- Hautsez estalitako kutxan dagoen oroitzapen bat.
Umetan beti uholdeak izaten zirela bizi nintzen auzoan. Ibaiak herrestan zekartzan hildako behiak eta upelak trabatuta geratzen ziren zubiaren barandaren kontra, ezin pasa.
- Maparik gabe galduko zinatekeen leku bat
Mapekin ibili arren leku guztietan galtzen naiz. Bisitatzen ditudan hiri ezezagunetan, beti azaltzen naiz espaloirik ez dagoen auzoren batean.
- Amesgaiztoetan nork egiten dizu ulu?
Ez dakit nor den zehazki. Baina estimatzen diot ulu egitea. Hartara amesgaiztotik esnatzen naiz.
- Ze kolore du zure kaiolak?
Paisajearen kolorea. Horregatik hartzen dut kankatekoa buruan irteten saiatzen naizenero.
- Eta gauak?
Gauak ordenagailuaren pantailako kolore zuria du. Edo parean dudan Atotxako dorrearen griskara urdina. Ordu txikietan piztuta dauden argi horien atzean nor dagoen galdetzen diot askotan nire buruari.
- Zer oihukatzen dute zure psikofoniek?
« Idatzi maite duzun hori »
- Eskuetako marretan etorkizuna igarri dizu azti batek...
Nire hurrengo nobelaren lehen atala irakurri du eta jakinminez galdetu dit bigarrenaren berri. Baina nik beste eskua ezkutatu egin diot, zer gerta ere.
- Zeuk idaztea nahi izango zenuen liburu bat.
Asko daude. Adibidez, Heinrich Böll-en Pailazo baten aburuak edo Bohumil Hrabalen Zorrotz zaindutako trenak.