Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  5. zenbakia »  Saxofoi bat labanderian

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Saxofoi bat labanderian

Mikel Aierbe

 

Egunero bezala, labanderiara abiatu da Jean. Pressing deitzen zaie hemen eta batetik bakoitzak bere arropak garbitzeko garbigailuak eta bestetik tintoreria zerbitzuak eskaintzen ditu Jeanek lan egiten duen labanderiak. Bi zerbitzuak batera eginez gero: 19`90 f. Badira bi urte lan honetan hasi zenetik eta egia esan, oraindik ez da aspertu. Berak sarritan esaten duen moduan, “azkenean edozertara ohitzen da bat, baita egunero garbigailuen zarata entzutera ere”

Gaur, asteazkena izanik, ez dabil jende asko. Normalean astelehenak edo astebukaerak izaten dira arropa garbitzeko jendeak aukeratzen dituen egunak eta labanderia lasai antzera dago. Bi edo hiru garbigailu bakarrik ari dira biraka eta horrelakoetan, bestelako zereginak amaitu ondoren Jeanek bere arropa garbitzeko aprobetxatzen du.

Bere garbigailua martxan jarri eta garbigailuarekin batera burua ere biraka hasi zaio. Beti izan da begirada nonbait finkatu eta burua beste nonbait izaten duten horietakoa. Etxeko sukaldean ari denean ere berdin gertatzen zaio, begirada lapikoan iltzatu eta beste egitekorik gabe begira-begira gelditzen da, janaritan etorkizuna asmatuko balu bezala. Labanderian ere sarritan gertatzen zaio hori, bi urte lanean ari bada ere, garbigailuak biraka eta biraka jarraitzen duen bitartean begiak bertan itsatsi eta pentsamendua galdu egiten zaio. Gaurkoan, gainera, badu horretarako arrazoirik, asteazkenetan etortzen baita aspaldian loa ere galarazten dion bezeroa.

Bezero berezia da soilik asteazkenetan etortzen den emakumea. Duela ez asko hasi da labanderiara etortzen baina bere bisitek aztarna sakona utzi dute Jeanengan. Beti erritu bera betetzen du emakumeak: labanderira iritsi, arropak garbigailuan sartu eta txanponen bidez makina martxan jarri ondoren, kalera ateratzen da bertan saxofoia jotzen hasteko. Saxofoia jotzen baitu emakume honek, eta Jeanek ezin du ahaztu ikusi eta entzun zueneko lehenengo aldi hura.

Orduan Jean ez zen konturatu emakumeak esku banatan bi maletaxo zekartzanik, batean arropa zikina eta bestean ongi zaindutako saxofoia. Eta garbigailua martxan jarri eta kalera ateratzen ikusi zuenean begiak emakumearengan iltzatu eta burua urrun joan zitzaion Jeani. Emakumea kalean saxofoia jotzen ikustea gehiegizkoa baitzen egunero garbigailuen zarata besterik entzuten ez zuen Jeanentzat.

Ordutik asteazkenetan bakarrik etorri izan da emakumea eta Jeanek ez du jakiten zer egin bera sartzen ikusten duenean. Bere begiradak nahikoa esaten du ordea, eta emakumeaz ezer ez jakiteak asko urduritzen du Jean. Gutxienez bezero bereziaren arropak ikusterik balu jakingo luke bere arropak bakarrik garbitzen dituen edota tartean beste inorenak ere badiren. Baina orain arte emakumeak bere saxofoi saioa garbigailuarekin batera amaitu izan du eta kaleko txanponak bildu ostean arropa garbiak berriro maletaxoan sartuta, etorritako bidetik itzultzen da.

Eta gaur ere, asteazkenero bezala, zain dago Jean, ea saxofoia jotzen duen emakumea agertuko ote den. Ezin ditu begiak garbigailutik kendu, galderaz betetzen zaio burua: nola jokatu, zer esan, nola begiratu…

Luze gabe konturatuko da ordea, loa galarazten dion emakumea gaur ez datorrela bakarrik. Ondoan beste emakume batekin baizik, eta bakoitzak bere garbigailua martxan jarri ondoren, kanpora ateratzen ikusi ditu biak. Jarraian bata saxofoia jotzen eta bestea biolinarekin laguntzen entzun ditu eta bat-batean Jeanen garbigailua gelditu egin da. Labanderia hutsik dago jada eta bera ere kanpora atera da. Bi emakumeen begiradan eta bien musika jotzeko moduan igarri du Jeanek ez dutela soilik musika konpartitzen, eta berriro pressing barrura sartu da.

Lehenengo lanegunean nagusiak esan zizkion hitzak oroitu ditu Jeanek: “Azken finean, bizitza bera ere garbigailu bat da. Urteen eraginez arropa bezala zikintzen gara gu geu ere eta bizitzako erabaki eta jokabide berrien bidez soilik garbitu gaitezke”. Orduan ez zekien zertaz ari zen baina gaur gustora erantzungo lioke Jeanek “Orban edo zauri batzuk ezin direla inoiz garbitu”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak