|
|
|
Excusatio non petita
Fernando Morillo
Gaizkak tentu handiz igo zituen etxe hartako eskailerak. Hamazazpi urte, sekretu bat. Oso urduri zegoen.
Ezinezkoa zen beti oharkabean pasatzea, bazekien, baina horrek ez zion barruko erruduntasuna samurtzen edonorekin topo egitean.
Agure ezezagun bat agertu zen eskaileretan behera.
—Kaixo —murmurikatu zion Gaizkak—. Xa… Xabierrengana noa.
Agureak labur agurtu zuen. Ez zitzaion axola.
Ate aurrean, betiko erritua. Izerdi hotza eta duda-muda. Gaizkak atea jo zuen azkenean. Isil-kolpe azkar batzuk.
Marian zain zeukan. Berrogeita bost urte, alarguna eta argosea. Gutxi balitz bezala, bere lagun-min Xabierren ama. Egokiera sinesgaitza eta labainkorra.
Marian eta Gaizka: elkarren begirada iheskorrekin abiatu zen malda behera hura. Ustekabeko ukitu bat, besoan. Marianen laztan ia errugabea masailean, izterrean. Gaizkaren takikardiak. Sukaldeko lehen musu ezkutua, lehen fereka goriak ate atzean. Praketako kremailerak jaistearekin batera trabatu ziren osinaren hondoan, itsu eta geraezin.
—Inork ez —xuxurlatzen zion gero Marianek—. Ezin du inork jakin, entzun? Are gutxiago Xabierrek. Inoiz ez!
—Behar zaitut —erantzuten zion Gaizkak, auzia argi utziz.
Eta Gaizkak lurrerantz begiratzen zuen, lotsatuta. Eta Marianek gaztea erakartzen zuen berriro eta, zangalatraba, maitaleen dantza gordinari ekiten zion, garrasi mutuetan, arnasestuka. Marianen besoetan, izterretan, ezpainetan. Gaizka malkorik gabeko negarra egitera iritsi zen. Ezin zuen zergatia ulertu.
—Behar zaitut, Marian.
Marianek ilea laztantzen zion, leun.
—Laster topatuko duzu neskatxaren bat, eta orduan ez didazu begiratu ere egingo.
—Hori ez da sekula gertatuko.
Asteen joanean, urduritasunak, isilgordeak, amarruak.
—Gaizka, hitz egin behar dugu —Marianek—. Asko pentsatu dut: ez da zuzena.
—Baina nik behar zaitut.
—Nahastuta zaude. Uste baino lehenago ahaztuko nauzu, ikusiko duzu. Nerabea zara, eta ni ez. Ezin dizut zeurea dena lapurtu. Ez da zuzena, Gaizka.
Behin betiko, esan zion emakumeak. Finito.
Hiru egunez eutsi zion Gaizkak. Gorputza Marianen gosez; arima gehiago. Ez zen zuzena… Baina zer da zuzena?
Kitto. Marianengana jo zuen.
Denboraldia egin zuen emakumearen eraikineko eskaileretan. Indarrak bildu behar zituen. Elastikoa erantzi zuen, prakak ere bai. Guztiz biluztu zen. Bere burua laztandu zuen hantxe, ate aurrean, Marianen hurbiltasunak piztuta, haren gorputza gogora ekarriz. Behar zituen. Marianen besarkadak, dardarak, eskaerak eta eskaintzak. Marianen begirada. Emakumeak bere falta sentitu behar zuen! Zuzena ez zela? Hor konpon mundua!
Atea joko zuen eta…
Bat-batean, atariko ate-hotsa. Arropa nola-hala jantzi eta beherako bidea hartu zuen, zer egin ez zekiela.
Ilehori altu batekin egin zuen topo, bistaz ezaguna. Bera baino urtebete gaztegoa.
—Aupa! —agurtu zuen ilehoriak. Eta urduri, oso urduri—: Xa… Xabierrengana noa. Gaizkak ez zion erantzun. Ezin zuen.
|