Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 19,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  5. zenbakia »  Soft-sentimen-war

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Soft-sentimen-war!

Iñaki Olaizola

 

Lurrin tentagarri batek erakarrita, ase beharrez, txinatar jatetxeko mahai inguruan pausatu naiz. Andrea eta ni, ez dago beste inor. Zer ote da bapore pizgarri hori?

Begiak ditu salatzaile andreak. -“Un arroz tres delicias y un pollo con almendras”- esan diot. Ez naiz kortesiazko mintzoen zalea sekula izan.

  • Berehalaxe jauna. Zintzurra bustitzeko zerbait?- liluratu nau ahots korda maitagarriz. Gauza jakina da, euskaldunok sudurra dugula salatari. Euskaraduna da, andrea.
  • Ura.- erantzun diot, ezustekoak eraginiko idortasun pozgarriaz.

Sudurrak erakarri du nire ezker eskua. Ohartu gabe, goitik behera, barrutik kanporainoko errepasoa eman diot. Eta gogoetatik gogoetara jauzika ibili naiz, kezkaturik, lurrin tentagarriaren lorratzen bila, euskaldunon sudurra, estetikoa baino eragileagoa delakoan. Zer eta non ote da bapore pizgarria?

Aurpegia du salatari andreak. -Zoriontsu suma zaitzaket!- entzuteaz batera, afaria mahairatu eta konpainia onaren bila jezarri da.

  • Zoriontsu diozu... zatoz, eta ezagutu nire mundua- gonbidatu nau solasaldira, jabetu da nonbait belarri ederrak ditudala.

Nik, atzera ere, hanka sartu dut. Ez dakit bere begitartearen disimulatzeko abilezia edota bapore pizgarriaren ondoriozko nire begien itsutasuna den erruduna. Kontua da, baduela minik, negar egiteko.

Gertu dut andrea, eta beregan du bapore pizgarria. So egin diot eta...

Txina du ahoan. Txina, bihotzean. Eta, Euskal Herrian da bera.

Lurrun tentagarriak ezin ezkuta dezakeen mundu ilunean barneratu dut muturra. Maitatzeko asko du andreak, maitatua izateko beste. Euskaraz maite du Txina, euskarak maite du txinatarra.

Konturatzerako, afaria hoztu zait, baina epel dut bihotza. Hutsik sabela baina, ase naiz.

  • Andrea! Zoaz hemendik, ez zara hemengoa, ez zara hemen bizi!- oihukatu dut zakar. Txinan duzu zure bizitza, txinatarra zara! -jipoitu dut bere psikologia. Baldarra naiz hitzez, ez sentimenduz, ez intentzioz.

Negarrez busti nau eta jarraian, mahai ingurutik urruntzen ikusi, aterako bidean.

  • Bazoaz?- galdetu dit, babesgabe.
  • Jan gabe ase, askoz hobe!- esan diot, atea zabaldu eta kalean zehar abiatu aurretik.- Orain, ase zaitez zu, ase zure bizitza, bihotza!

Negarra du traidore salataria, andre alai eta galaiak.

Software sentimentala esaten zaio horri. Baporea ez da soluzio.

WAR! WAR! sentimen software! Sentimenduak altxatzean, bakerik ez!

WAR! WAR! Soft-sentimen-war! “Borroka da bidea!” diote sentimenduek.

WAR! WAR! Herrimin sentimenek, ez dute barkatzen!

Euskaraduna da andrea, ez euskalduna.

Eta... badago aldea.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak