Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  3. zenbakia »  Itsasokoak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Itsasokoak

Begońa Amezua

  (Literatuzta Taldea)

Begira marinel gazteari lehenengoz portu zaharretik ihesi. Begira zelan ari zaizkion erraietan urtzen aingurak.

Duela gutxi ikus zenezakeen nasatik lasterka Aitarekin zioan ontzia agurtzen, Kaioek hegalak nola mugituz eskua hala.

Gaur ez da moilara inor agertu, Urteak dira ama kaira hurbiltzen ez dela.

Aita arrantzara irteten zenean mundua itsaso bilakatzen zitzaion. Itsasoak ziren ikastolarako bidean topatzen zituen putzuak. Garbiontzian ere bazen itsaso bat. Edalontzian beste ttipiago bat.

Orain ura baizik ez dela inguruan esku zimur bati dago beha: Gesalak sendaturiko hamaika zauriren orbanak eta kea. Julian du alboan zigarro bat erretzen.

“Hara! Amaren begietan ere bada itsaso bat!” harritu zen behin etxera itzuli zenean.

“Aztarna guztiak ezabatzen dizkik, itsasoa hilobi perfektua duk” diotso Julianek ahapeka.

Eta ozeanoak bien aurrean soro urdin bat dirudi.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak