Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 20,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  4. zenbakia »  "Paradise Hotel"

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

"Paradise Hotel"

Naiara Altuna

 
 

Annarekin zeukan hitzordua, hiritik kanpo zegoen “Paradise Hotel”-en. Astean behin elkartzen ziren halako leku galdurikoren batean. Munduarengandik ihes egiteko, eta ezkutuan bazen ere, biak bakarrik egoteko.

Beraien harremana, hotza, isila, distantea zen. Izeberg baten modura ustez elkarri gainaldea ikusten zioten; baina horixe, gainaldea besterik ez. Itsaso izoztuak ezkutatzen zituen barrenak misterio iluna ziren. Larru gosea, ordea, bi gorputzen berotasunean gauzatua, gai zen izotz pusketa handienak ere lau pareten xarman murgilduta urtzeko.

Gaua zen eta zeru beltzak ilargi betearen argiari bakarrik uzten zion lekua. Iparraldeko haizea indartsu zebilen hotza zekarkielarik. Gaua malenkoniatsua zen besterik gabe.

Mutilak, pentsamendu automata izango balu bezala, etxetik irten eta kotxea hartu zuen topalekura abiatuz. Hiri grisa atzean utzirik, errepide bakarti batetik ekin zion bidaiari. Bidea zuzena zen. Denbora aurrera eta halako batean bide bazterrean, ezerezaren erdian, etxe zahar bat ikusi zuen. Ez zen oso handia; bai ordea ikusgarria. Teilatuan erdi itsatsirik zituen letra gorri batzuetatik, nekez, “Paradise Hotel” irakur zitekeen. Desertuaren erdian oasi batekin topo egitea bezalakoa zen.

Hotelak ez zeukan itxura onik, baina mutilak ez zeukan estetikan pentsatzen hasteko gogorik. Barrura sartu zen. Bertako gizonari ez hitzik ez begiradarik ez zion eskaini. Dolar batzuk mostradore gainean utzi eta besteak jarrera berdinean giltza batzuk bueltatu zizkion.

Logelaren erdian koltxoi bat aurkitzen zen. Koltxoiaren zuriak nikotinaren horiarengatik galdua zuen kolorea, eskinak erdi puskaturik zituen eta zuloak zeuzkan. Lau paretek denboraren arrastoa zuten margoturik. Komuneko atean idatziak eginda zeuden eta batean “Why?” irakurtzen zen. Baina mutilak ez zuen erreparatu.

Mutila koltxoian eseri egin zen. Etxetik eramandako whiskey botilari trago batzuk eman eta zigarro bat piztu zuen. Etzan eta sabaian argiak itzala egiten zuen. Lausoturik ikus zezakeen hark, ordurako lehenengo zigarro paketea erreta, logela keetuta baitzegoen.

Erlojuaren orratzen tik-tak entzuten zen. Tik-tak! Tik-tak! Tik-tak! Tik-tak!

Whiskey botilari trago bat eman zion beste zigarro bat piztuz. Tik-tak! Tik-tak!.. Anna ez zetorren.

Desesperazioa pixkanaka-pixkanaka barrua jaten ari zitzaion. Tik-tak! Tik-tak! Ez zetorren.

Gaua agonia bilakatzen ari zen eta keetutako logela madarikatua itogarria. Itxaropena geratzen zitzaion, esperantza zuen beste gau batez bazen ere oasi hartan paradisua aurkituko zuela. Alferrik ordea, bide zuzen hark amaierara eraman baitzuen.

Itxaropena behin hilezkorra izan bazen ere, jada hilik zegoen, bera bezala.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak