|
|
|
Tubal
Urko Egaña
Tubal Bibliako semea izan omen zen iberiar mitologiaren arabera, bertako lehen biztanlea. Bere aitona Noe izan omen zen, Kantauri itsasoan lurrari kolpe egin zion lehen konkistatzailea. Tubal bera izan omen zen, munduaren sorreratik 1800 urtetara eta Dilubio
Handia baino 142 beranduago, Armeniako lurrak utziz, Euskal Herriko lurralde hutsak
betetzeari ekin ziona. Adibidez, berak eraiki omen zituen Bermeo, Tafalla edo Tutera herri-guneak. Bera izan omen zen gure hizkuntza gure lurrotara ekarri zuena. Bera izan omen zen...
Ez dakit hori dena hala izan zen, baina hala diote; hala izan zitekeela. Tira, gauzak ez dira asko aldatu! Orain, Armeniatik ez bada ere, atzerritik etortzen zaizkigu, gure etxeak, kaleak eta orohar, gure herria eraikitzera (gure kulturaren aurkako eraikuntza sistema eratzen dabiltzan atzerritarrak, alegia, eta ez besteak).
Behin edo behin, gure herria, herri izan zen (eta “omen”-ik gabe). Baina aro holozeiko interglaziare baketsu batean, Kantauri itsasoko urek bare-bare jarraitzen zuten bitartean, Tsunami erraldoi batek astindu gintuen. Ebro eta Aturriko urek gainezka egin zuten. Aturri eta Ebroko urek, gure herriaren nukleorako norabidea zeramaten. Ibaiotako ur-korronteek Loiolako Basilika estaltzeko besteko olatuak eragin zituzten. Eta zast! Herri guztia lokatzetan itotzen ari zen bitartean “Franco generalisimo”-aren laguntza
humanitarioa iritsi zitzaigun (ur-korronte erraldoion bultzatzaileetako bat zenbait monarkiarekin batera). Eskertzekoa. Bai jauna!! Itotzen ari zenari itotzen laguntzen zion. Bihotz onekoa bera. Eskertzekoa!! Bere laguntza humanitarioan eginiko euskal-errekolektatxoan bildutako “limosnatxoari” esker, eraikin propioak eraiki zituen. Bere baserriak eraiki zituen, bere baratze eta txorimalo berde eta guzti.
Ordea, eta bere kalterako, beste Tsunami bat iritsi zen, edo zitzaion. Honako ur-korrontea ez zetorren Ebro edo Aturritik. Euskal Herriko beste erreketako urek gainezka egin zuten. Tsunami honetan, urok, kanporakako ekiera hartu zuten. Lokatzez eta odolez eraikitako eraikinak, ur-korronte berri honek eraman ditu. Franko bera ere, han joan zen! Urteek ematen duten ahuleziak eraman omen zuen lur azpira (nik nahiago dut ur-korronteok eraginiko izuaren sustoaz ito zela sinestea!). Bere zenbait kide ere, Loiolako Basilika baino goragoko olatuetan ikusi genituen...
Hor daude ordea, gure herriko etxe zaharren zutabe sendoak. Ez ziren denak
erori! Ez zituzten denak bota!! Berreraiki dezagun gure etxebizitza: zazpi logela, eta denok konpartituko ditugun sukaldea, komuna eta egongela. Eta etxe atarian, geure baratze propioa, etorkizunera begira, hazi berriak landatzen joango garen. Hazia fruitu bihurtzean gure etxea edertuko dutenak!!! Berreraiki dezagun behin betirako behin edo behin izan zen herri hura (eta hau ere “omen”-ik gabe doa)!
|