Lur gorrian (Kgm)
Itsaso Andres
Ateko pertsianak itxita ikusi ditut gaurkoan
baina nire oroimenean oroitzen dut
azken aldiz bertan afaltzen izan nintzeneko gau hura.
Argiz beteriko jatetxean barneratu nintzen barru hark eramango ninduen bidaia luze hartan
bidaiaria asetzeko lain izango zen mundu hartan gozatzeko, dastatzeko.
Mundu hartan barneratu eta dastatu nituen hark emandakoak,
Txinan bertan izango banintz bezala antzeman nituen hogei mahai eta hogei zerbitzari presaka lanean lau duroren truke,
urtean lau egun jai eta bizitzaz gozatzeko betarik gabe.
Argazkiei begira Txinan banintz bezala lur gorria irudikatu nuen.
Irudimenaren bidaian barrena dastatu nituen Pekinek emandako fruituen zukuak…
Oroimeneko aztarnategia zabaldu eta kondaira amaigabean murgildu naiz;
ikusi ditut kaleetan nazkatzen nauten kartel publizitarioen argi biziak, hiri handiko dorre altuak, etxe partikular itsusiak,
modernitatearen nahasketa kaleetan zehar, jende andana hiriko kaleetan, bizikletak barra-barra,
metroko sartu irtena, zalaparta eta iskanbila non-nahi,
azoka txikiak diruditen dendariak beraien produktuak kalean saltzen,
haur parkeetan jostailurik gabe haurrak jolasean eta irribarrez, pozik, helduak solasean, jokoan edo barruko energiaren soinketak egiten yoga, tai chi, reiki eta antzekoak lantzen.
Zerura begiratu eta arnasari eutsi diot
haizearen dantzan kontaminazioaren laino lodi, mamitsu eta zikina antzeman dudanean.
Izadiaren kontzientzia ezaz
mendi eta inguruetan zentzurik gabeko txikizioek lur jota utzi naute.
Munduko plazarik handienetako batetara iritsi naiz, Tiananmen.
Txinoek guztiz inguratu naute oraingo honetan kuriositatea piztu zaie nonbait eta alboan sumatzen ditu ni ukitu nahian, benetakoa ote naizen egiaztatu nahian, lotsarik ezagutzen ez duten txino hauek nabarmenak direla ere pentsatu dut,
edo agian ni al naiz nabarmena hiri gris eta triste honetan?
Jauregi baten sarreran haizeak astintzen duen bandera gorria ikusi dut,
emakume ezkongaien soinekoaren kolorea,
zorte ona opatzeko kolorea,
kolore txinoa, kolore komunista.
Txinak, mundua inguratzen duen pentsamenduarekin bizi
eta heziketa zorrotz baten ondoren “zergatik?” inoiz galdetuko ez duten txinoak ez ditut ulertzen.
Mundua beraiena balitz bezala,
teknologiaren eta makina aurreratuen sorleku
jakituriaz beteriko kultura eta ohituretan
hamalau mila kilometroko harresiak babesten dituen historia anitz,
milaka kondaira biltzen dituztenak,
geroz eta gehiago diren estatuan lurraren ehuneko hamabosta ereinez bakarrik bizi direnak,
jatekoa ez dela guztientzat iristen
eta bertako agintariek ezikusiarena egiten duten bitartean,
hiriak zaindu eta herri xumeak gosez hiltzen direnean,
haurrak ikusten ditut ispiluaren beste aldean
malkotan umezurtz kaleetan abandonaturik…
Gaurkoan jatetxeko pertsianak itxi dizkidate,
etzi, Kuming-ekin batera itzuliko naiz.
Txinan, Azpeitian bezalako izarrik ba omen dago eta.
|