Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 21,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  5. zenbakia »  Opil garestiak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Opil garestiak

Alaitz Olaizola

 

Literatuztaren 2.alean ezagutu genuen Joanes. Eider, bere neska-lagunarekin, mendira joan zeneko hartan. A ze bikotea… Pasarte hartan, Eiderrek Joanes betirako agurtu zuen, harremana eten zuen. Geroztik, Joanes isilik egon da. Ia urte betean ez da etxetik inora atera. Berak dio ez dagoela deprimitua, nazkatuta baino ez. Izan ere, Joanes, Eiderren moduan, berezi xamarra da, gutako bakoitza bezala.

Amarekin bizi den Joanesek, amaren eta telebistaren konpainia baino ez du izan urtebetean.

Gaur, amak goiz esnatu du Joanes. Arrapaladan sartu da bere logelan eta oihuka hasi zaio esaten, Eiderrek deitu duela eta nahi badu, betiko tokian itxoingo diola betiko orduan. Kolpe batez jaiki da Joanes. Urtebete ondoren, dutxatu eta amari musu eman dio. Joanesek ahaztu du nonbait neskak min eman ziola. Joanesek ahaztu egin du, urtea pasatu dela Eider azkenekoz ikusi zuenetik. Joanesi ordea, Eiderrek deitu dio eta kalera joango da, Eider ikusiko du.

(Behin kalean, oso atsegina egin zaion usainaz jabetu da. Ondoan, herrian ireki duten okindegi berria dagoela ikusi eta bertara sartzea erabaki du)

JOANES: Egunon! (Umoretsu. Urtebete pasa du etxean)

(Okina eta bi bezero daude bertan. Mutil gazte bat eta bere amaren ezagun bat. Gaztea izan ezik, beste biak aho bete hortz berari begira geratu dira, isilik)

JOANES: Egunon!

GAZTEA: Baietz ba! Zenbat aldiz esan behar duk? (Petral)

JOANES: Egun ederra duk, ez? Ba, egunon!

GAZTEA: Euria ari dik nazka emateraino eta bi gradu baino ez zeudek. Zer esaten ari haiz?

EMAKUMEA: Barkatu gazte. Mariaren semea zara zu… (Joanesi, erabat harrituta)

GAZTEA: (Ironiaz) JESUS orduan! Ha, ha!

JOANES: Mariaren morroskoa, bai andrea. (Bular aldea altxatuz)

OKINA: Nor? Urte bete etxean pasa duen er… Zera, mutila? (Begiak irten beharrean)

EMAKU.: Horixe bera. (Ahopean) Mendian bakarrik utzi zuten hura. Jesus… mendizale haiek topatu izan ez balute… 3 egun han bakarrik, amildegi ondoan…

GAZTEA: Jode! Santuaz gain gilipollasa!

OKINA: (Gazteari) Aizu gazte, zu ikusi behar egoera horretan, mendian neska-lagunak utzita.

EMAKU.: Hala dio bere amak, mutila erotu zela neska tuntun harekin mendira joan zenetik. (Ahopean okinari)

OKINA: Esan zidan bai, urtebetean ez dela dutxara sartu… EMAKU.: Ez eta atzazalik moztu ere. (Biak Joanesen oinetara begira)

GAZTEA: Jodeeeeee… Eta gainera, zerria. Ha!

OKINA: Etxeko euliekin sekulako hizketaldiak izaten omen ditu…

EMAKU.: Etxean aterkia irekita ibiltzen omen da kanpoan euria egiten duenean!

(Bitartean, gaztea oker-oker eginda dago barrez lehertu beharrean)

JOANES: Poz ematen dit, amak inori gezurrik esan ez diola ikusita.

(Gaztea geroz eta okerrago)

OKINA: (Joanesi) Ene… Ez behintzat gero itzuli emakume horrekin. Nola liteke, sorgina izan behar… (Emakumeari)

EMAKU.: Sorgina? Isildu zaitez! Ama tarrot edo taro edo horietakoekin ibiltzen dena omen da, aizu. (Txutxu-mutxu ederrean)

GAZTEA: Tarrota? Ha! Ha! (Lehertu beharrean) Tarot-a izango da.

OKINA: Ene! (Emakumeari) Ez zioten ba bien artean mutilari orratzak sartzeko kontu hori egingo?

EMAKU.: Igual bai, aizu! (Izu aurpegiarekin)

GAZTEA: (Ironia handiz, serio nahita jarrita, adarra jotzen) Erritu satanikoak egingo dituzte. Gauean, hilerrian… (Emakumeak ikaratzeko ahaleginetan) Uuuu…

(Bi emakumeak garrasi egingo dute)

OKINA: Ikusten? Hilerrian odol arrastoak bilatu dituztela esan zidaten atzo. Bi horiek ziren, oiloren bat hilko zuten. Ai ama! (Eskuak aurpegira eramanda beldurrez)

GAZTEA: Oiloa? Baita zera ere! Gizakia! Ez al duzue entzun ba goiko baserriko mutila desagertu dela? Horra hor non akabatu zuen!

(Bi emakumeak erabat asaldatuta daude, urduri eta garrasika. Joanes, inozo aurpegiaren, hirurei begira, gertatzen ari denaz jabetu gabe)

JOANES: Eiderrek, bere ama zientzialaria zela esan zidan.

GAZTEA: Bai, “ciencias ocultas”.

OKINA: Aizu, ba parte eman behar dugu, gehiagora joan ez dadin.

EMAKU.: (Mugikorra poltsatik ateraz) Bai, bai. Nora deituko dut? Udaletxera edo udaltzainetara? (Oso urduri, telefonoa ezin eutsita)

GAZTEA: Baita zera ere! 112ra. (Barrea ezin eutsita) (Ahopean bi emakumeei) Tssss.. Aizue, zuek hau hemen ondoan daukazue, (Joanes seinalatuz) eta sorginduta badago, badakizue hori batetik bestera aise pasatzen dela, ez?

(Bi emakumeak okindegiko barraren atzera korrika ezkutatuz)

OKINA: Jainkoarren, Jainkoarren! Jainkoak izango al gaitu kontuan!

(Biak aitaren batean)

EMAKU.: Nik bai esan zerbait arraroa sentitzen hasia nengoela.

OKINA: Baietz? Zorabio moduko bat…

GAZTEA: (Serio, adarra joaz) Hori hasiera baino ezta. Gero, hanketako dardara dator… Nik badaukat jada. (Hankak dardaraka jarriz)

EMAKU.: Ai ama! Nik ere badaukat hori! (Telefonoz deika, ahopean oso urduri)**

JOANES: (Okinari) Presa pixka bat badaukat ba. Txokolatezko opil bat nahiko nuke. Gero jarraituko duzue tertulian. (Gizajo. Han esandakoak entzun izango ez balitu bezala)

GAZTEA: (Ahopean, bi emakumeei) Ikusten? Gozo asko jan behar izaten dute deabrua barruan dutenek. Barruan har moduko bat izan ohi dute, gozoz elikatzen dena.

(Bi emakumeak oihuka, alde batetik bestera korrika)

JOANES: Aizu, ez. Bat ez, dozena bat opil nahi ditut. Hainbeste denbora gozorik jan gabe…

GAZTEA: (Emakumeei) Ikusten?

(Emakumeak oihuka)

JOANES: (Oihuekin izututa) Bueno, bueno…Asko bada, ba ekarri dozena erdia. (Dirua poltsikotik atereaz)

(Barrez lehertu beharrean, gaztea okindegitik aterako da, zalaparta hartan, pasteltxo mordo bat poltsikoan sartu eta sosik ordaindu gabe okindegitik alde eginez)

(Anbulantzi zarata entzungo da. Bi gizon zalaparta batean sartuko dira okindegian eta Joanes lotuta eta etzanda aterako dute okindegitik. Anbulantzian sartuko dute eta zalaparta batean han alde egingo dute. Bi emakumeak geratuko dira negar batean okindegi atarian)

OKINA: Ederretik libratu gara!

Eiderrek itxoin egin beharko du…. Ai Joanes, Joanes… Joan nahi eta azkenean, inora JOANEZ!!!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak