Ezezkoaren beldur
Eneko Azpitarte
Besoak gurutzatuta lasai dirudizu, baina urduri zaude, norbaiten zain, zerbaiten esperoan; ez zoaz bere bila.
.1874, bere autoa da eta ez zaude oker, okindegian dago, beti bezala, egunero bezala, zuk ere badakizu, hor dago eta maite duzu. Hala ere, ez zoaz bere bila, ezezkoaren beldur zara, ez zara ausartzen.
Baina zuk ere badakizu ez dela etorriko eta denbora ez dela inoren zain egoten eta agian, bihar gaur baino gutxiago gogoratuko dela zutaz.
Ez aurrera, ez atzera, ez dakizu zer egin eta behin zure lagun batek esana etorri zaizu burura;
Bizitza bide bat da, bide arriskutsu eta zoragarri bat
Bizitzaren azken helburua hiltzea da, bizitzaren arrisku bat maitasuna.
Eta maitasuna zer den ezin dut hitzekin azaldu, besterik gabe, sentitu, sentitu eta bizi.
Baina arriskurik gabe bizitzerik ez eta bizi gabe hiltzerik ez, soilik hilda bizi.
Maitasunik gabe ez legoke malkorik, ez legoke irribarrerik
Maitasunik gabe arriskurik ez eta arriskurik gabe maitasunik ez, arrisku eta maitasun gabe bizitzerik ez.
Ez zaude ziur, baina azkenean, zain ez egotea erabaki duzu, denbora galtzen ari zarela eta azkenean erabaki duzula dirudi eta bazoaz.
|