Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  4. zenbakia »  Disidentzien aterpea

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Disidentzien aterpea

Literatuzta Taldea

 

Donostian nintzen, euripean. Herriratuko ninduen autobusa hartu aurretik ordubete nuen. Aterpe baten bila nenbilen, alferrikako ezer kontsumitzera bultzatuko ez ninduen txoko baten bila. Ez ote zen gehiegi eskatzea taberna eta dendaz beteriko kale haientzat. Babestuko ninduen euritakorik ez eta katedralari izkin egin orduko parean nuen lehenengo babeslekuan sartu nintzen bi aldiz pentsatu gabe.

Koldo Mitxelena kulturgunea zen nire aterpea, kultura dosi bat kontsumitzera behartua nengoen. Eskaintzen zuten me-nuaren zerrendan “Disidentziak oro” irakurri nuen, begietan kilima egin zidan. Berau kokatzen zen erakustokira sartu eta ezusteko atsegina hartzea bat izan ziren. Begien aurrean nuena bizipenen bilduma eder bat zen; gure herriaren trantsizio garai esanguratsu batean literatura naiz arte espresabide desberdinez gizartea astindu zuten mugimenduen erakuslehio bat.

Bilboko kaleetan sioux indioez mozorrotuta poetikaren gerra aldarrikatzen ikusi nituen batzuk, maixu zaharraren haize-orraziei koloretako marrak margotzen besteak.

Garaiko balak baino min gehiago egin zezaketen hitzak, gurean inoiz egin izan diren ilustrazio eta aldarrikapen kartelik indartsuenak, eta batez ere, lortu nahi zutenarekiko fede eta gogo bizi baten lekukotza. Entzunak nituen zenbait pasarte eta iritsi zaizkigu gaurko orri prefabrikatuetara egindakoen oihartzun ondarrak, baina ez nuen uste ideia eta letrekiko sinesmenak horrenbesteko lorratzak utzi zituenik iragan laburrean. Jostailu dendaren eskaparateari haurrek eskeintzen dioten arreta berberaz eta enbidia sanoaz gainezka egin nuen erakusketaren ibilbidea, gaztaroa 1972-1982 urteen artean pasatu izan nahia amestuz.

Aterperik egokienera eraman ninduen inondik ere noraezak, euria egiten duen bakoitzean honelako aterpe bat aurkituko banu ehun urteko idortea emango baitzidaten laino bekaiztiek. Baina bidea markaturik utzi dizuet badaezpada eta egunotan aterpe bila bazabiltzate ez pentsa birritan, ez egon Donostian euria noiz egingo zai.

DISIDENTZIAK ORO Poetikak eta arte ekinbideak euskal trantsizio politikoan 2004ko urriaren 27tik, 2005ko urtarrilaren 8ra Koldo Mitxelena kulturgunea Ganbara aretoa, Urdaneta kalea, 9 Donostia

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak