Bidelagun berezia
Naiara Altuna
|
|
(Literatuzta Taldea)
|
|
Neskak bat-batean begiak ireki zituen eta beldurtu egin zen, ez baitzekien non zegoen. Ohe bati loturik zegoen, mugitzen ahalegindu zen baina hanka eta eskuak lotzen zizkioten sokek ez zioten uzten. Mina zuen, mina zuen gorputz guztian. Eta hotzikara bat sentitu zuen.
Kamisoi fin batek besterik ez zion estaltzen gorputz ahul hura. Nekez ikus zezakeen ezer.
Lau pareta zuriren artean aurkitzen zen bere gorputza oheari lotuta. Beldurrez, konturatu zen irteerarik gabeko zulo beltz batean zegoela; bakarrik, ezkutatuta, bahituta, munduarengandik baztertuta, isolatuta...
Handik atera nahi zuen, irten, joan, ihes egin... Baina ezin zuen, ez, ezin zuen.
Ahoa ireki zuen: oihukatu nahi zuen, garrasi egin... aaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaa!... Baina ez zen txintik entzun. Beldurra hezurretaraino sartu zitzaion; hotzez, dardarka hasi zen. Begiak itxi eta etsipenez negarrari eman zion. Ez zuen deus gogoratzen.
Ez zeukan oroitzapenik; ez zen ezertaz oroitzen ez zelako ezer; ezerezean bilakatu zen hutsetik. Ez zuen oroimenik ez eta iraganik. Ez zekien nor zen ezta zer zen ere. Non zegoen bere arima?
Kartzelaturik zegoen bere barnean, bere izatean. Baina non zuen arima? Aurkitu beharra zeukan, bideren bat behar zuen bertara, harengana iristeko. Lehenbailehen, orain, gaur, momentu horretan...
Negar malkotan blai, negar egiteari utzi zion... segundu batzuetan geldi-geldi geratu zen. Azken hasperen labur batez arnasa hartzearei uko egin zion.
Bere bihotzeko taupadak gelditzen hasi ziren eta heriotza bidelagun zuela aurkitu zuen bere arima.
|