Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 19,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  4. zenbakia »  Ni eta neure burua

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Ni eta neure burua

Eneko Azpitarte

 
 

Ez dakit ziur zergatik, baina neure burua ezagutzeko asmotan edo ihesi joan nintzen, norengandik ihesi nindoan jakin gabe.

Bakardadez estali nuen neure burua, inoren presentziarik gabe. Soilik ni; ni eta neure burua. Ingurura begiratu eta dena berdin, dena ilun. Leihorik gabeko gela itxi hark iluntasunari ere ez zion sartzen uzten, eta ez argi ez ilun nahasturik aurkitu nuen neure burua, zeharo nahasturik.

Ez nekien nora jo, zer egin, asko nuen esateko, baina, inor ez nuen ondoan nire hitzak entzuteko, nire sentimenduak sentitzeko. Soilik lau horma.

Aspertuta nengoen bakarrizketa luzeez, inorentzat ez ziren begidarez edo gelako zutabe bakarra besarkatzeaz. Neure sentimenduak ezagutu nahi nituen, neure sentimenduekin bizi eta hiltzeko, baina ez nuen horretarako bide egokia aukeratu. Hotel zaharkitu hartan isolatu nuen neure burua eta ez nindoan inora.

Bakardadea ez da bide bat, soilik bakardadea. Bakarrik dagoen gauza bakarra. Orduan konturatu nintzen, neure burua ezagutzeko asmotan norbaitengandik ihesi nindoan, neure buruarengandik ihesi alajaina, eta neure burua ezagutzeko beldurrez.

Hala ere, bakarrik egoteak, bakarrik ez nengoela erakutsi zidan, jendez inguraturik gaudenean bakarrik sentitu ohi garen bezalaxe.

Besterik gabe ni neu nintzen eta horrek lasaitu egin ninduen. Ni neu eta zu zeu izatea ez baita gutxi.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak