Sarrerakoa
Behe-lainoaren markoa
Literatuzta taldea
Negu luzea izan da aurtengoa. Negu gorria. Egunero, jertsea jertsearen gainean jantzita irten gara kalera. Gauero, manta montoiaren azpian egin dugu lo, hotzarengandik ezkutatu ezinik. Egun motzen ondoren gau izoztuak etorri zaizkigu. Gau beltzen ondoren egun zuriak. Elurteak bat, bi, hiru, lau... Tapa-tapa eginda igaro dugu aurtengo negua, honek amore eman duen arte.
Orain, berriz, bero dator udara. Eta bero gatoz zuregana. Kanpoan erantzi dugu lotsa. Eta hemen gaude iztarrak, bizkarrak, bizarrak agerian. Gure ile kizkurrak eta gure azal zuria. Bai, biluzik gatoz gaurkoan. San Juan sutara botako ditugu arropak; ez ditugu behar. Lasaiago gabiltza horrela. Gustora gabiltza horrela. Askeago.
Paper zimelduak dakartzagu zure buzoira. Paper umelak, orri hezeak. Hizki lizunak eta ortografia lotsagabea. Esan daitekeena, eta ezin esan daitekeena. Goiko lerroetatik behera izerdia erortzen ikusten da, tantaka. Eta hortxe, lerro arteko oheetan, gure gorputzak topatuko dituzu etzanda. Hortxe gagozkizu luze eta zabal. Hortxe gagozkizu zain.
Eta zu, ez beldurtu. Zatoz barrura. Ez dizugu minik egingo. Zuk ere kendu arropak kanpoan, eta sartu; nahita utzi dugu atea zabalik. Hemen badago zure azala ukitu nahi duen eskurik. Zure hatzak behar dituen azalik. Hemen barruan tonaka plazer, milaka hasperen ditugu guregana hurbiltzen denarentzat. Zatoz, ez beldurtu. Badakigu gustatzen zaizula. Irrikitan zaudela. Hemen badago zure desioa neurtu nahi duenik. Laztandu nahi zaituenik.
Eta ez bazara ausartzen, egon lasai. Ez estutu, ez zaitugu behartuko. Nahi izatera, gera zaitezke atetik begira. Egon, guri so, nahi adina denbora. Ziur gaude barrura sartzeko gogoa egingo zaizula. Ez dugu dudarik.
Azkenean, amaitu da herri honetako lehortea. Amaitu dira zalantzak. Bai baina ez-ak eta ez baina bai-ak. Eman diezaiogun mugitu behar hau norbaiti. Oparitu diezazkiogun ezpainak behar dituenari. Zatozte binaka, hirunaka, zatozte hamarnaka. Hau lehertzera doa. Zurekin edo zu gabe. Batera edo aparte. Honek ez du atzerabiderik, hau lehertuko da.
Literatuztak, dardaraka ipini nahi du herri osoa. Irri gozoa atera nahi dio dendari petralari. Hasperenka ipini udaltzain multa zalea. Hasperenka kale garbitzaileak, politiko serioak. Dardaraka ikusi nahi zaituzte guztioi. Dardaraka langileak, okinak, erizainak, bankariak. Dardaraka zuhaitzak, zubiak eta San Inazioren estatua. Busti daitezela izerdiz gure herriko kaleak. Jarri daitezela harlauzak taupada bizian. Bete dadila orgasmoz Azpeitiko plaza.
|