Gaur
Iosu Salegi
Jende artean ibili naiz, inguruari so,
lainotan galduta bezala neure buruaren baitan,
hiriko kaleetan beste guztien artean.
Eszenatoki batetik bestera mugituz,
kanpokoan parte hartu gabe.
Hamalau urteko neska, musu digitalak idazten
plastikotik-plastikora, botoiekin solasean
erabat liluratuta,
eta oinak aurretik beren kabuz bidea irekitzen.
Txiki izanagatik ere dorre ugari eraiki genituen
eta haietan hustu ginen,
bakoitzak bere leihotik ikus zitzan
besteen egunsenti grisak.
Komunikatu gabe,
komunikatu ezina.
Hitzak lasai beharrean, eztarriko amildegitik gora
arrastaka ateratzen direnak,
eta ahoa ireki orduko, paper zirriborro bat bezala,
damututa ezkutatu eta bueltaka ihes egiten dutenak
inori ezer esan gabe, eskurik luzatu gabe.
Barruko poza atera nahi dut, alaiago sentitzen naiz,
gaur behintzat zuen artean.
Kalean nindoala ohartu naiz,
geltokitik zetorren jende haren tartean sartzean,
aurpegietara eta begietara begira,
neure eguneroko mozorro inozoaz.
|