nirudien, baita berak ere. Eta gauza bakarra agintzen zigun buruak, edo beherago dagoen zerbaitek, elkar jatea. Kale-kantoi batean jenderik ez eta... hormaren aurka egin zidan bultza. Behatzak ile tartean sartuz musukatu ninduen. Orain ez zen zeharka begiratzen zuen neskatila lotsati hura, arnasestuka zebilen eta neuk ere ez nekien non nuen burua. Nire eskuak bere ipurmasailetan zeuden eta nire kontra estutzen nituen, niregan barneratu nahi izango banu bezala. Segundo gutxi genituela zirudien, musu bakoitza, laztan bakoitza, azkenak izango balira bezala sentitzen nituen, baina gau osoa genuen oraindik guretzat.
Ez dakit zenbat denbora egongo ginen horrela korapilatuta. Berak etxe bat zuela esan zidan bat-batean. Nik sentsazio kontrajarriak izan nituen orduan, desioa beldurrarekin borrokan. Haur bat nintzen helduen jokuetan. Berak eskua praketan barrena sartu zidan arte, behatz hotz haien mugimenduek egonezin sugarri batean barneratu ninduten. Momentu horretan ez nintzen musukatzeko gai ere, ezpainak ezpainen kontra bagenituen ere, beherago neukan nik arreta jarria. Ahaztu nuen kale erdian nengoela ere.
Nire 20 urterekin ez nuen esperientziarik joko hauetan. Ordurarte, izan nituen abenturatxoetan musu luzeak bai, baita zirriak ere... baina sentsazio hark antinaturala zirudien. Gaiztakeri bat egiten nenbilela bezala sentitzen nuen, eta horrek gehiago berotzen ninduen.
Bat-batean habian jarri ginen, kale estu batean barrena, elkarri praka azpitatik ipurmasailak helduz. Aitona zahar batekin gurutzatu ginen bidean, begira geratu zen gure pasadizoan, ahoa zabal zabalik gurekin etorri nahi balu bezala, gaztetan izandako gau zororen bat etorriko zitzaion burura akaso. Etxe-azpira heldu ginenen uste baino lehen, leunki musukatu eta jarraitzeko esan zidan eskaileretan gora, begirada ezezagun bat aurpegian zuela. Ni urduri nengoen, baina gozatzeko prest.
Etxe txikia zen, logela bakarrekoa, baina ongi aprobetxatuta zuen lekua. Ingurua aztertzen ari nintzen bitartean berak arropak erantzi zituen eta niri begira geratu zen geldirik, pare bat metro urrunago. Nik ez nekien zer egin, biluztu edo berau musukatu. Baina berehala eten ziren nire barnejardunak, berriro aurreratu zitzaidan. Lurrean etzan ninduen, oinetakoak kendu zizkidan, jertsea eta prakak ondoren, guztia oso poliki egin ere. Bere leuntasunak dardarka jarri ninduen, bere behatzen mugimenduen esperoan bainengoen. Ez dut nire gorputza hain sentikor inoiz ezagutu, beregandik irteten zuen arnasak ere ferekatzen ninduen. Eta han nengoen ni, lurrean etzanda, biluzik, bere eskuak nondik ibiliko ziren zai. Bere ahoa izan zen ordea inoiz sentitu dudan plazerrik handiena eskaini zidana, arimaren sakonetik neure burua harritzerainoko oihuak irten ziren, gozamenaren gozamenaz. Nor esan behar zidan guzti hori sentitzea posible zenik...
Nire onera bueltatu nintzenean bere txerlatxoaren bila joan nintzen zuzen, eskerrak eman nahi nizkion mintzaira modu berean. Lehenengo aldia zen neska baten arrosa beltza dastatzen nuela. Eta bere itsasotik edan nuen, egarri aseezin bat izango banu bezala. Bere ahotik hitz zentzudunik irteten ez bazen ere, bere eskuek jarraitzeko agintzen zioten nire buruari. Zoragarria izan zen nire bitartez pertsona bat plazerrez zoratzen ikustea. Mugitzeko ere indarrik gabe eta ahoa guztiz sikatuta izan arte jarraitu genuen elkar jaten. Ondoren, gorputzak izerditan blai genituela besarkatu ginen hurrengo goizerarte.
Egun argitan, begiak ireki nituenean, neska batekin ohean ikusi nuen neure burua, eta gustura nengoen. Bera esnatu gabe irten nintzen izara artetik, han-hemenka arropak aurkitu eta jantzi ondoren notatxo bat utzi nion ohe ertzean:
Barruraino sartu zara barneratu gabe
eta gozamenaren atea ireki.
Ez dut zure zaporea inoiz ahantziko,
inori ezer esan ezin badiot ere.
Taberna hartako musu horietako bat zuretzat,
bihotzez,
Amaia.
|