Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 20,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  4. zenbakia »  Sarrerakoa

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Sarrerakoa

Literatuzta Taldea

 

BIDAIA

Gaua gailendu zaigu gaurkoan ere. Eguzkiak berotzeko gogorik ez eta lan orduak murriztuak ditu aspaldian. Hotza arnasten da kalera irten orduko. Zintzilik dauden argi koloreztatuek zerbait ospatzen dela ematen dute aditzera, nahiz eta inor gutxik gora begiratu, nahiz eta inor gutxik oporraldi honen jatorria bere baitan gogoratu. Zein jatorri?

Errepidean doa Literatuzta, izotz gainean ibiltzeko beldurti, gehiegizko jan-edanekin gogaiturik, eta kalean beste egitekorik ez eta, herriko gabon usainetik ihesi-edo, errepidean doa Literatuzta... ez dakigu nora.

Edozein lekutara iritsi daitekeela diogun arren, erregaia goraino beteta daramagun arren, argi gorriz osaturiko arraia bizidunak baino ez ditugu jarraitzeko, eta txingurriak lez, aurrekoaren pausoak errepikatzen ditugu asfaltoan. Mantu ilun bat baino ez da ikusten leihatilatik bestaldera. Eta lehenengo aldiz etxean, atzean, utzi dugun ohea etorri zaigu burura.

Denbora luzea daramagu irudi bera begi ninietan itsatsirik, eta betazalak kizkurtzen hasi diren honetan, bide ertzean agertu den kartel batek, bidaiarien salbamena bailitzan, ilunaren monotoniatik atera gaitu denok. “Hotela 500 metrotara” zioen txapa puska zaharkituak. Ez du beste daturik eskaintzen, ez telebistarik edo jantokirik duen, ez eta irekita egongo den ere... baina segundo gutxiren bueltan guztiok bidegurutzearen zain gaude. Beso bat eskaini digu errepideak berehala, eta bertan barneratu gara. Asfaltatu gabe dago bidea, baina ordurako, ohe bat baino ez digu eskatzen gure barruak.

Eta hor daukagu hotela, gure begien aurrean. Inguruan ez da beste etxerik ageri. Eskerrak, bestela, nekez antzemango genuke horma gris hauek bila gabiltzan logelen gordailu direla. Ezerezean galdutako eraikin honek Psikosis filma gogoraraziko lieke zenbaiti, edo Asier Serranok idatziriko Hoteleko kontuak liburua. Baina, ordu hauetan beldurra zintzurrean behera irenstea baino ez zaigu gelditzen.

Argi triste bat nabari da sarrera dirudien ate batetik. Autoetatik irten gara denok, eta Hotelaren aurrean lerrokatu, armada bateko kideak lez, asaltorako prest. Luze jo duen momentu batez guztiok geldirik, isilik, leihoko kortina argiztatuei so egon gara. Ondoren, arnasa sakon hartu, sarrerara hurbildu eta atea ireki dugu.

Edonoren ama edo amona izan daitekeen andre txiki batek, gure zain balego bezala, maitekiro sartzeko esan digu. Begirada samur hura ikusita guztiok lasaitu gara.

  • Logelarik ba al dago?
  • Bai emakumea! Gaur bezero asko ditugu gurean, baina ez duzue ohe faltarik izango. Ongi etorri!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak