Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  3. zenbakia »  Harrizko egunsentia

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Harrizko egunsentia

Fernando Morillo

  (Literatuzta Taldea)

Danik, beltzarana eta argala, harriztatutako irribarrea agertzen zuen. Hortz aski sakabanatuen ordain ankerra. Mutilak, urduri, zetorkion gaua sumatzen zuen. Eta isilik zegoen. Beti bezala.

— Koldarra! —oihukatu zion Laurak—. Koldarra!

Danik neskaren begirada saihestu zuen. Purpura-gorriz, lurrean itsatsi zituen begiak. Lotsaturiko estatua bat zen, hilarri barregarri eta madarikatua.

— Koldarra! —errepikatu zuen Laurak, txistuz zipriztindutako animalia-garrasi batez.

Neskak aitortu berria zion beste norbaitekin —beste edonorekin— izandako amodio-istorioren bat. Berriro ere. Danik ez zuen inondik ezagutzen. Bost axola. Laurak berak ere ez zuen, beharbada, ezagutuko. Danik begiak lurrean aparkaturik jarraitu zuen. Gero eta beltzago ikusiz. Gero eta gauago.

— Zergatik ez duzu erreakzionatzen? —oihukatu zion Laurak—. Esan zerbait behingoz! Kortxo-zainak dituzu, edo zer? Hor zaude beti, niri itsatsita. Baina lapa zara, ez maitale. Entzun? Lapa tamalgarri bat. Banoa. Ez naiz itzuliko —behin bakarrik begiratu zuen atzera—. Beti arte.

Ate-danbatekoak —bortitza, tinkoa— haur babesgabearen soinua zeukan; galtzaileen kafe mingotsarena. Mutilak nola-hala ito zuen zain artean ihes egitear antzeman zuen hasperena. Begiak itxi zituen, indar handiz, eta azken negar-zotin bat ezkutatu zion bere buruari.

Orain, itxarotera. Itzuliko zen. Bazekien Laura itzuliko zela. Neskaren oihuak, paranoiak, ernegaldiak… Besteari jasangaitza egiteraino. Bestea nornahi zela ere. Orduan, bakarrik zegoela ohartuko zen Laura. Eta itzuli egingo zen. Sisiforen harri setatia bezala. Predestinaturiko bumeran geza baten moduan. Eta barkamena eskatuko zion.

— Guztia lehen bezalakoa izatea nahiko nuke —erregutuko zion Laurak—. Barkatu. Beste behin.

Danik irribarre egin zuen adreilu-hortz haiekin. Eguzki izpiak ageri zitzaizkion, berriro ere, hondamendiz ernalduriko laino ilunen hutsarteetan. Laster. Laster zen, beste behin, egunsentia.

Laura itzuliko zen.

Ezta?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak