Disidentzien aterpea
Literatuzta Taldea
Donostian nintzen, euripean. Herriratuko ninduen autobusa hartu aurretik ordubete nuen. Aterpe baten bila nenbilen, alferrikako ezer kontsumitzera bultzatuko ez ninduen txoko baten bila. Ez ote zen gehiegi eskatzea taberna eta dendaz beteriko kale haientzat. Babestuko ninduen euritakorik ez eta katedralari izkin egin orduko parean nuen lehenengo babeslekuan sartu nintzen bi aldiz pentsatu gabe.
Koldo Mitxelena kulturgunea zen nire aterpea, kultura dosi bat kontsumitzera behartua nengoen. Eskaintzen zuten me-nuaren zerrendan “Disidentziak oro” irakurri nuen, begietan kilima egin zidan. Berau kokatzen zen erakustokira sartu eta ezusteko atsegina hartzea bat izan ziren. Begien aurrean nuena bizipenen bilduma eder bat zen; gure herriaren trantsizio garai esanguratsu batean literatura naiz arte espresabide desberdinez gizartea astindu zuten mugimenduen erakuslehio bat.
Bilboko kaleetan sioux indioez mozorrotuta poetikaren gerra aldarrikatzen ikusi nituen batzuk, maixu zaharraren haize-orraziei koloretako marrak margotzen besteak.
Garaiko balak baino min gehiago egin zezaketen hitzak, gurean inoiz egin izan diren ilustrazio eta aldarrikapen kartelik indartsuenak, eta batez ere, lortu nahi zutenarekiko fede eta gogo bizi baten lekukotza. Entzunak nituen zenbait pasarte eta iritsi zaizkigu gaurko orri prefabrikatuetara egindakoen oihartzun ondarrak, baina ez nuen uste ideia eta letrekiko sinesmenak horrenbesteko lorratzak utzi zituenik iragan laburrean. Jostailu dendaren eskaparateari haurrek eskeintzen dioten arreta berberaz eta enbidia sanoaz gainezka egin nuen erakusketaren ibilbidea, gaztaroa 1972-1982 urteen artean pasatu izan nahia amestuz.
Aterperik egokienera eraman ninduen inondik ere noraezak, euria egiten duen bakoitzean honelako aterpe bat aurkituko banu ehun urteko idortea emango baitzidaten laino bekaiztiek. Baina bidea markaturik utzi dizuet badaezpada eta egunotan aterpe bila bazabiltzate ez pentsa birritan, ez egon Donostian euria noiz egingo zai.
DISIDENTZIAK ORO
Poetikak eta arte ekinbideak euskal trantsizio politikoan
2004ko urriaren 27tik, 2005ko urtarrilaren 8ra
Koldo Mitxelena kulturgunea
Ganbara aretoa, Urdaneta kalea, 9
Donostia
|