Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  5. zenbakia »  Hurrengo izkina zeharkatzean, auto zuri bat

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Hurrengo izkina zeharkatzean, auto zuri bat

Fernando Morillo

 

Bizitza? Bihar.

Hurrengo izkinaren itzalaren bueltan.

Lagunekin taberna-zuloetan, hurrengo Martiniaren hondo amestuan, karrera-titulua eskuratzean. Buf.

Lizentziatua (karreran).

Edo gau hartan, Mirarirekin mozkortu eta elkar-korapilatu ginenean. Mirari utzi nuenean. Berak utzi ninduenean.

Auto berria ekartzean (zuria, gihartsua, garestia).

Bigarrenez lizentziatua (kalean).

Ondoren, etxea. Nire lau hormak. Hainbeste ametsen mugarri…

Edo Pilarrekin ezkontzean. Edo seme-alaben etorrerarekin. Txikien lehen hitzak, lehen eskola-egunak. Gurasoen lehen gaupasak txikien lehen gaupasak jasatean.

Txikiak txiki izateari uztean.

Pilarren haserrealdiak. Neureak.

Neure bakardadeak. Pilarrenak.

Lehen ezkutuko maitalearekin. Bigarrenarekin.

Lanaren ohikeriatik itzultzean.

Bizitza erosketen ondoren ailegatuko zen: ohegainekoak, berogailuak, 42”-ko plasma-pantailatzarra (+ Home cinema 5.1, Dolby Digital, Prologic II eta DTS).

Urtarrileko merkealdia. Urtero-urtero. Lehen 50 euro. Gero 20. Orain debalde.

Dibortzioaren ondoren. Edo hurrengo autoarekin (zuria, gihartsua, garestia).

Bizitza hurrengo zerga ordaindutakoan iritsiko zen.

Erretiroan.

Bizitza beti hortxe, ataizean, baso behelainotsuetako otso zelatarien moduan. Ikusezin, baina sumagarri. Edo.

Bizitza auto zuria zen. Gihartsua, garestia.

Hortxe. Ikustear, harrapatzear.

Itzal gehiago eta beste izkina bat.

Azkena.

Hura, izkina hura zeharkatzean…

Baina auto zuria badoa.

Izkina gehiago azken izkinaren bueltan.

Klik (argia itzali eta oihala jaisten da)

Damu-ordua.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak