Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  4. zenbakia »  Welcome to the hotel

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Welcome to the hotel

Mikel Aierbe

 
 

Hau ez nian espero” dio hotela bistaratu orduko. Errepide hauetan ezuste asko ezkutatzen direla pentsatu du, iragan berri duen bainuetxe abandonatua gogoan. Argazki dekadente bat osatzen zuen bainuetxeak, pareta eroriak huntzak estalita, ate eta leiho hautsien hondarrak... “Hotel hau oraindik zutik zegok baina laster, errepideko hotel abandonatua bilakatuko duk”.

Honelako hoteletan zerbitzu eskasa eskaintzen dutela jakin badaki. “Bezeroak ere halamoduzkoak izango dituk, hobe horrelakoekin ez nahastea, ni ez bainauk halamoduzkoa”. Eta egia esateko, izatez, ez da bezero bat ere. Badakielako denbora pasa sartuko dela hotelera, kuriositatez. “Zerbait hartzera” esamoldea berekiko ahoskatuz, zerbait hori zer den gutxitan jakiten duen arren.

Harrera gela den tabernan sartu eta infusio bat hartu du, itxurak mantentzeko; ez baitu nahi inolaz ere hoteleko bezero mozkorti edo errepideko kamiolari zikina denik pentsa dezaten. Azukrea te berdean nahastu orduko hemen ere betikoa egingo duela pentsatu du: “zerbait hartu”.

Urteak daramatza leku guztietan zerbait hartzen, inoiz ez baita jakiten non zer topatu daitekeen. Berak badaki ez dela jokabide zuzena, baina zerbait hartzeko tentazioa bera baino gehiago dela ere ikasi du. Inondik ere, tentazioan erortzea tentazioari aurre egitea baino errazago zaio, eta atseginago. Momentu honi deritzo gozoena, “ zer aurkituko duen jakin gabe zerbait hartzea erabakitzeari”. Berak ez baitu uste gaixo dagoenik, bakoitzak bere maniak dituela baizik.

Eskaileretan gora doa jadanik, bere urratsez ziur baina ingurura diximuluz so eginez. Garrantzitsuena inork zertan dabilen bere buruari ez galdetzea da, bezero bat gehiago dela sinistaraztea. Pasiluan aurrera doa, argi gutxien dagoen 112 gelaren aurrean gelditu eta ateko sarraila abileziaz urratu ostean, barrura sartu da. Beti bezala, inor ez dago logelan, zortea izan du orain arteko lapurretetan eta zortea izan du orain ere. “Afalordua aukeratzeak zerbaitetarako balio dik behintzat!”.

Katu bat bezala mugitzen da logelan, kaxoiak eta armairuak erruz miatuz, baliozko gauzak poltsikoan eta poltsan sartuz, bitxiak, txanponak eta billeteak elkarrekin nahastuz. “Harrigarria da gaur egun oraindik jendeak duen xalotasuna, inozentez beterik zegok mundua”. Egiazki balio askoko gauzak baitaude logelan sakabanaturik, lurrean pilatuta dauden kuadroak ezin eraman baditu ere, bildu duen diru kantitateak bezero hori inolaz ere inozentea ez dela otu baitzaio. Katua bezain ixilik dio bere baitarako: “Arrain ederra duk bezerotxo hau ere...”

Esaldia amaitu aurretik logelako atea irekitzen ikusi du eta izkutatzeko astirik gabe ihesari eman nahi izan dio gizon iritxi berriak erreakzionatu baino lehen. Baina inguratu orduko sekulako muturrekoa jaso eta lurrean ziplo geratu da katua. “Zertan habil, halamoduzko lapur puta hori?” eta ostikoka bizkarra eta burua birrindu dizkio, lurrean odol arrastoak barreiatuz. Jarraian, lurrean dagoenari poltsikoak eta poltsa ebatsi eta nolabait, berea dena berreskuratu du.

Ondoren, lurrekoak nekez arnasa hartzen duela, aitorpenetan hasi da helduberria: “Ez al dakik lapurrok lapurtzat dugula mundu guztia. Horregatik lapurrok ez gaituk inortxoz ere fidatzen, tabernan sartu orduko usaindu diat hire lapur usaina baina heure asmoetan murgilduta, ez haiz besteoz ohartu. Eskaileretan jarraitu eta nire gelan sartzen ikustean, nire ofizioko haserak gogoratu dizkik eta horregatik barkatuko diat oraingoan. Nik ere jipoi baten bitartez ikasi nian lapurrei ez zaiela inoiz lapurtu behar!! ”.

Baina lurrean datzanak ez dio erdirik entzuten, saminez du gorputz osoa eta saminez ere gogoa. “Barkatuko diat” entzun ote duen pentsatu du baina ez dago ziur. Ziur dakien gauza bakarra da, hemendik onik ateratzen bada aurrerantzean tentu handiagoz ibiliko dela da. Eta mendekua hartuko duela pentsatu du, halamoduzko mendekua, lapurtzen duen hurrengo pertsona erruz eta gogoz jipoituko duela zin egin baitio bere buruari.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak